Urtero legez, koloretsuak izango dira aurtengo inauteriak ere, baina antolaketa lanetan trabak izan dituztela salatu dute Bilboko konpartsek. Izan ere, martxoaren 6an Plaza Barrian egitekoak ziren babarrun, ogi txigortu eta pontxe lehiaketak bertan behera utzi behar izan dituzte; konpartsek diotenez, udalak baimenik eman ez dielako. Horregatik, lehiaketan parte hartzeko etxetik eginda eraman beharko dira babarrunak, pontxea eta ogi txigortua.
Udalak, berriz, ezeztatu egin du ekitaldi horiek debekatu izana, eta bi arrazoi eman ditu lehiaketa horiek Plaza Barrian ez egiteko: batetik, «ahal dela ez dira egiten gastronomia lehiaketak Plaza Barrian, interes kulturaleko eremu bat ez zikintzeko». Eta, bestetik, lehiaketak bukatuko direnetik haurrentzako karpa ireki bitartean plaza garbitzeko astirik ez dagoela adierazi du. Udalak ohar bidez azaldu duenez, Bilboko konpartsek lehiaketa horiek beste toki batean egiteko eskatu zain dago.
Debekuak debeku, aurtengo inauteriak martxoaren 3tik 8ra ospatuko dira Bilboko kaleetan, eta trapu zaharra ekitaldiarekin hasiko dira, datorren ostegunean. Ostiralean, Farolin eta Zaranbolasen epaiketa egingo dute, aurten Itziar Lazkano eta Maribel Salasek ordezkatuta, hurrenez hurren. Zapatuan, mozorroen jaitsiera egingo dute Hurtado Ametzagatik behera, eta bidean Gose eta Bunpada Sound musika taldeek giroa alaituko dute, eta Hortzmuga antzerki taldeak 12 K haurrentzako lana eskainiko du. Horretaz gain, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ere parte hartuko dute sei haurrekin batera. Zotz eginda aukeratuko dituzte gaztetxoak, eta Irrien Lagunak aldizkariaren hurrengo alean aterako dira pailazoen aldamenean. Desfilearen amaieran, berriz, mozorrorik onenaren lehiaketa egingo dute.
Bilboko Aratusteak sardinaren ehorzketarekin amaituko dira, martxoaren 8an.
Donostiako inauteriak
Hainbat ekitaldi prestatu dituzte Donostian inauteriak ospatzeko. Asteburuan izango dira ekitaldi nagusiak, hirigunean. Jaiak martxoaren 3tik 7ra bitartean iraungo badu ere, Altzan Piñata Igandea ospatuko dute hilaren 13an.
Konpartsa eta karrozen lehiaketa larunbatean eta igandean ikusi ahalko da, 17:00etan. Bulebarretik abiatu, hirigunean zirkuitu itxia egin, eta Bulebarrean amaituko dute. Igandean, haur desfilea izango da, 11:30ean.
Imanol Coira izango da aurtengo Momo jainkoa. Ziortza Cabada, Edier Cerrato eta Oier Alvarezek osatuko dute haren lagun taldea.
Mozorro lehiaketa ibiltaria egingo dute hilaren 5ean, larunbatean, 20:00etan. DJ Heladero eta haren animatzaile taldearenmusika eta dantzarekin Bulebarreko eta Parte Zaharreko kaleak girotuko dituzte.
Astelehenean ekingo diote sardinaren ehorzketaren desfileari, 19:30ean, Bilbo plazan. Salda eta txorizo egosiarekin emango diete amaiera aurtengo inauteriei Donostian.
Inauterien antolakuntzan trabak salatu dituzte Bilboko konpartsek
Gose eta Bunpada Sound taldeen doinuek girotuko dute larunbateko mozorroen jaitsiera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu