Carmen Kilner. Basque Children of '37 Association UK-eko kidea

«Ingalaterrak ez zien eskaini babes instituzionalik euskal haurrei»

Ingalaterran, 4.000 euskal haur inguru hartu zituzten 1937an, baina babesa herritarrek eman zietela esan du Kilnerrek, ez hango gobernuak. Haur horien inguruko informazioa batzeko lanean dihardu.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
1937ko maiatzaren 21ean, Ana Maria Gonzalez Garate irakasle donostiarrak Habana itsasontzia hartu zuen, Bilbon. Lepotik kartoi zati bat zuen zintzilik, eta hainbat zenbaki han. 2.504 zenbakitik 2.799 zenbakira arteko haurren ardura zuen bere gain, eta 71-75 irakasleen artean zegoen. Hura bezala, 96 irakasle, 120 laguntzaile, hamabost apaiz, bi mediku eta bi erizain igo ziren itsasontzi hartara. Horiek guztiek 4.000 euskal haurren ardura zeukaten. Hiru hilabeteko egonaldia izango zena bizi osorako bihurtu zen batzuentzat. Tropa faxistak Bilboko atarian zeudela antolatu zuen Eusko Jaurlaritzak Ingalaterrarako espedizio hori. Ana Maria Gonzalez Garateren alaba da Carmen Kilner, eta 2002. urtean Basque Children of '37 Association UK elkartea sortu zuen, beste hainbat kiderekin batera, Ingalaterran egondako haurren inguruko informazioa bildu eta dokumentatzeko. Euskal Herrian izan da egun hauetan, hitzaldi bat emateko.

Ingalaterran ezagutu zuten elkar zure gurasoek. Zer kontatzen zizuten euskal haurrez?

Nire aita estatu kolpea baino egun bat lehenago atera zen Madrildik Londresera, gaixo zegoelako. Urtebete geroago, haurrak etorri zirenean, osatuta zegoen, eta, errepublikanoa izanda, boluntario aurkeztu zen haurren koloniak zaintzeko. Bigarren Mundu Gerran ezagutu zuten elkar nire gurasoek, Hogar Español esaten zioten etxean, han elkartzen baitziren geratu ziren errepublikanoak. Hor ezagutu zuten elkar. Beraz, hori guztia presente eduki dugu beti, baina atzean. Ez zuten asko hitz egiten eurei buruz, Ingalaterrako gizartean integratu gintezen nahi zutelako.

Euskal Herrira bisitak egin zenituzten gerra amaitu ondoren?

1954an, Espainia hegoaldera joan ginen, nire amak beldurra zuelako bere aurrekari politikoengatik. Ez zen komunista, ezta jeltzalea ere, baina denentzako hezkuntza nahi zuen, eta Euskadiko Unibertsitate Federazioko kide izan zen. Gogoan dut nire amona eta izebak muga pasatu eta Hendaiara [Lapurdi] joan zirela. Pentsa, 1937tik ez zuten elkar ikusten! Momentu ederra izan zen. Hainbeste malko, eta besarkada... Bidaia horretan Murtziara [Espainia] joan ginen, nire aita hangoa zelako, baina hainbat urteren ostean Elgoibarrera [Gipuzkoa] joan ginen [hangoa zuen amona].

1936ko gerrak Donostian harrapatu zuen zure ama.

Bai, Donostia erori zenean, nire amona, ama eta haren bi ahizpak ihesean joan ziren Elgoibarrera. Ondoren, Bilbora egin zuten ihes, eta Portugaleten [Bizkaia] jarri ziren bizitzen.

Zure ama ordurako irakasle zen?

Nire ama hiru ahizpetan zaharrena zen, eta 12 urte zituela hil zitzaion aita. 1926. urtea zen, eta nire amona Elgoibarrera itzultzea izango zen normalena, baina hari Donostia gustatzen zitzaion, eta lanean hasi zen. Baina ez zuen dirurik alabei hezkuntza emateko, eta, garai hartan, emakumeentzako aukera bakarrenetarikoa irakasle izateko ikasketak egitea zen. 15 urte bete berri zituen ikasketak hasi zituenean, Primo de Riveraren diktadurapean, eta errepublika garaian amaitu zituen. Haren ikasketak goitik behera aldatu ziren. Ihesean joan zenean, bere paperak Elgoibarren utzi zituen, ziurrenik azkar atera behar izan zuelako.

Edo une horretan paper horiek izate hutsa arriskutsua izan zitekeelako?

Baina garai hartan irakasleek ile motza zuten, eta belaunak erakusten zituzten. Asko sufritu zuten ondorengo errepresioan. Paperik ez zuelako, irakasle izateko sei hilabeteko ikastaro bat egin behar izan zuen, eta apirilaren 1ean eman zioten lehen postua, Galdakaon [Bizkaia]. Ez dakit, ordea, han egon zen... Aurreko egunean Durangoko [Bizkaia] bonbardaketa izan zen, eta segituan hasi ziren beste bonbardaketak. Bilbo, Gernika [Bizkaia]... Zati hori galdua daukat.

Gernikan egon zen?

