Iratxe Perez. Simetria Producciones

«Ikusarazi nahi genuen gizonak irtenbidearen parte izan daitezkeela»

BERRIA.
Iñaki Lasa Etura.
2014ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lizarrako festetan sexu erasorik ez egoteko kanpainaren harira, Irtenbidearen parte izan nahi dut bideoa aurkeztu berri dute Lizarrako Berdintasuneko Batzordeak eta Simetria Produccionesek. Gizonezkoek inplikazioa nabarmendu nahi izan dute, eta herriko 64 gizasemek parte hartu dute lanean.

Zergatik egin duzue kanpaina hau?

Lizarrako Berdintasuneko Batzordeak urtero egiten du kanpaina festetan. Bertan, normalean, itsasgarriak, posterrak eta xaflak banatzen dituzte tabernetan. Aurten beste zerbait egin nahi zuten, eta bideo bat inoiz egin ez zutenez, zerbait desberdin aurkeztea bururatu zitzaien, batez ere gizonengan pentsatuta. Bideoaren ideia AEBetan Hollywoodeko hainbat aktorek eta Barack Obama presidenteak egindako batetik hartu dugu: kamerari begira esaldi bat esaten ageri dira.

Egin duzuen bideoan 64 gizon agertzen dira, herritar ezagunak eta herriko erakundeen eta elkarteen ordezkariak guztiak. Zergatik gizonezkoak?

Leloa da Irtenbidearen parte izan nahi dut; gizonezkoen inplikazioa nahi genuen. Erasoaz ari garenean, ez gara bakarrik bortxaketaz ari, maila askoko erasoak daude: jazarpena; emakumeak ezetz esan arren, emakume horri jarraitzea; baimenik gabe ipurdia ukitzea... Horrelakoak maiz gertatzen dira, batez ere jendetza dagoenean. Emakumezkoak ohituta gaude, badakigu hori existitzen dela, eta normaltasun kutsua eman diogula dirudi, festak direnez guztiak balio duela. Gizonezkoak, agian, ez dira konturatzen, lagunen bat ikusten dute, baina ez diote arreta eskaintzen. Horregatik, Ez da barregarria, jazarpena da leloa ere erabiltzen dugu. Gizonezkoak inplikatu nahi ditugu, kontura daitezela arazo bat dela, emakume askoren errealitatea dela, eta beraiek ere errealitate horren soluzioaren parte izan behar dutela. Nola? Ikusten baduzu, saia zaitez eragozten, lagundu, salatu...

Horrelako erasoen inguruan zigorgabetasun handia al dago festetan?

Bai, batez ere, jendetza artean. Jendeak alkohola eta drogak hartu dituenean edozertarako eskubidea daukala dirudi. Akaso, Lizarrako festetan eta herri txikietan ez da hainbeste nabaritzen. Batez ere Iruñeko sanferminetan gertatzen da; ikusi da izugarrizko arazoa dela, askoz jende gehiago dagoelako. Baina ez Iruñean bakarrik, Lizarran, Tafallan, Tuteran... herri guztietan gertatzen da. Urtero norbait bortxatzen dute, eta bestelako eraso horiek oso ohikoak dira. Hitz egiten duzun neska guztiei gertatu zaie horrelakoren bat. Hor arazo bat dagoela erakutsi nahi genuen, eta gizonezkoek horri irtenbidea bilatzeko lagun dezaketela ikusarazi.

Nolako harrera eduki du proiektuak?

Izugarri ona. Hasiera batean 25 parte hartzailerekin osatu nahi genuen bideoa, eta festetako kolektiboei mezu bat igorri genien. Denek eman ziguten baiezkoa, eta beste batzuen telefonoa pasatu ziguten. Guztiek parte hartu nahi izan dute, eta, azkenean, jendea kanpoan utzi egin behar izan dugu, bideoa luzeegia izango zelako bestela.

Asteazkenean aurkeztu zenuten bideoa. Zer moduz joan zen ekitaldia?

Kultur etxean aurkeztu genuen, eta oso harrera ona eduki du: 5.000 bisita izan ditu aste bakarrean. Jendeak sare sozialetan partekatu dutelebistan ikusi da... Oso ondo.

Horrelako kanpainek balio al dute jendearen kontzientzian eragiteko?

Horri, agian, festak amaitzean erantzun beharko nizuke. Hala ere, baietz uste dut nik. Urtero itsasgarriak-eta ikusten dituzu, baina ez duzu jendea kanpainari buruz hizketan entzuten. Oraingoan guztiak ari dira bideoaz, ezagunen bat ikusi dutelako, behinik behin. Jendea kontzeptuarekin geratu da.

Baita beste arrazoi batengatik ere. Lizarran, beste herri askotan bezala, dibertsitate handia dago, hainbat ideia politiko eta kolektibo. Lehenbiziko aldiz, denek parte hartu dute elkarrekin, mezu berarekin, gaztelaniaz eta euskaraz. Sei udal taldeetako zinegotzi guztiek parte hartu dute. Horrez gain, jende ezaguna dago; esaterako, Javi Martinez futbolaria, Pablo Hermoso de Mendoza zaldi gaineko zezenketaria, Iñigo Pascual eta Peio Martinez de Eulate pilotariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.