Inoren alarguna ez

2014ko irailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Silvia Carreterok 1974ko udazkenean ezagutu zuen Jose Luis Sanchez-Bravo. FRAPekoak ziren biak, nahiz eta ezagutu zuten egunean batak bestearen militantzia horren berririk ez zuten. 1975eko maiatzean ezkondu ziren. Irailean fusilatu zuten Luis, Silvia haurdun utzirik. Gizonaren azken nahia, Silviari idatzi zionez, espero zuten haurrari —mutila izanez gero—, Ramon izena jartzea, «Ramon [Garcia Sanz] bakarrik hilko delako». Ramon Garcia Sanz zurtza baitzen. «Neska jaio zen, ordea, eta Luisa jarri nion izena». Koinata Vikirekin harremanetan da Silvia, eta Xose Humberto Baenaren arrebarekin ere kontaktuan. Behin halako, 70eko hamarkadaren amaieran, Txikiren anaia Mikel ezagutu zuen Iruñean, sanferminetan, hura Txikiren posterra saltzen ari zela, panteoia ordaintzeko diru biltzen. «Zoria zer den. Ikastolaren aldeko tabernan ginen, basoerdiak edaten, hizketan hasi, gaia atera, eta: 'Bada, Txikiren anaia naiz!' esan zidan». Hura zen, hura!».

Irailak 27 dituenean Silvia Carreterok ez du pentsatu nahi izaten. Distrakzio bila abiatzen da. Erosketak egin, irten… etxean geratu ez beste guztiak. Noiz edo noiz gonbidatu izan dute Euskal Herrira etor dadin, ekitaldiren batera, baina ez da etorri ohi. «Eta harrezkero ez didate kasurik egin. Behin edo behin eskutitzen bat bidali izan diet, baina besterik ez». Badaki Txiki eta Otaegi indarkeria politikoaren biktimatzat ezagutuak dituela Eusko Jaurlaritzak, baina ez zaio aski. «Beste hirurak ez ditu ezagutu, Madrilen fusilatuak. Euskal gobernuak euskaldunak ezagutu ditu, baina guztiak ezagutu beharko lituzke». Madrilen bertan ere bere burua erakutsi zale txikia da oso. «Behin, Telediario albistegiaren atal batean elkarrizketatu ninduten, baina ez nuen aurpegia erakutsi nahi izan. Oinak atera zizkidaten, eta oinetakoak. Grabazioa bukatu eta oinetakoak ere bota egin nituen… Nire bizitza pribatua neurea da, beste inorena ez. Berriz ezkondu nintzen, beste alaba bat ere izan nuen, bigarren senarrarena. Neure bizimodua egin dut. Ez naiz inoren alarguna. Silvia Carretero naiz. Uko egin diot 'halakoren alarguna' izateak dakarren zurrunbiloari. Ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.