Indurain izeneko geltokia

Metroko mapa berezi bat sortu dute Londresen Olinpiar Jokoen aitzakian, eta goi mailako kirolarien izenak jarri dizkiete geltokiei. Euskal Herrikoa da bat: Miguel Indurain.

Inigo Astiz
Iruñea
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Izen zerrenda bat da funtsean, bat gehiago, baina bitxia da kontrastea. Ehun metroko korrikalariak, igerilariak edota txirrindulariak metro geltokiei izena ematen. Uztailaren 27an hasiko dira, gainean dituzte Olinpiar Jokoak Londresen, eta igarri egiten da. Ugaldu egin dira kirolen inguruko erreferentziak hirian. Baita lurpean ere. Metroko arduradunek mapa berezi bat sortu dute jokoen aitzakian, eta goi mailako kirolarien izenak jarri dizkiete 361 geltokiri. Euskal Herriko kirolari bat ere sartu dute zerrenda horretan: Miguel Indurain txirrindulari nafarra. Stanmore izeneko geltokiari jarri diote bere izena mapan. Txirrindulariei eskainitako metro lineako mutur bateko azkena da, gainera, Indurain izeneko geltokia. Nekatu beharrik gabe, beraz, helmugan izango da kirolari nafarraren izena. Han izango da, inor bertara heltzerako. Ez da sari txarra Frantziako Tourra bost aldiz irabazi, 1996an Atlantan urrezko domina jaso, eta txirrindulari onenen zerrendan egon ahal izateko beti lehenengoen artean egon den norbaitentzat.

Beren betiko izenak gordeko dituzte geltokiek errealitatean, eta, beraz, oroigarri moduko bat baino ez da izango Olinpiar Jokoei eskainitako metro maparena. Ez du horrek esan nahi, ordea, zerrenda horretan egoteak garrantzirik ez duenik. Aitortza modu bat da, azken finean. Eta handiak dira metroko arduradunek hautatu dituzten kirolarien merituak. Magic Johnson saskibaloi jokalaria, Bob Beamon atleta eta Paolo Bettini txirrindularia dira, adibidez, Miguel Indurain geltokitik gertu direnetariko batzuk. Gehiago daude: Cassius Clay boxeolaria, Theressa Zabell arraunlaria, Michael Phelps igerilaria, Carl Lewis korrikalaria, Leo Messi futbol jokalaria, Nadia Comaneci gimnasta... Historikoak eta gaur egungoak, batekoak eta bestekoak, baina denak itzal handikoak.

Alex Trickett eta David Brooks BBC kateko kirol editore izandakoek sortu dute zerrenda. Justifikazioak, behintzat, ez du errekor handirik merezi: «Maite ditugu kirolak, maite ditugu zerrendak eta maite dugu Londres. Horregatik, erronka ederra izan da guretzatmunduko 361 atleta onenak hautatzea eta gure hiriko metro mapa ikonikoan sartzen saiatzea». 2012ko Olinpiar Jokoetan izango diren kirol mota guztiak hartu dituzte kontuan, eta tematikoak dira metro lineak. Badago igeriketari eskainitako bat, atletismoari buruzko bat,baita txirrindularitzari buruzko bat ere. Indurainena.

Nederlandarren kexua

Eztabaidak ere piztu ditu zerrendak, halere, eta zuzenketa bat ere egin behar izan dute maparen sortzaileek. Zerrendatik kanpo utzi zuten Fanny Blankers-Koen korrikalari nederlandarra Trickettek eta Brooksek, eta kritikak piztu ditu erabakiak. Lau urrezko domina lortu zituen korrikalariak 1948ko Londresko Jokoetan, eta halakorik lortu zuen lehen emakumea izan zen. Kexatu egin ziren, horregatik, Herbehereetako Atletismo Federazioko kideak, eta zuzenketa egin behar izan dute, azkenean, maparen sortzaileek. «Ohartu ginenean Fanny Blankers-Koen falta zela, ez zegoen ezer eztabaidatzerik. Nahasi egin ginela aitortzea baino ez», onartu du Trickettek.

Oroigarri bat baino ez da mapa, baina bistan da ez dela oroigarri soil bat ere. Oroigarrietan ere garrantzitsua izan daiteke gogoratu eta ahazten dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.