Bizkaiko Urtxintxa eskolak liburu berezi bat kaleratu berri du: Titiriteroen ipuinak. Balioetan oinarritutako ipuin bilduma bat da, baina ez da hori berezitasun bakarra. Liburuarekin batera, CD bat eta DVD bat eskaintzen dute, ipuinak keinuen hizkuntzan ikusi ahal izateko. Braillez ere idatzi eta jaso dute liburua, itsuek ere irakur dezaten.
Zortzi egileek idatzitako zortzi ipuinek osatzen dute liburua, bi ipuin urtaro bakoitzeko. Bertsolaritzan, literaturan, zineman eta ipuin kontaketan ezagunak dira egileak. Miren Amuriza, Jasone Osoro, Mireia Delgado, Josu Martinez, Juankar Lopez-Mugartza, Uxue Alberdi, Gotzon Barandiaran eta Pako Aristi dira egileak. Nagore Txintxurreta marrazkilariak irudikatu ditu idazleek sortutako istorioak.
Helduak haurrekin elkarrekintzan jarduteko liburua da, haurren eta hezitzaileen arteko euskarazko harremana indartzeko eta irakurtzeko zaletasuna eta balioak sustatzeko. Eta pertsona gorrek ere istorio horiez gozatzeko aukera dute, istoriotxoak keinuen hizkuntzan kontatu eta grabatu baitituzte. Ez hori bakarrik. Liburuko orrialde bakoitzak QR kode bat du, orrialde bakoitzean agertzen den testua sakelakoan edo beste gailu eramangarrietan keinu hizkuntza bidez ikusi ahal izango da. Nahikoa da horretarako gailua kode horretara hurbiltzea. Itsuek eta ikusteko zailtasunak dituztenek ere berdin-berdin gozatu ahal izango dute ipuinez, braillez ere idatzi eta jaso baitituzte. www.urtxintxaeskola.org webgunearen barruan Baliabideak estekan daude eskuragarri, .bra formatuan.
Ipuin bakoitzak bere istorio propioa kontatzen du, baina bada guztiak lotzen dituen ezaugarri bat: istorio guztiak balioetan oinarrituta daude. Era batera edo bestera, ipuinok beti lantzen dituzte parekidetasuna, elkartasuna, kulturen arteko harremana, hizkuntzaren normalizazioa, eta beste hainbat gai.
Ikus daitekeen ipuin sorta
Bizkaiko Urtxintxa eskolak 'Titiriteroen ipuinak' liburua argitaratu berri du. Ipuina keinuen hizkuntzan ikusi ahal izateko DVD bat du liburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu