Donostiako Aste Nagusia. Kanoikada

Indartsu abiatu da Aste Nagusia

Eguraldia lagun, udaletxe inguruak jendez lehertu beharrean izan dira Luis Mokoroa artillariak kanoikada berezia bota dueneanBoluntarioek abesturiko 'Artillero' kantuak eman dio hasiera astebeteko Aste Nagusiari

Festak hasi eta berehala, giroa Alderdi Ederretik Boulevardera zabaldu zen. Irudian, bertako eszenatokian emandako lehen kontzertua. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2013ko abuztuaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ikusle bakar bat gehiago ere kabitzen ez zela hartu zuen atzo Donostiako Alderdi Ederrek aurtengo kanoikada. Zalantzarik gabe, aspaldiko urteetako kanoikadarik bereziena. Eguraldia lagun, jende andana bildu zen udaletxearen aurrean aste nagusiari ongi etorria emateko. Donostia suntsitu zutela bigarren mendeurrena dela eta, ezohiko kanoikada batek abiarazi zituen jaiak. Hain zuzen ere, Napoleonen garaiko kanoi baten zain egon ziren donostiar denak —hainbat gerratan erabili ondoren urte luzez Kontxako badian hondoratuta egon da kanoia—. 19:00etan puntuan, sekulako danbatekoa eragin zuen, eta orduantxe lehertu zen festa. Datorren larunbatera bitarte, izango da zer ikusia eta zer gozatua Gipuzkoako hiriburuan.

Donostiarrak, baina, ez daude datozen egunei begira. Atzoko kanoikadatik bertatik sumatzen zen festarako gogoa. Ekitaldi nagusia 19:00etan izan bazen ere, lehenago aise entzun zitekeen musika doinurik. Arratsaldeko seiak inguruan hasita, lau txaranga talde ibili ziren kaleetan barrena: Los Bebes de la Bulla, Los Pasai, Taupada Batukada eta The Joselontxo's. Hiriaren erdiguneko puntu desberdinetatik abiatu ziren lau talde horiek, eta 19:00ak baino lehen Alderdi Ederren ziren, inguruan jende mordoa hartuta. Ordurako leporaino beterik zegoen udaletxe aurrea, baina inor ez zen geratu toki faltan.

Arratsaldeko zazpiak gerturatu ahala gero eta nabarmenagoa zen tentsioa. Protagonista nagusien artean, batez ere. Urte guztian boluntario lanetan aritzen direnek izan zuten Artillero abesteko ardura, udaleko hainbat zinegotzirekin batera, eta kantari onenen moduan aritu ziren. 50 bat lagun bildu ziren oholtzan, eta, hasierako urduritasunak albo batera utzita, dantzatzen ere ausartu ziren batzuk. Mikrofonoetatik aldenduta ibili ziren, Jose Luis Astigarraga buru zela.

Hain zuzen ere, gustura eta harro agertu zen Astigarraga ekitaldiaren amaieran: «Ez pentsa entsegurik egin gabe irten garenik oholtza gainera, baina urduritasuna bagenuen barruan. Zorionez, dena bikain joan da. Ohore bat izan da Artillero abestea». Kantatzen hastean eztarrian halako korapilo bat bazutela aitortu zuen Astigarragak, baina amaierarako gozatu egin zutela.

«Bikaina izan da»

Bada, abestia amaitu bezain laster lehertu zuten kanoia. Donostiarren artean isiltasuna nagusi zela bota zuen kanoikada Luis Mokoroa artillari nagusiak. Inguruan kazetariak, argazkilariak, antolatzaileak, gainerako artillariak eta abar bildu zitzaizkion Mokoroari une garrantzitsu horretan, baina, urteroko gisan, ez zuen inolako arazorik izan metxa pizteko. Kanoia lehertzearekin bat, saltoak eta oihuak nagusitu ziren ikusleen artean, eta bertan zegoen batukada talde batek alaitu zuen giroa. Jendea jai giroan murgilduta zegoela, beste bi kanoikada ere bota zituzten.

Halaxe amaitu zen ekitaldi nagusia. Herritarrak Alderdi Ederretik urruntzen hasi ziren pixkanaka-pixkanaka; bien bitartean, kanoikadaren balorazio azkar bat egin zuen Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak. Ezpainetan nabari zitzaion gustura zegoela. «Eguraldiak lagundu digu, eta ikusi da jendeak bikain erantzun duela. Donostiako Aste Nagusiak etorkizun oparoa dauka ziurtatuta. Kanoikadaren momentua asko gustatu zait, eta gozatu egin dut», azaldu zuen. Boluntarioentzako ere izan zituen hitz batzuk: «Boluntarioak gabe ezingo genuke ez aste nagusirik ez bestelako jairik antolatu. Ohore hutsa da Donostiak eurak bezalako jendea edukitzea».

Eta, boluntarioek atzo festa giroa izan bazuten ere, izango dute zer eginik datozen egunetan. Denetariko ekitaldiak nagusituko dira hirian: kirol txapelketak, antzerkiak, musika eta dantza emanaldiak, haur jolasak, baserritarren azokak... Horiek denak antolatzen nahi adina lan izango dute atzo oholtzaren jabe izan ziren boluntarioek. Astigarragaren esanetan, dena den, gustura ariko dira: «Artillero abesteak indarra ematen digu horrela segitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.