Industria dantzan ipini zuen orroa

Metro Goldwyn Mayer ekoiztetxeak ehun urte bete ditu. Hollywoodeko enpresarik boteretsuenetako bat izan da, eta zinemaren historian mugarri izan diren film mordo bat ondu du. 1950eko urteetan, zinema musikalean gailendu zen.

Metro Goldwyn Mayer ekoiztetxearen logo ezaguna. EFE
Metro Goldwyn Mayer ekoiztetxearen logo ezaguna. EFE
amaia igartua aristondo
2024ko maiatzaren 7a
05:00
Entzun

Zeruan daudenak baino izar gehiago omen zituen MGM Metro Goldwyn Mayer zinemako ekoiztetxeak. Hala dio haren lelorik ezagunenak. Eta datuek demostratzen dute baieztapenak baduela oinarriren bat: Scott Eymanek xehatu zuenez Lion of Hollywood liburuan (2005), enpresa sortu zutenean, 1924an, 160.000 metro koadroko estudio bat zuten Hollywooden, Kalifornian (AEB), bost plato, sei kamera, sei izar, beste horrenbeste zuzendari, eta, guztira, seiehun behargin; hogei urteren ondoren, are oparoagoak ziren baliabideak: estudioak 676.000 metro koadro zituen jada, berrogei kamera eta hirurogei nahasketa mahai, 33 izar eta beste 72 aktore nabarmendu, 26 zuzendari, eta 6.000 langile. Garai hartan, hamasei film inguru filmatzen zituzten aldi berean.

Hollywooden urrezko garaiaren sinboloetako bat da MGM, eta sortu zenetik ehun urte bete diren honetan haren indarra nabarmen ahuldu bada ere —arazo ekonomikoekin ibili da 1980ko hamarkadatik aurrera, enpresak porrot egin zuen 2010ean, eta Amazonek bereganatu zuen 2022an, ia 8.000 milioi euroren truke—, zinemaren historiarako laga ditu ekoizpen gogoangarri ez gutxi: besteak beste, Gone with the Wind (1939), The Wizard of Oz (1939), Ben Hur (1959), 2001: A Space Odyssey (1968) edo Thelma & Louise (1991).

'Singin' in the Rain' pelikularen fotograma bat. BERRIA
Gene Kelly aktorea, Singin' in the Rain pelikularen fotograma batean; filma 1952an egin zuten. BERRIA

1920ko urteak mugarri izan ziren zinemaren historian, Jon Paul Arroyo Hondarribiko (Gipuzkoa) Amua film musikal laburren jaialdiko ekoizpen zuzendariaren hitzei erreparatuta, eta zurrunbilo horretan jaio zen MGM, 1910eko hamarkadan sortutako hiru ekoiztetxeren fusioaren ondorioz. «Garai hartan, zinema martxa hartzen ari zen», esplikatu du Arroyok. «Orduan sortu ziren Hollywoodeko estudio handiak, eta berehala etorri zen zinema soinuduna: lehen pelikula soinuduna The Jazz Singer izan zen, 1927an».

Eta soinuaren bidetik heldu ziren, hain justu, MGMren lan arrakastatsu nagusietako batzuk: ekoiztetxea hainbat arlo eta generotan nagusitu zen, eta, tartean, zinema musikalean. Jaio eta gutxira ekoitzi zuen lehen lana: The Broadway Melody, 1929an. «MGMk erakusleihoan ipini zuen zinema musikala», Arroyoren irudiko. Garai hartan, zinema mutuan trebatutako aktoreek erabateko trantsizioa egin beharra izan zuten, eta, hortaz, antzezleek interes handia izan zuten zinema musikalean: MGMk abegi egin zien horietako askori. «Talentu handiko aktoreak, zuzendariak eta sortzaileak bildu zituen musikalaren inguruan, eta ikusgaitasun handia eman zion generoari».

