Sarri entzun eta esan dute donostiarrek beste inon baino hobeto jaten dela bere hirian. Gipuzkoako hiriburua ez ezik, gastronomiaren munduko hiriburu izendatu du batek baino gehiagok. Bada, orain, harro esan dezakete Donostia benetan dela gastronomiaren erdigune. Kursaalak mantal zuria eta sukaldarien burukoa jantzi ditu egunotan San Sebastian Gastronomika jardunaldiak hartzeko. Txapela alde batera bota dute, baina, frantziar erara; Frantziako sukaldaritza omendu baitute aurten.
Ikusmira handia sortu du San Sebastian Gastronomikak, aukera paregabeak ematen dituelako. Batetik, munduko sukaldari onenetako asko gertutik ikusteko aukera ematen du, sukaldean zuzenean nola aritzen direnikusteko parada eta haien hitzaldiak entzutekoa. Bestetik, Kursaaleko areto eta korridoreetan zehar jarri dituzten mahaiak harreman berriak irekitzeko era egokia dira. Banatzaileek bezero berriak bilatzeko aukera ezin hobea dute, jatetxe ugaritako jabe eta langileak bildu direlako Donostiara.
Denetariko mahaiak jarri dituzte, eta jardunaldiko parte hartzaileek jaki ugari dastatzeko aukera dute: itsas-belarrak, gazta, izozkiak, urdaiazpikoa, kroketak... Bertako produktuentzako tartea egin dute, baina, bada produktu exotikoentzako lekua ere. Askorentzat, biltzarrera joateko arrazoi nagusia zen, eta mahai asko jendez gainezka zeuden.
Nazioartean ere ikusmira sortu dute jardunaldiek. Naziotasun anitzeko jendea dago egunotan Kursaalean. Espainiako eta Frantziako sukaldaritza ikasle andana daude, beren idoloak gertutik jarraitzearen zirrararekin. San Sebastian Gastronomikaren dimentsioaren beste erakusleetako bat kazetariak dira. Hainbat kazetari kreditatu dira, munduko txoko desberdinetakoak. Suediatik eta Kanadatik etorritakoak badira, adibidez.
Euskal Herriko sukaldaritzari begirik kendu gabe —baita ere Herrialde Katalanei zeharka begira— , frantziar zapore nabarmena du aurtengo edizioak. Atzo goizean, hitz egitekoak ziren sukaldari guztiak bat izan ezik frantziarrak ziren. Azken unean Emmanuel Renaultek huts egin zuen, eta Bruno Oteiza donostiarrak hartu zuen haren lekua. Hasiera batean Jacques Maximinek bere erakustaldia astelehenean egin behar bazuen ere, azkenean atzo egin zuen, aurreko egunean Donostiara iristeko izandako arazoak medio.
Iñaki Aizpitarte hendaiarrak eman zuen eguneko lehen hitzaldia auditorioan. Pariseko Le Chateaubriand jatetxeko burua «muturreko bistronomiaz» aritu zen. Hitzordua baino hamar minutu beranduago ekin zion hitzaldiari, eta aretoaren hiru laurden bete ziren azaldu zenerako. Guztien aurrean bi plater prestatu zituen. Lehenik eta behin bakailaoa eta porruak hartu zituen. Bakailao flana mihiluarekin prestatu zuen, eta txalo zaparrada batekin amaitu zuen jakia.
Bigarren platera aurkezteko bideo bat jarri zuen, Jerez de la Fronteran (Espainia) egindako oporretan ezagutu zituen aingeru-budinei buruzkoa. Izan ere, asko gustatu zitzaion arrautza gorringoarekin egiten den azkenburukoa. Aizpitarteren bigarren jakiak aingeru-budinen antz handia eduki zuen. Kreditazio egokia zutenek hura dastatzeko aukera izan zuten, dacquoises izeneko azkenburua: merengezko pasteltxoa almendra bat eta gorringo karamelutuarekin.
Aizpitarteren ondoren Jean Sulpicek, Jean Louis Nomicosek, Philippe Millek eta Pierre Gagnairek egin zituzten goizeko erakustaldiak. Gagnaireren hitzaldiaren aurretik, Pau Alborna kazetaria eta kongresuko kidea omendu zuten, aurten hil baita. Une hunkigarria izan zen, eta isil-isilik utzi zuen aretoa.
Arratsaldean euskal sukaldaritzak hartu zuen lekukoa. Zortzi sukaldari gaztek, guztiek batera, aurretik adostutako platera egin zuten. Ondorengo hizlarien artean Martin Berasategi lasartearra eta Albert Adria kataluniarra izan ziren nabarmenenak. Ferran Adria sukaldari ospetsuaren anaia da bigarrena.
Auditorioko hitzaldiez gain, hainbat ekitaldi zeuden atzo. Zenbait sukaldarik tertulia pribatuak eman zituzten, gela txikietan. Dastatzeak eta sukaldariekin batera sukaldatzeko aukera ere egon zen. Bestetik, txapelketetarako lekua egon zen. Sergi Figueras kataluniarra Espainiako ardozain onena izendatu zuten arratsaldean.
Redzepi, gaur
Gaur amaituko da aurtengo San Sebastian Gastronomika. Parte hartzekoak diren hizlarien artean, Rene Rezdepi nabarmentzen da. Danimarkarra munduko sukaldari onena izendatu du Restaurant Magazine aldizkariak, eta sukaldaritzaren ikerketaren inguruan ariko da Paisaia baten exegesia izeneko hitzaldian. Elena Arzak izango du ondoan. Redzepi eta Arzakez gain, hamarretik gora sukaldarik hartuko dute parte auditoriumeko eta gainontzeko aretoetako ekitaldietan.
Gastronomia
Ikusi, dastatu eta gozatu
Frantziako sukaldaritzako ordezkariak izan dira San Sebastian Gastronomikako bigarren jardunaldiko protagonistakRene Rezdepi sukaldari danimarkarrak parte hartuko du gaur Kursaalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu