Naiara Herrero. Mutis por el Foro taldeko zuzendaria

«Ikusleari muturreko egoera batean zer egin behar duen pentsarazi nahi diogu»

Jean Paul Sartreren 'Muertos sin sepultura' antzezlana zuzentzen du, «obra gogorra baina aldi berean polita». Nafarroako Unibertsitateak ikasle taldea aintzat hartzea nahi du: «Alboratuta bezala gaude».

BERRIA.
Donostia
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Naiara Herrero (Gasteiz, 1985) Mutis por el Foro antzerki taldeko zuzendaria da, eta taldeak —Nafarroako Unibertsitateko ikasleak dira— Jean Paul Sartreren Muertos sin sepultura lana antzeztuko du gaur, 20:00etan, Bilboko Arteria Campos Eliseos antzokian.

Antzezlana Bilboko Unibertsitateko I. Antzerki Jaialdiaren barruan dago. Autore fundazioak eta Anima Eskolak antolatu dute, eta sortzear dauden talentu handiak plazaratzeko aukera eman nahi dute jaialdiaren bidez.

Nola sortu zenuten Mutis por el Foro antzerki taldea?

Nafarroako Unibertsitatean, arte antzerkiko talde bat zegoen, baina zuzendaria joan zenean taldea desegin egin zen. Ikasleok proiektuarekin jarraitu nahi genuen, eta 2006an taldea sortu genuen, aurrekoaren jarraipena bazen ere. Oinarri berak ditugu: antzeztu nahi duen oro ongi etorria da, eta ez dugu hautaprobarik egiten. Ni antzezten hasi nintzen, eta esperientzia hartu ahala, antzezlanak zuzentzen hasi nintzen. Ondoren, zuzendariorde izan nintzen, eta duela bi urtetik, zuzendari.

Nola antolatzen duzue taldea?

Oso talde handia gara, 40 eta 60 ikasle bitartekoa. Astean bi saio egiten ditugu, lau bat ordu, ahal dugun bezala. Azkenean, lagun talde bat gara, eta bakoitzak bere inplikazioa dauka. Batzuk denbora-pasa datoz, eta beste batzuek serioago hartzen dugu. Unibertsitateak gu aintzat hartzea nahi dut nik, alboratuta bezala baikaude. Gehiago ibili nahiko genuke, gehiago antzeztu, antzerkiaren kultura sustatu, hainbat lekutan, gazte jendearekin, beste unibertsitateekin elkarlanean...

Antzezlanak aukeratzeko orduan, zertan oinarritzen zarete?

Uda ostean, hainbat proiektu aztertzen dira, eta bost inguru aukeratzen ditugu, pertsonaien eta obraren kalitatearen arabera. Ni obrak irakurtzen aritzen naiz urte osoan, eta beti izaten da bat asko gustatzen zaidana, baina ezinezko horietakoa. Azkenean, horixe aukeratzen dut. Horrelako saltsetan sartzea gustatzen zait, kar-kar. Muertos sin sepultura adibide garbia da.

Antzerkigintzaren egoera nola ikusten duzu?

Iruñean eta Gasteizen mugimendu handia dago. Iruñean, emankizun asko egoten dira, gazteentzako beherapenekin gainera, eta ikastaro eta tailerrak bete egiten dira, izena emateko epea zabaldu eta hamar minutura. Gasteizen ere, antzerki jaialdiak eta antzerki lanen sarrerak berehala bukatzen dira.

Zer plazaratzen duzu?

Antzezlan bakoitza, zuzendari bakoitza, mundu bat da. Antzezlan bateko zati bakoitza, aktore bakoitzak nola hitz egiten duen, nola mugitzen den, eszenografia, musika, argiak... dena ideia bat helarazteko helburuarekin eginda dago, zuzendariak transmititu nahi duenaren arabera. Muertos sin sepultura-n, urrutiago iritsi nahi dugu: ikusleari muturreko egoera batean zer egingo lukeen pentsarazi nahi diogu, nola erreakzionatuko lukeen; gerra egoeran izan daitezkeen hil edo biziko egoeretan sartzea nahi dugu. Nola egongo zinateke askatasun fisikoa urratua bazenu? Ikusleari bizipen hori helarazi nahi diogu.

Zer aurkituko du gaur ikusleak ?

Drama bat da, baina oso ondo idatzia dago, oso ondo pentsatua, Sartreren lan guztiak bezala. Nahiz eta apur bat filosofikoa izan, erraz ikusten da. Barreneko gauza asko mugiarazten ditu, eta asko transmititzen du. Gogorra da, baina aldi berean polita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.