Zahartu zenean, buruan odolbilduak izan zituen, eta, besteak beste, hitz egiteko gaitasuna galdu zuen. Nik asko irakurtzen nion, eta Gernikari buruzko liburu bat irakurtzean, zera esaten zidan: «Ni! Ni! Gernika, goian!». Ez nion ulertzen zer esan nahi zuen. Gernikako Bakearen Museoan egon nintzenean, esan zidaten herriko goiko aldean Lehen Hezkuntzako eskola bat zegoela, eta bonbardatu ez zuten eraikin bakanetariko bat izan zela. Ez dakit han egon ote zen.

Nola izan zen transmisioa?

Nire gurasoen bizitzaz berandu hasi nintzen interesatzen. Urte batzuk lehenago jabetu izan banintz, gehiago jakingo nuen. Arreta gehiago jarri behar nion, nire amaz dakidan gehiena bera hil ondoren jakin baitut, hainbat paper topatu nituenean.

Nola izan da hainbeste urteren ondoren hau guztia aurkitzea?

Kolpe handia izan da. Dokumentu horiek irakurtzean, ezagutzen ez nuen emakume bat topatu nuen... eta nire ama zen! 22 urterekin joan zen Ingalaterrara, eta, ordurako, bizitza gogorra izan zuen. Ingalaterran irakasle izaten saiatu zen, baina, atzerriko azentua zuenez, ez zioten utzi. Etxean geratu zen.

Beti jakin izan duzu Ingalaterrara joandako haurren berri?

Bai, bere parte zen hori. Haurretako batzuek ere nire amarekiko harremanari eutsi zioten hil artean. Harreman oso estuak sortu ziren, belaunaldiz belaunaldi transmititu direnak, gainera.

Harremana izan duzue betidanik, baina 2002an sortu zenuten elkartea. Zein behar zegoen?

Gure elkartea bigarren belaunaldian sortu zen: irakasleen eta haurren seme-alabek sortu zuten. Hor ikus daiteke zein harreman sortu ziren elkarren artean. Behar batetik sortu zen elkartea, askok euren familien inguruko informazioa bildua baitzeukaten, baina non gorde ez. Horrez gain, nahi genuen ingelesek ikustea zer gertatu zen euskal haurrekin. Asko baitakite Ingalaterrara joan ziren haur juduei buruz, eta horiek bai, gobernuak babestu zituen. Euskal haurren kasua itzela izan zen, Ingalaterrak ez baitzien babes instituzionalik eskaini, eta dena herritarrek babestu baitzuten.

Esku ez hartzeko itunaren eragina izan zen hori. Baina italiarrek eta alemaniarrek, bitartean, babesa eskaini zieten faxistei...

Gernikako bonbardaketarekin lehertu zen dena. Durango eta beste bonbardatzeekin albiste labur bat azaltzen zen egunkarietan, baina George Steerek Gernikakoa luze azaldu zuen, eta The Times-en azalean agertu zen, gainera. Halakoa izan zen eragina, gobernuak onartu egin behar izan baitzuen euskal haurrekin itsasontzi bat hartzea, baina dirurik ez zien eskaini.

Haurrak iritsi zirenean babes handia eskaini zietela esan duzu, baina denei berdin?

Garai hartako Bilbon, nahasketa handia zegoen, baina, haurrak iritsi zirenean, ez zen kontu politiko bat, gizatiarra baizik. Elizaren eskola batzuetan oso ondo hartu zituzten haurrak, baina beste batzuetan ez. Pentsa, euskal kolonietan neskak eta mutilak ez zituzten bereizten, baina elizaren eskoletan bai. Eta pentsa, apaiz batzuek esaten zieten haur batzuei gaiztoak zirela gorriak zirelako, eta beren gurasoak infernura joango zirela. Batzuentzat oso traumatikoa izan zen, eta ez dute ezer jakin nahi izan egiten dugun lan guztiaz.

Bigarren Mundu Gerra nola bizi izan zuten? Asko Ingalaterran geratu ziren...

Azken euskal kolonia 1947an itxi zuten, eta, azkenerako, 250 inguru geratu ziren Ingalaterran. 16 urterekin, geratu ala itzuli erabaki zezaketen, eta denetarik egon zen. Harreman estua lortu zuten ostera. Nire amaren kolonian zegoen haurretako batek, Helvetia Garcia Aldasorok, urtero bazkari bat antolatzen zuen. Tradizio horri eutsi zaio gaur arte.

Zenbat elkartzen zarete?

Orain, gutxi datoz, gazteenak 85 urtetik gora dituelako. Asko ez daude Londresera bidaiatzeko moduan, baina 2015ean hamahiru haur etorri ziren, eta, orain, haien seme-alabak etortzen dira, baita hirugarren eta laugarren belaunaldiak ere. Ehun bat elkartzen gara, maiatzaren 23tik gertuen dagoen asteburuan. Orduan iritsi baitziren Ingalaterrara.

Laster izango duzue bazkaria...

Bai, hilaren 28an daukagu. Oso hunkigarria izaten da. Oraindik, urtero topatzen dugu kolonietan egona izan eta ezagutzen ez gaituen euskal haurren bat. Sinesgaitza dirudi, baina oraindik hazten ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.