Ya no quedan Maharajás izena du Inhar Mutiozabalen argazki erakusketak. Argazkilari zarauztarrak Indiara bidaiatu zuen 2011n, eta orduan eginiko 11 argazki erakutsiko ditu bere herriko taberna batean, Itzala kafetegian, hain justu.Erakusketa horrek Indiaren aurpegi ezkutua azaleratzen du, mendebaldean dugun irudi idealizatutik erabat ezberdina. Indiako erregeen luxuzko jauregiek Maharajas izena dute, eta horietako asko gune turistiko bihurtu dira. Aberastasun horrekin erabat kontrastatzen du kaleko errealitate gordinak. Kalean topatutako indiarren aurpegiek istorio latzak eta etorkizun eskasa transmititzen dituzte: «Emakumeen aurpegiak beren bizitzaren ispilu dira. Sakon-sakonetik begiratzen dizute; izan ere, txikitatik begiak oso kolore ilunez margotzen dituzte», dio. Horiek erretratatu ditu batik bat.
Mutiozabal Publizitateko eta Harreman Publikoetako lizentziaduna da, baina betidanik gustatu izan zaio argazkilaritza. Kanpaina, ekitaldi, nahiz ezkontzetako argazkiak egiten ditu. Argazkiak goitik behera planifikatzetik, bat-bateko argazkilaritzaren bila joan zen Indiara. Hau izango da zarauztarraren azken erakusketa, eta uda osoan iraungo du. Horren aurretik, Donostian, Lasarten eta Eibarren egin dute erakusketa.
ARGAZKI ERAKUSKETA Noiz. UZTAILEAN ETA ABUZTUAN.
Non. Itzala kafetegian(Zarautz).
Zer. Ya no quedan Maharajás
Indiako aurpegi ezkutua
Inhar Mutiozabal argazkilariak Indiaren aurpegi ezezaguna erakutsiko du Zarautzen, uda osoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu