Erabiliaren erabiliaz, eguneroko komunikazio eta adierazpen tresna bihurtu dira askorentzat Whatsapp sakelako telefonoetako aplikazioaren emotikonoak. Aldartea adierazteko aurpegiak dira ohikoenak, baina emotikono sorta zabala du aplikazioak; tartean, dozenaka bandera.
Estatuetakoak dira gehienak, baina, azken eguneratzeetan, txertatu dituzte estaturik gabeko zenbait herrialderen ikurrak ere. Tartean daude, esaterako, Gales edo Mendebaldeko Saharakoa.
Horien artean ikurrina egon dadin, sinadurak biltzen hasi dira Change.org webgunean. Harkaitz Galarragak abiatu zuen eskea, duela sei egun, eta jada 12.000 pertsonak baino gehiagok bat egin dute eskariarekin.