INGURUMENA. LEGEZ BABESTUTAKO ZUHAITZAK. Babestutako gerizpeak

Euskal Herrian, aurreko astera arte 57 zuhaitz zeuden legez babestuta, beren garrantzia eta berezitasuna dela eta; 74 dira orain, aurreko astean Nafarroako Gobernuak zerrendari zuhaitz gehiago gehitzea erabaki baitzuen. Zuhaitz bereziak izanik, bereziak dira ezartzen zaizkien babes neurriak ere.

Inigo Astiz
Iruñea
2009ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Ikaragarriak dira, eta bizirik daude. Monumentu biziak dira, beraz, zuhaitzak. Badaude, baina, bereziki deigarriak diren batzuk. Dela neurriagatik, dela duten adinagatik, dela duten historia eta sinbologiagatik, edo itxura eta edertasunagatik. Apartekoak dira zuhaitz batzuk, benetako monumentu biziak. Oin hauskorreko monumentuak dira, ordea, eta babesa behar dute horregatik, maiz, bizirik iraun ahal izateko. Legearen gerizpea. Horregatik, erakundeek hainbat figura sortu dituzte zuhaitz berezi hauek bereziki babesteko.

Guztira, 73 zuhaitz eta zuhaizti bizi dira Euskal Herrian legearen babesean. Zuhaitz bereziak, zuhaitz garrantzitsuak, zuhaitz ederrak. Halakoak dira erakundeek zuhaitzak babesteko sorturiko izendapena eskuratu duten arbolak, eta babes berezia dute horri esker.

Nafarroan, 47 zuhaitzek daukate babes hori. 31 ziren aurreko astera arte, baina kalteak jasandako hiru zerrendatik kentzea eta hemeretzi berri sartzea erabaki du Nafarroako Gobernuak berriki.

Aparteko zuhaitz hauek natur monumentu izendapena jasotzen dute Nafarroan, eta izenarekin batera dator zaintza berezia ere. Hainbat neurri ezartzen dituzte horretarako Nafarroako Natur Guneen Foru Legean. Zuhaitzari dagozkionak dira lehenak. Legeak dioenez, ezin da zuhaitz hori kalte dezakeen ekintzarik egin. Ezin da moztu, ezin da haren azalean idatzi, ezin da haietan gora igo, ezin da seinalerik jarri, eta ezin da baimen berezirik gabe haien fruiturik ere bildu. Zuhaitzaren adaburuak hartzen duen guneari dagokionez, legearen arabera, debekatuta dago ibilgailuak aparkatzea, sua egitea, animalientzako janlekuak jartzea eta lurra mugi dezakeen lanik egitea. Zuhaitzaren inguruko ehun metroei dagokienez, debeku zehatzik ez da ageri legean, baina Ingurugiro Departamentuak zuhaitzaren biziraupena kaltetu dezakeen edozein ekintza debeka dezakeela dio.

Nafarroan bertan badira halako babesik ez duten hainbat eta hainbat zuhaitz berezi, garrantzitsu, zahar eta eder ere, ordea. Arbola zaharren zerrenda bat prestatzen dabil, horregatik, Nafarroako Zuhaitz Zaharren Lagunen Elkartea. Urteak daramatzate horretan, eta zuhaitz horien garrantzia nabarmentzea da haien helburua.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 26 zuhaitzek dute babesa, eta mota askotakoak dira: sekuoiak, haritzak, arteak... Denak bakanak, baina denak bereziak, ordea. «Ezaugarri ezohizko edo nabarmenengatik (tamaina, adina, historia, edertasuna, kokapena eta abar dela eta) babes berezia merezi duten zuhaitzak». Halakoak dira legearen arabera aparteko babes neurriak merezi dituzten zuhaitzak.

Aparteko Zuhaitz. Hori da, hain zuzen ere, zuhaitz berezi horiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jasotzen duten izendapen legala. Izen hori du babestutako zuhaitz horren figurak, eta izenarekin batera hainbat babes neurri jasotzen ditu zuhaitzak. Debekatuta dago Aparteko Zuhaitz horien produktuen eta zuhaitzaren beraren aprobetxamendua, betiere helburu zientifikoekin eta zuhaitzen babesaz arduratzen diren erakundeen baimenarekin ez bada. Debekatuta dago zuhaitzaren adaburuak hartzen duen inguruan eta haren bueltako hiru metroetan lurzorua kaltetu dezakeen jarduera oro. Espresuki debekatzen du legeak, gainera, zuhaitzak hartzen duen inguru horretan sua egitea.

Ipar Euskal Herrian

Lau dira Ipar Euskal Herrian A.R.B.R.E.S. elkarteak argitaraturiko Guide des arbres remarquables de France (Frantziako zuhaitz bikainen gida) izeneko liburuan aipatzen diren zuhaitz eta zuhaiztiak. Haritzak dira lau horietako hiru, eta Lapurdin daude hirurak: Sarako basoko haritzak (Lapurdi), Kanboko hariztia (Lapurdi) eta Donibane-Lohizuneko haritza (Lapurdi). Pagadi bat da, ordea, zerrendan aipatzen den laugarren zuhaitza. Hain zuzen ere, Larraineko Holzarte basoan dagoena (Zuberoa).

Zerrendan agertu arren, ordea, zuhaitz horiek ez dute babes ofizialik. A.R.B.R.E.S. elkarteak eta ONF baso publikoez arduratzen den erakundeak sortu eta kudeaturiko Zuhaitz Bikainak deituriko izendapen ofizialik lortu ez dutelako gertatzen da hori. Izendapen ofizialik gabe ezin izendapen horrek berarekin dakartzan babes neurriez gozatu, eta legearen gerizperik gabe bizi behar dira, hortaz, zuhaitz apartok.

Hala eta guztiz ere, zuhaitz horien berezitasuna eta garrantzia aitortzea da A.R.B.R.E.S elkartearen helburu nagusia. Horregatik aipatzen ditu zuhaitz bikainen zerrendan. Izen ofizialik jaso gabe ere, jendeak zuhaitz bikainak direla jakin dezan. Garrantzitsua da hori, elkarteak dioenez, ondare hori gero eta ezagunagoa izanez gero, orduan eta errazagoa izango baita haiek kontuan hartu, eta erakunde zein elkarteek haien aldeko babes neurriak onartzea.

Oraingoz, baina, beren kasa eutsi behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.