Mendi ibilaldia

Imotz bailaran, Erga eta Zarranzmendi

Imotz bailaran, Erga eta Zarranzmendi.
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Zarrantz, Erga, Zarranzmendi, Imotz
  • Distantzia: 13 km.
  • Iraupena: 4 ordu.
  • Ingurunea: Uren banalerrotik hegoaldera egonagatik, pagadiz beteriko bailara heze eta berdean murgilduko gara.
  • Estekak: Ibilbidea
ASIER AGIRRESAROBE – MUSKILDA TELLABIDE
2007ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Nafarroako iparraldeko isurialde mediterranearrean, bailara atlantikoen aurrekari diren hainbat bailara daude; horiek ez bezalakoak dira, ordea, ez hain malkartsu eta bihurriak, pagadiz estaliriko mendi biribilduak larre berde zabalekin tartekatzen baitira. Ultzama, Basaburua, Atetz eta Imotz dira horietako batzuk. Azken bailara horren hegoaldean daude Erga eta Zarranzmendi tontorrak, hegoaldeko Arakil eta Itza udalerriekin muga egiten dutenak, eta euskararen muga bere magaletan gordetzen dutenak.

Iruñeko merindadean izaki, zortzi herri eta udalerri bakarrez osatuta dago bailara: Etxaleku (herriburua), Eraso, Goldaratz, Latsasa, Muskitz, Oskotz, Urritza eta Zarrantz. Guztiek Larraun ibaira isurtzen dituzte urak; Arakilera doaz ondoren, hark Argara eraman ditzan; eta haren bidez iristen dira Ebrora eta, bidaia luzearen ondoren, Mediterraneora.

2006ko datuen arabera, 427 biztanle baziren udalerrian erroldatuak; guztietan txikiena den herria, Zarrantz, izango duzue ibilbide honetako abiagunea. Asteburu eta uda sasoian biztanle gehiago erakarri arren, apenas gainditzen dute dozena bat laguneko biztanle kopurua bertako hiruzpalau familiatako bizilagun iraunkorrek. Eraikin gutxi batzuek --San Migel eliza xumearen inguruan bildurik--, iturriek eta plazak --txikia hori ere--, osatzen dute herrigunea, izen bereko mendiaren ipar mazelean (665 m).

Eraso herritik horra eraman zaituzten errepidean behera egin behar dituzue lehen urratsak, harik eta lehen bihurgune itxira heldu arte. Hor asfaltoa utzi eta mendiez haraindi dagoen Zia herrirako bide zaharrari eutsi, eta berehala topatuko duzuen bidebanatzean, eskuinekotik jo. Zertxobait behera egingo du bideak, errekastoa gurutzatu eta ganaduari jatekoa emateko erabiltzen duten aska bitxi batzuk atzean utzi ondoren, pagadi eremuan barneratuko da (600 m). Zarranzmendi eta Erga gainak lotzen dituen tontorra inguratzen du bideak, apur bat gora eginez, eta azken zatian estutuz. Burdinazko langa gainditu eta lepo batera iritsiko zarete, bidegurutze batera (645 m). Hortxe, Itza eta Imotz udalerrien arteko alanbre hesiaren ondotik gora doan zidorretik segi behar duzue, baina berau gurutzatzera iritsi gabe. Une batean pagadi arteko zidor lausoak bihurgunea eman eta kontrako norabidean jarraituko du, gutxira pista batekin bat egiteko. Pistan gora laster zarete muinoaren gainaldean, ehiztari aterpe zatar baten aurrean (720 m). Zertxobait behera egin, eta mendi-lepoan burdinazko gurutze handi batekin topo egingo duzue (715 m). Erasotik Malaungo bailaratxoan gora datorren bidea elkartuko zaigu hor, guztiek batera Erga mendi puskaren azken maldei ekiteko.

Bidegurutzean eskuineko bidetik gora Aginagatik Trinitateko ermitara igotzen den pista zabal eta malkartsuarekin egingo duzue bat. Hortik gora erraza duzue, pistari jarraitzea besterik ez; hori bai, malkartsua denez patxadaz eta inguruaz gozatuz igotzea duzue egeokien, eta bide batez, Imotz bailararen gain ikuspegi zabalaz gozatu, merezi du eta. Arnasestuka bada ere malda luzeen ondoren helduko zarete Trinitateko baselizara (1.010 m). Burdinazko atetxotik igaro eta baseliza aurreko plazatxoan zarete, amildegitik babesteko harri hesiz inguraturik. Haitz batean gainaldean dagoenez, eremu zabala du ikusmenenean, Irurtzungo herria behean, eta mendi artean mehartutako Arakil nahiz Sakana bailarak dira nabarmentzekoak. Haren ondoan beste eraikin bat, garai batean ermitauaren etxea izandakoa, egun aterpe moduan erabilia, biak ala biak mendizalearentzat itxiak.

Baina ez zaitezte hor gera, tontorreko ikuspegia are zabalagoa baita. Bide zabal eta nabarmenetik aise egingo dituzue gailurrerako geratzen zaizkizuen metroak (1.088 m). Ordoki belartsua topatuko duzue han, goian, eta nola ez, buzoi eta erpin geodesikoak ez dute hutsik egingo. Ikuspegia, itzela, edonora begiratuta ere: Aralar, Beriain eta Satrustegi batetik, Oskia eta Axitarteko igarobideak oinean, Iruñerria urrunean; eta Imotz, Atetz nahiz Basaburua bestetik. Jaso burua beraz, eta zabaldu begiak!

Igotako bide bera erabiliz, Zarrantzera itzulita (665 m), herri gainean nabarmentzen den izen bereko tontorrera egin dezakezue joan-etorria. Horretarako, herriaren goialdean, Apezetxea izeneko etxe ondotik kanposanturaino doan bidea hartu beharra duzue. Justu hara iritsi aurretik, ordea, eskuinetik abiatzen den bidetik gora jo. Mendi-bizkarrean zaudetela, kairn edo harri pila batek adieraziko dizue pagadipean jarraitu beharreko zidorra. Orbel artean, halere, nekez nabarituko duzue biderik; baina bizkarrean gora egin, txondorplazak lotzen dituzten hainbat bide zahar zeharkatu eta, azken metro samurragoen ostean, ailegatuko zarete tontorrera (888 m). Hala zaudetela jakinaraziko dizue tontorreko perretxikoak. Zuhaiztiak, tamalez, ez dizue utziko ikuspegiaz gozatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.