Ilusioa sortzen den lekua

Arabako 2.700 ikaslek baino gehiagok Enric Magoo magoaren 'Ilusio asmatzailea' ikuskizunaz gozatuko dute, besteren artean, Magialdiaren barruan eskainiko dituzten dozenaka ekimenetan.

Haurrei barre eginarazi zien atzoko emanaldian Enric Magoo magoak. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Non sortzen dira eskujokoak? Nork asmatzen ditu magoek erabiltzen dituzten objektuak? Galdera horietan oinarrituta dagoen ikuskizun bat ematen ari da egunotan Enric Magoo: Ilusio asmatzailea. Arabako ikasleei ari da eskaintzen, Magialdiaren barnean. Iragan astelehenetik datorren asteartera arte 5 eta 8 urte arteko 2.700 ikasle baino gehiago igaroko dira Lakua auzoko Federico Garcia Lorca antzokitik, antzerkia eta magia uztartzen dituen ikuskizun horrekin gozatzeko. Zur eta lur gelditzeko. Ilusioa sortzen den tokia ezagutzeko.

Parez pare zabalik zeuden antzokiko ateak atzo goizeko bederatziak aldera. Magia tailer bat zegoen zain ateen beste aldean, San Martin, Divino Maestro eta Nuestra Señora de las Mercedes ikastetxeetako ikasleak heltzeko zain. Lekuak eskatzen zuen moduan heldu ziren ikasleak: irribarretsu, urduri, ikusminez... Zalaparta polita sortu zuten aretoan bildutako 170 haurrek, baina, goizeko lehen magia trikimailua balitz bezala, argiak itzali ahala isiltasuna heldu zen.

Magia tailerraren jabe Gargot irakaslea igo zen taulara lehenik, eta magiaren funtsa irakatsi zien bildutakoei, trikimailu motak: agerpenak, desagerpenak, eraldaketak, objektuen hegaldiak, igarpenak... «Igarpenak zuen gurasoek egiten dituztenak dira; beti dakite zer duzuen buruan une bakoitzean».

Trikimailu mota bakoitzeko adibideak jarri zituen, ikusleen barre eta txalo artean, eta zenbait asmakizun aurkeztu zituen baita ere: aterki bidaiaria, uztai erraldoiak, aerosola objektu handiek hegan egin dezaten... baita azken orduko sorpresaren bat ere. Mago batek behar dituen tresnak dira horiek, eta Mack Handiak Gargot irakaslearen lekukoa hartu zuen taula gainean objektu horien magia ateratzeko.

Zur eta lur gelditu ziren ikusleak trikimailu guztiekin, eta Mack Handiak parte hartzeko eskatu zienean, guztiek jaso zuten besoa. Asier eta Izaskun aukeratu zituen, eta zuzenean parte hartu zuten goiz horretan amestu ere ezin zituzten gauzetan. Hori guztia, ordea, tailer barruan geratu zen, Gargot irakasleak magiaren sekretua gordetzeko eskatu baitzien bertan bildutakoei. «Ezin diogu inori esan? Ezta gurasoei ere?», galdetu zuten ikasle batzuek etxerako bidean.

Txoko beste ikuskizun

Lanegunetako goizak ikasleentzat diren arren, arratsaldetan magia hiriguneko txoko askotara zabaltzen ari da Magialdiaren egun guztietan. Ekitaldi handienak asteburuan izango diren arren, lanegunetan ere ez da girorik faltako. Artium museoaren aurrean Katia gorputzik gabeko emakumea eta Aceves irakaslea daude egunotan, baita 12 urtera arteko umeentzako magia tailerrak ere, Andre Mari Zuriaren Plazan.

Magia Alde Zaharreko txoko esanguratsuetara ere heldu da. Bibat museoan, Kordoi Etxean eta Ortzai Antzerki eta Zinema Laborategian egunero hiru magok ordu erdiko ikuskizunak eskainiko dituzte gaur arte, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Ikuskizun hori bukatu arren, bihar 19:30etik aurrera hiriguneko hamahiru dendatako erakusleihoetan beste horrenbeste magok euren trebezia erakutsiko dute. Jendearen ikusmina pizteaz gain, sari garrantzitsu bat lortzeko lehiatuko dira: azken eguneko itxiera ekitaldian parte hartuko dute lau onenek.

Horrez gain, hitzaldiak eta magoentzako azoka egongo dira Europa jauregian. Txoko hori, ordea, magoentzat baino ez da izango. Gargot irakasleak esan zuen bezala, magiaren sekretua ondo gorde behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.