Hodeirik gabeko zeruari esker, bart ilargia ateratzen edo gaur goizaldean sartzen ikusi ahal izan duenak ikuskizun ederra izan du. Ilusio optiko bat dela eta, normalean ilargia handiagoa ikusten da ostertzean: betea baldin bada, ilusio hori handiagoa da. Eta, atzo bezala, ilargi betea udako solstiziotik hurbil tokatzen bada,itzelezko ilargia ikusten da.
Oraingoan ipar hemisferioko udako solstizioa baino bi egun lehenago atera da ilargi betea. Udako solstizioan eguzkia urte osoko garaiera handienean dagoela esan daiteke, eta ilargia, aldiz, garaiera txikienean. Neguko solstizioan alderantziz gertatzen da. Bada, udako solstizioak areagotu egiten du ilusio optikoa eta sekulako ilargi puska ikusarazten.
Eta, ilusioaz gain, misterioa ere badakar ilargi amandreak. Zergatik ikusten da horren handia? Hainbat ikertzaile saiatu dira argitzen, baina oraindik ez dago guztiak konbentzitu dituen azalpenik. NASAk idatzi du horretaz. Antzinako astronomoek pentsatzen zuten atmosferak handitzen zuela ilargia ostertzean. Baina ez da hala. Hala balitz, argazkietan ere ikusi ahalko zen puztutako ilargia. Baina, ez; berdin du ilargiaren zein goragunetan atera argazkia, satelitearen neurria ez da aldatzen. Dena den, atmosferak badu eraginik: ilargiaren kolorea gorritu egiten du.
HAINBAT BURU, HAINBAT TEORIA. Bi dira NASAk bildutako teoriak, nahiz eta mordoa dagoen. Irudian ikus daiteke bat. Mario Ponzok 1913an aurkitutako ilusioan marrak neurrik berekoak dira, baina azpiko trenbidearengatik goikoa luzeago iruditzen zaigu. Zenbaiten ustez, burmuinak ostertzeko etxe eta zuhaitzak hartzen ditu erreferentziatzat, eta horregatik ikusten da goian baino handiagoa. Baina, dirudienez, 10.000 metroan dabiltzan hegazkin pilotuek ere, zuhaitzik gabe, zenbaitetan handiagoa ikusten dute ilargia.
Zapaldutako zeruaren teoriaren arabera, gure burmuinak zerua bobeda zapal bat bezala ulertzen du. Horregatik, zenitean ikusten dituenak hurbilago ikusten ditu distantzia berean ostertzean daudenak baino.
Misterioa argitu nahian, ilargiari galdetzea da beste aukera bat:
-Ilargi amandrea,
Zeruan zer berri?
-Zeruan berri onak
Orain eta beti
(Jose Migel Barandiaran etnologoak Ataungo eta Ormaiztegiko haurrei kantatzen entzun eta jasotako bertsoa).
Ilargia, betea...
Udako solstizioaren atarian, ilusio optiko bati esker ilargi betea ohi baino askoz ere handiagoa ikusi da bart gauean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu