Ikusten ez dena

Ane Muñoz.
2009ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Ikusi-makusi. Zer ikusi? Ikusten dut... mendia laino geruza zuri baten atzean erdi ezkutatuta. Segundo batzuez tinko begiratu ondoren, hamaika berde ezberdinez margotutako zuhaitz, larre eta muinoak bereiztea lortu ahal izan dut. Horien atzean ordea zer dagoen ikusten ez badut ere, jakin badakit itsasoa dagoela, eguraldiak horrela jarraituz gero luzaroan ukitu ezin izango dudan ur masa gazi hotz eta erraldoia.

Ikusi-makusi. Zer ikusi? Ikusten dut... zerua erabat estalita. Ez urdin ez zuri, hor goian dena dago gris, erdi ilun erdi argia. Segundo batzuez tinko begiratu ondoren, zeru estaliaren atzean txori parearen eta hegazkin zaratatsu baten hegaldiak bereiztea lortu ahal izan dut. Grisaren atzean ordea zer dagoen ikusten ez badut ere, jakin badakit eguzkia dagoela, eguraldiak horrela jarraituz gero luzaroan berotuko ez nauen izar bero eta irribarretsua.

Ikusi-makusi. Zer ikusi? Ikusten dut... auzokide zaharra pareko etxeko sotoan sartu eta atearen atzean desagertzen. Segundo batzuez tinko begiratu ondoren, eskuan zeraman plastikozko poltsa zurian porru batzuk bereiztea lortu ahal izan dut. Atearen beste aldean zer dagoen ikusten ez badut ere, jakin badakit etxe horretan gaurko bazkaria porrusalda izango dela.

Ikusi-makusi. Zer ikusi? Ikusten dut... neure burua benetan despistatuta. Asteko zein egun den inondik ikusten ez badut ere, jakin badakit zutabe hau oraintxe bertan bidaltzea dagokidala, eta beraz ez dela osteguna eta ez igandea, umorez hartzea gomendatzen dizuedan astearte berri bat baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.