Izarrik distiratsuenak

1939an, The Wizard of Oz kaleratu zuten, eta hura izan zen ekoiztetxearen lehen lan arrakastatsu handia zinema musikalean. Horrez gain, beste hainbat musikal ekoitzi zituzten, garaiko paradigmara lerratzen zirenak: izan ere, une musikalak ez ziren narratibaren parte; istorioa eteten zuten, musika garatzen zen, eta ikuskizuna bukatutakoan abiatzen zen berriro trama. Fred Astaire zen musikal haietako «izar nagusia», hala nola interpretatzeko modu berri bat ezarri zuelako, Arroyoren berbetan. Astairerek MGMrentzat egin zuen lan, baita Esther Williamsek ere, kasu baterako: haren pelikuletan, uretako koreografia mordoa egiten zen, eta «film ikusgarriak» ziren, Arroyoren ustetan. Distirak bazuen ifrentzua ere, ordea: ekoiztetxeek izarrek baino indar askoz handiagoa zuten, eta aktoreek epe oso luzeko kontratuak sinatzen zituzten. Williamsek Bathing Beauty-rekin lortu zuen arrakasta, 1944an, eta gisa bereko film ugari egin zituen MGMrentzat hurrengo hamar urteetan; eta beste horrenbeste gertatu zen orduko beste aktore entzutetsu askorekin ere.

'The Wizard of Oz' pelikularen fotograma bat. Metro Goldwyn Mayerren lehen musikal arrakastatsua izan zen 1939koa da. BERRIAtzi zuen
The Wizard of Oz pelikularen fotograma bat. Metro Goldwyn Mayerren lehen musikal arrakastatsua izan zen; 1939koa da. BERRIA

Hori horrela, zinema musikalaren «urrezko aroan», 1950eko hamarkadan, izenetako batzuk behin eta berriro errepikatu ziren MGMren ekoizpenetan: Gene Kelly izan zen protagonista pelikula andana batean, Vincente Minellik edo Stanley Donenek zuzendu zituzten mordo bat... Garai hartakoak dira ekoiztetxearen musikalik entzutetsuenetako batzuk, orobat: An American in Paris (1951), Singin’ in the Rain (1952), The Band Wagon (1953), Seven Brides for Seven Brothers (1954) eta Brigadoon (1954). Genero horretan, MGM beste ekoiztetxeen artetik gailendu zen, Arroyoren irudiko. «Hoberenak zituen: Gene Kelly, Bing Crosby, Cyd Charisse, Fred Astaire, Donald O’Connor, Esther Williams... Ez ziren izan bakarrik aktoreak edo dantzariak: filmen sorkuntzan ere rol oso inportantea izan zuten».

Eta izarrez ez ezik, lorratza utzi zuen lan egiteko modu batek ere. «Publiko orokorrarentzako zinema zen, bazekiten zein tekla jo, baina, aldi berean, gauzak egiten ausartzen ziren». Esaterako, An American in Paris pelikularen bukaeran, hogei minutuko ballet eszena bat dago. «Balleta ez da hartu izan publiko orokorrarentzako moduko diziplinatzat: eskatzen du interesa, arreta... Baina MGMk oso ondo txertatu zuen».

«Metro Goldwyn Mayerrek hoberenak zituen: Gene Kelly, Bing Crosby, Cyd Charisse, Fred Astaire, Donald O’Connor, Esther Williams... Ez ziren izan bakarrik aktoreak edo dantzariak: filmen sorkuntzan ere rol oso inportantea izan zuten».

JON PAUL ARROYO Hondarribiko Amua film musikal laburren jaialdiko ekoizpen zuzendaria

Urrezko aroa bukatuta, MGMk hogei urte behar izan zituen beste musikal entzutetsu batzuk ontzeko, nahiz eta tartean ekoitzi zituzten zenbait. «1980ko urteetan, ahalegindu ziren ostera ere musikalarekin, eta elkarren oso ezberdinak ziren filmak egin zituzten, esperimentuak balira bezala», adierazi du Arroyok: Pennies From Heaven (1981) «porrota» izan zen, eta, Victor Victoria-k (1982) «hobeto funtzionatu» zuen arren, ez zuen erdietsi behialako musikalen arrakastarik. Pink Floyd taldean oinarritutako The Wall (1982) filmarekin susperraldi bat izan zuten. «MGMk lortu zuen ostera ere zerbait apurtzailea sortzea; kritika oso onak eduki zituen». Aparra berehala baretu zen, baina. «2018an egin zuten hurrengo musikal nabarmena: A Star is Born».

