Lander Zalakain. Belako taldeko bateria jolea

«Ingelesa da gure estiloari ondoen dagokion hizkuntza»

Belako taldeko kideak. Eskuinean dago Lander Zalakain. BELAKO.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2013ko ekainaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kasik jaialdiarekin batera sortuak, 18 eta 21 urte artean dituzte Belako taldeko kideek. Gaur arratsean ariko dira lehen aldiz jaialdian. Mungia, Bilbo eta Tolosa hirietan handituak, Mungiako Belako auzoko Lore Nekane eta Josu Ximun Billelabeitia Uriarte anai arreben aitatxi amatxien tailer ohia dute bilgune eta errepikatokia: «50eko hamarkadako makinak daude hor. Badauka estetika industrial bat, guri asko gustatzen zaiguna».

Eta nonbait, bere musikak giro horretatik edaten duela baieztatu du Lander Zalakain taldeko bateria joleak: «Tailerreko zikintasun hori gure musikan nabaritzen dela uste dut». Indie izeneko musika estiloko sarean murgildu dituzte, baina haiek beren estiloa ez dutela indie bezala izendatzen zehaztu du Zalakainek. Joy Division, New Order, Pixies edo Sonic Youth bezalako taldeak erreferentziatzat dituzte, eta azken aldian, soinu elektronikoagoen bilatzen hasiak dira: «Gure estiloa ez dago oraindik ondo definituta. Batzuetan badauzka tonu rockeroagoak, bestetan elektronikoagoak».

Musika lagun, testu nagusiak ingelesez dituzte, pare bat euskarazko kantu tarteko. Ez dute familian ikasi ingelesik. Dakitena ikastetxeen bidez dute, eta bereziki, entzun musikatik. Eta entzuten duten musika ingelesez izateak du, hain zuzen, ingelesaren hautu horren esplikazio nagusia, Zalakainek dioenez: «Eta horretaz gain, Euskal Herritik ateratzeko ingelesarekin errazagoa da euskararekin baino». Ez daukate «inongo arazorik gai horrekin», halere, euskarari lotuak direla gaineratu du artistak: «Ingelesez dena egitea oso erraza da, baina euskara gure ama hizkuntza da eta garrantzia dauka. Guk nahiko genukeena da, egunen batean, kanpora goazenean euskara ere ezagutaraztea, eta euskara oraindik bizirik dagoela erakustea». Euskaraz gehiago egiteko intentzioa ere badutela zehaztu du artistak.

Hizkuntza kanta bati forma emateko garrantzitsua dela azpimarratu du Zalakainek, «eta azkenean gure estiloari ondoen dagokion hizkuntza ingelesa da. Ingelesez du bere forma onena. Bestela guk beti euskaraz egingo genuke. Horretan ez daukagu dudarik. Baina ingelesak dauzka bere azentuak. Gazteleraz edo euskaraz ez litzateke berdin geratuko».

Kontzertuz kontzertu

Hasteko, kanpora ateratzeko gogo hori hasi da betetzen. Euskal Herritik kanpo kontzertuak dituzte ematekoak Fnacek talentu berri bezala aukeratu berri ditu. Horri loturik Espainiako Fnac gira daukate uztailerako. Eta Euskal Herrian berean ere, andana bat hitzordu dituzte hainbat herritan. «Fuerte dator uda».

Eurie diskoa atera zutenetik, beren inguruan mugimendu bat sortu dela aitortu du Zalakainek: «Ezin gara kexatu eta aprobetxatu behar dugu. Entseiatu behar da, lana egin behar da, baina aurrera goaz. Gauzak momentuz ateratzen ari dira, ea horrela jarraitzen duen!».

Arrakastaz gozatzeko prest, bai, baina, burua argi, azkenean, oroz gainetik, musika jotzea dute animazio nagusi, maite duten musika: «Gu berez, honetan gaude ondo pasatzen dugulako eta gustatzen zaigulako. Lagunak garelako eta musikarengatik. Musika da gure bizitzaren zentzua, pasioa». Eta gaztetasuna, baikorki du bizi Zalakainek: «Gazteak gara. Ez daukagu ezer galtzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.