Baionako bestak

Ilusioa, beti

Osteguna haurrei eskaini diete Baionako bestek aurten ere; entzierro txiki, danborrada edo beste, izan dute zer gozaZinezko arrakasta lortu du egunak, karrikak eta plazak hertsiegiak bilakatzeraino

Haurren eguna Ziganteen dantza eta haurren danborradarekin hasten da, haur guztien pozgarri. N.A.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Mainak orain badaki Leon erregea ez datorrela espresuki eguerdi guztiz Baionako herriko etxeko balkoira, balkoi pean daudenek oihukatu eta iratzar dezaten. Duela zenbait egun Baionako bestak hastear zirela, erridauen gibelean gorderik ikusi zuen errege panpina. Gaizki gordea. Zazpi urte izanen ditu laster Mainak. Arrazoiaren urtea, eta nahiz eta betidanik jakin erregea ez dela egiazkoa, ilusio zenbait bazituen oraino. Baina orain badaki ilusioek beren trukoak badituztela, badakien bezala Bizarzuri ez dela existitzen, ez eta hortzaren bila datorren Sagu Txikia. Gurasoei galdegiteraino: «Baduzue beste horrelakorik?», eta gurasoek, ezetz, beste gezurrik ez diotela nehoiz erran. Dudak argiturik, horrek ez dizkio ilusio guztiak kendu. Eta hor dago aurten ere Maina, Leon erregea iratzartzeko prest. Eta ez da bakarra

Herriko etxe behereko plaza bete betea da. Ezin ibili. Guraso eta haur guztiak tinki tinki, «Leon! Leon!» oihukatzen. Urtero antzerki bera da, eta urtero funtzionatzen du berdin-berdin. Erridauak tiratu eta Leon erregea agertzerakoan, haurren oihuak lekuko. Efektu bera hauteman daiteke Entzierro Txikian. Kartoizkoak dira zezenak. Eta hauek eramaten dituztenak ez dira gordetzen, hor daude, agerian.

Joko bat dela badakite haurrek, baina berdin dio. Jostatzeko nahiarekin etorriak dira Lapurdiko hiriburura, eta indar guztiak emateko prest dira eguna ahal bezain ongi pasatzeko. Irriz eta zozokeriak egiten. Zezena hunki, adarra atxiki, irri karkailak eta harrotasuna sortzen duten jestuak. Eta ilusioa kutsagarria da. Hor dago Entzierro Txikiaren antolatzaile den Baionako Eskiatzaileen elkarteko Mari Karmen Etxebest. Entzierroaren segurtasunaz arduratzen da, haurrei bizkarreko berdeak banatuz. Irriz ari da beti: «Haurrak maite ditut». Entzierroa existitzen denetik parte hartzen dute honen antolakuntzan: «Elkarte gisa, Herriko Etxetik diru laguntza bat jasotzen duzularik animazio bat egin beharra duzu bestetan». Plazer edo behar, beharra plazer bilakarazia du, hasteko, Etxebestek.

Gurasoak ere hor daude, irria zizelkatua. Irria eta argazki tresna. Haurrak ezker eta eskuin ari direla beti josteta eta irriz, gurasoak argazki tresnarekin memento guztiak atxiki nahian dabiltza. Iduriz eta denbora lasterregi doan, gelditu nahian edo. Eta argazki tresnak urtez urte, gero eta handiago, profesionalenak desafiatzeko modukoak. Eta haurrak, pozik. Argazkiak gora, argazkiak behera, usaia hartua dute eta badakite alegia egiten, badakiten bezala argazkirako behar den irria ateratzen. Beste joko bat, ororen buru.

Jokoz joko, konfetiak eta hari fin eta koloretsuak jendeen gainera botatzeko aukera ematen duen atomizagailuak segitzen dute izaten jokoen arteko gustukoenak, urtero bezala.

Badira ere joko antolatuagoak. Haurren Danborrada horretan sartu daiteke. Besteak izeneko elkarteak antolatzen du. Berez, sukaldaritza ikastaroak ematen ditu elkarteak. Astero 60 haur biltzen ditu urte osoan danborrak eta upel gisako instrumentuak erabiltzen irakasteko. Soinu apalak eta zorrotzak nahasiz, danborrada, haurrak bestako aktore bilakatzeko aitzakia dela dio elkarteko kide den Yves Casterak: «Baionako bestak haiekin partekatzeko gisan. Une sinbolikoa bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.