Gerra Hotzean, epel

Metro Goldwyn Mayerren eragina zinemaren industriatik harago egon da, ordea: garaiko ekoiztetxe boteretsuekin batera, esangura handia izan zuen gizartean, eta eragina izan zuen, halaber, Gerra Hotzaren garaian helarazitako narratibetan. Victor Amado EHUko Historia Garaikideko irakaslearen irudiko, Lehen Gerra Hotza deritzon epean izan zen eragin hori indartsuen: hau da, 1947tik 1957ra bitartean. Historialariak gogoratu duenez, garai hartan oso handia zen potentzien artean borroka bat egoteko arriskua, eta gatazka nuklearra gerta zitekeen beldur zen gizartea; halaber, McCarthyismoa indar betean zegoen, eta zinemaren industriari ere kalte egin zion haren sorgin ehizak: profesional salatuak egon ziren, baita salatzaileak ere. Eta, aktoreei eta ekoizleei ez ezik, istorioei ere eragin zien polarizazioak. «Komunismoaren aurkako borroka islatu zen arlo askotan; besteak beste, zineman», esan du Amadok.

'Ben Hur' pelikulako fotograma bat. 1959koa da. BERRIA
Ben Hur pelikulako fotograma bat; 1959koa da. BERRIA

Egoera horretan, MGMk erabaki zuen arazoetatik aldentzea, Amadoren berbetan. Hau da, AEBetako gobernuaren kontra ez joatea. «AEBen balioak eta demokrazia kapitalistarenak aldarrikatu zituen filmetan. Eta western generoa izan zen balioak goraipatzeko bide nagusia». Hain justu, MGM western ekoizle nekaezina izan da hamarkada askotan: harenak dira, besteak beste, 3 Godfathers (1949), The Outriders (1950), Escape From Fort Bravo (1953), The Last Hunt (1956), The Magnificent Seven (1960), The Good, The Bad, and the Ugly (1966) eta Pat Garrett and Billy the Kid (1973).

«Metro Goldwyn Mayerrek AEBen balioak eta demokrazia kapitalistarenak aldarrikatu zituen filmetan. Eta western generoa izan zuen balioak goraipatzeko bide nagusia».

VICTOR AMADO EHUko Historia Garaikideko irakaslea

Hurrengo urteetan, beste pelikula mota batzuk atera zituzten, hala nola gatazka jorratu zutenak, Amadok esan duenez. Baina, hala ere, MGMk luzaroan jarraitu zuen deserosoa ez izateko hautuarekin. Duela urte gutxi, Steven Spielberg Gerra Hotzeko pasarte batean oinarritu zen Bridge of Spies filmerako (2015): James B. Donovan abokatuaz mintzo da lana, zeinek espioi truke bat ahalbidetu baitzuen AEBen eta Sobietar Batasunaren artean 1962an. Zuzendariak kontatu zuenez, filmaren harira Donovanen seme-alabekin bildu zen, eta haiek esan zioten Gregory Peck saiatua zela aitaren istorioarekin pelikula bat egiten, 1965ean, baina MGMk uko egin ziola lana ekoizteari.

DATUak

4.000

Metro Goldwyn Mayerrek zenbat film ekoitzi dituen Metro Goldwyn Mayer Hollywoodeko ekoiztetxerik emankorrena izan da: ehun urteko ibilbidean, 4.000 film ekoitzi ditu, eta telebista saioen 17.000 bat atal.

10.000

'Ben Hur' filmeko estrak Metro Goldwyn Mayer ekoiztetxearen apusturik sendoenetakoa izan da Ben Hur (1959), eta haren arrakastarik behinenetakoa. Filmean 10.000 estrak baino gehiagok parte hartu zuten, eta hirurehun set eta 100.000 mozorro inguru erabili zituzten. 11 Oscar sari erdietsi zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.