Bixtruk goitizenaz ezagutua da Bixente Perez (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1993). Aizturrak ilea mozteko erabiltzen ditu, baina baita jendea laguntzeko ere: jendea ongi sentiarazteko. Urteetan herrialde batetik bestera pasatu da, eta mundu batetik bestera: luxuzko ile apaindegietan lan egiten hasi zen, eta orain, ile apaintzaile ibilkaria da. Bere zerbitzuak prezio librean proposatzea erabaki zuen, denentzat eskuragarri izan daitezen.
Ikasketak hemen hasi zenituen, eta, ondotik, anitz mugitu zara, hiri batetik bestera, eta mundu batetik bestera.
Lizeoan artea ikasi ondotik, ile apaintzaile izateko ikasi nuen, hiru urtez. Nintzen eskola aski elitista zen, konkurtso eta lehia anitz bazen; Frantziako lehiaketetan parte hartu behar nuen. Lehiaketak aurkezten zizkigutelarik, erraten ziguten: «Ez zarete hemen parte hartzeko, baina irabazteko»; giroa ez zitzaidan gustatzen. Ondotik, brebeta lortzeko, bi urtez saloi batean lan egin behar nuen; Bordelera [Okzitania] joan nintzen, gama oso altuko ile apaindegi batean aritzera, baldintza txarretan, bistan da. Eta, geroago, Bordeleko beste saloi batek lan eskaintza egin zidan, baina Bruselara joan behar nuela erran zidaten. Gama altutik luxura pasatu nintzen. Nire zerbitzuak 400 eta 500 artean ziren, guti gorabehera.
Nola pasatu zen?
Harrigarria zen. Beste mundu bat zen. Bi urtez egon nintzen, eta biziki berezia izan zen. Belgikako eta munduko aberats handienak orraztatu nituen. Jendea Madrildik edo Dubaitik heldu zen guregana orraztatua izateko. Giro oso zorrotza zen: dena ongi pasatuz gero, ez zen arazorik, baina, detaile bat ez bazen behar bezalakoa, eskandaluak sortzen ziren. Presio handia bazen. Hortik joan nintzen, eta beste proiektu batzuetan parte hartu nuen. COVID-19aren garaian etxera sartu nintzen, Euskal Herrira.
Atzerrira joan zinen, beste arlo bat ikasteko.
Zenbait hilabetez Guadalupera joan nintzen, perma kultura ikastera. Eta, naturalki, aizturrak nirekin hartu nituen, eta bertako jendeari ilea mozten nion, prezio librean. Ondotik, berriz Bruselara joan nintzen ile apaintzaile gisa. Baina nire egiteko moldea arrunt aldatuz. Ez nuen lantoki finkorik. Beraz, ibiltaria nintzen, eta ile idorrarekin orraztatzen nuen. Leku batetik bestera pasatzen nintzen, lekuak okupatuz. Eta, gero, Euskal Herrira itzuli nintzen behin betiko. Eta Belgikan nituen praktikak egiten segitu dut.
Aipatu duzu ilea idor dela mozten duzula. Zergatik? Zer da desberdina ile bustiaren aldean?
Ilearekiko kontaktua desberdina da. Zergatik ilea moztu sekula berriz izanen ez duen forma batekin? Ile kuskuilatua duen norbaiti ilea bustitzen bazaio, ile lisoa ukanen du, eta ez du zentzurik horrela mozteak. Iles bustita, ilearen materia ez da gehiago sentitzen. Eta horrela irakatsia zaigu eskoletan, zailagoa izan arren.
Gaur egun, eskolan irakatsia izan zitzaizun besterik ez duzu aplikatzen?
Bai. Irakaspen oso normatiboa eta bikarioa da. Halako esaldiak erraten zizkiguten etengabe: «Mozketa hau femeninoa da, eta beste mozketa hau, maskulinoa». Irakatsia zaigu emazteentzako mozketak borobilagoa izan behar duela, eta gizonenak karratuagoa. Ez du zentzurik. Hori guztia desagerrarazten saiatu naiz. Eta uste dut horrek jendea anitz laguntzen duela. Gertatu zait intergeneroak, transgeneroak, genero trantsizioan diren bezeroak errezibitzea, beste ile apaindegi batetik kanporatuak izan baitziren. Non kokatu? Zer galdegin? Emazte edo gizon prezioak ordaindu?...
Zure zerbitzua prezio librean proposatzea mistotasun horri lotua da, ezta?
Prezio libreak, alde batetik, modua ematen du nire zerbitzua denentzat eskuragarria izateko, baina baita mistoa izateko ere. Ile apaindegi klasiko batean, emazteek 60 euro ordaindu behar dute orraztatuak izateko; gizonek, ordea, 20 euro, nahiz teknika bera izan. Baina prezio librearekin ere oraindik konplikatua da: emazteek gizonek baino gehiago ematen dute.
Zein dira beste arrazoiak?
Ilearen arta, eta arta orokorrean, oinarrizko duintasun printzipioa da. Artak eskuragarria izan behar luke denentzat. Horrez gain, helburua da jendeari egiazko galdekatze bat sortzea pagamenduari dagokionez. Ordainketa gero eta absurdoago bilakatzen ari da, sakelako telefonoaren bidez ordaintzea, «kontaturik gabe» eta abar. Bizkorragoa eta gogoeta gabekoa bilakatzen ari da. Bezeroak, ordaindu behar didatelarik, deseroso dira. «Jenatuak» direla diote. Beraz, bezeroekin mintzatzen naiz, eta elkarrekin hausnartzen dugu.
Pentsatzen ahal da desabantailak badirela.
Ekonomikoki egonkorra izateko, zaila da. Gainera, ikusten dut jende batek ez duela zintzoki jokatzen, eta baliatzen dela guti pagatzeko, nahiz aberatsak izan. Hori ez zen helburua. Ikusten dut nire publikoa ez dela gehiago prekarioa; gutiago, behintzat. Horregatik, azkenaldian hasi naiz berriz prezio finkoak ematen. Segitzen dut mozketa arrunta prezio librean egiten, baina baditut prezio finkoan diren proposamenak. Bihurgune handia da.
Ile apaintzailearen lanbidea artistikoa da, baina baita sozial arlokoa ere.
Arrunt. Hori ere irakatsia ez zaigun beste aspektu bat da. Gure lanbidea soziala da. Jendearekin lan egitea energia jalea da, eta horretaz babesten ez digute irakasten. Bezeroen psikologoak bilakatzen gara. Energia ematen digute, baina baita kentzen eta xahutzen ere. Beti erraten dut: ilea bidea da, baina gure lehen lanbidea harreman soziala da. Gainera, bezeroa ukitzen dugu, bada harreman fisikoa. Berezia da.
Artearekin harreman estua duzu. Artea zertan da garrantzitsua?
Iruditzen zait artea dela gizakiok uzten dugun aztarna. Bada jakintza, historia, politika, eta artea. Artea ez dut uste beti politikoa denik, baina bide oso ona da. Arteak balio du gauzak errateko. Joko bat bezala hartzen dut. Modarekin, adibidez, egiten dena da sortzea sortzeagatik. Irudia sortzea irudia sortzeagatik. Ez du beti jomuga berezirik.
LOTSABAKO
Inspiratu zaituen norbait?
Otto. Ile apaintzailea zen.Orraztatzeko, ile motza ala laburra?
Teknikari begira, ile motza dibertigarriago da. Baina ilea maite dudanez, ile luzea.Ilea mozteko tresna bat? Aizturrak.