Bilboko Aste Nagusia. Igor Yebra. Ballet dantzaria

«Inork ez zuen imajinatu balletak hainbeste jende harrapatuko zuenik»

Bilboko Aste Nagusiko egitarauan egonkortzen hasi da balleta; 2010ean 'Zorba grekoa' ikuskizunarekin izandako arrakastaren ostean, Korrontzirekin batera lan berria dakar bilboko dantzariak.

Bilbo
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Orain hiru urte, balleta kalera atera zuen Igor Yebra dantzariak Bilboko Aste Nagusian lehen aldiz. Ikusmin handia piztu zuen Zorba grekoa ikuskizunarekin Abandoibarran. Geroztik, balletak bere lekua izan du Abandoibarrako agertokian. Iaz Euskaldunak eta dantza gala egin zuten. Yebrak ordukoan parte hartu ez bazuen ere, gaurkoan, berriro ere, taula gainean arit0uko da beste hainbat dantzarirekin batera. Korrontzi musika taldearen doinuekin dantzatuko dira.

Aurtengoan Korrontzi musika taldearekin batera ikuskizun berria dakarzu. Zer ekarriko duzue, zehazki?

Ikuskizuna Korrontziren kanten gainean egituratu dugu, euskal musika tradizionala gaurkotua egiten dute. Hainbat dantza estilo bilduko ditugu: euskal dantzetako talde bat egongo da, Oinkari; dantza garaikideko hirukote bat, espainiar dantzetako dantzari bat, eta, gero, Oxana Kucheruk eta biok gaude ballet klasikoaren ordezkari. Saloi dantzetako bikote bat ere bazegoen, baina,zoritxarrez, orain hiru egunRoberrek, mutilak, belaunaapurtu zuen, eta ezinezkoa izan zaigu ordezkatzea. Pena bat izanda pasteleko azken ukitua zelako.

Badirudi dantza eta balleta Aste Nagusiko egitarauan egonkortzen ari direla. Zer iritzi duzu?

Horrela jarrai dezala espero dut. Zerbait egiten dudanean jarraitutasuna izan dezala gustatzen zait, horretan parte hartzen jarraitzen ez badut ere. Dantzak oso publiko zabala du, eta horren froga da hau, inork ezin zuen imajinatu horrelako ikuskizun batek hainbeste jende harrapatuko zuenik. Orain arteko lanek hori izan dute,eta honek ere izan dezala espero dut. Ausardia kontua da, baita egokitzen jakitea ere. Ez gaude antzoki batean, eta publikoa ezberdina da. Zerbait desberdina eman behar zaio, publikoko parte batek ez du sekula balletik ikusi. Kasu honetan, euskal musikaren bidez ahalik eta jenderik gehiena erakartzen saiatuko gara.

Balleta eta dantza kalera ateratzeak horien inguruko topikoak apurtzen laguntzen al du?

Bai, topikoak apurtu eta joera berriak zabal daitezke. Badago oraindik jende asko, ez lehen beste, baina nahikoa, balleta edo opera bat antzokian ikustea elitista dela pentsatzen duena. Balletari dagokionez topiko handia da hori. Kanpoan egiten dut lan, gehienetan, eta publikoa askotarikoa da. Honelako jarduerekin, dantza uste dena baino eskuragarriagoa eta ulerterrazagoa dela erakusten da. Dantzaz gozatzeko ez da beharrezkoa aditua izatea, bisualki gertatzen ari denaren inguruko interesa izan behar da, besterik ez. Oraingoan, ordubete inguruko ikuskizuna egingo dugu, jendea zutik egongo da, eta ezagutzen dituen kantak dantzatzeko aukera ere izango dute nahi izanez gero. Zenbat eta jende gehiago erakarri dantzara, hobeto; denok irabazten dugu. Ez da inor jaiotzen jadanik gustua garaturik duela, denborarekin hezten da gustua. Horrelako jarduerak oso garrantzitsuak dira, eta jaietatik kanpo ere egin behar direlakoan nago. Beste hirietan bezala, udako jaialdiak eginez, adibidez.

Abandoibarrako agertokian dantzatzeak oso ezberdina izan behar du,antzoki batean dantzatzearekin alderatuz gero.

Egurats zabalean egiten diren espektakuluak eta antzokietan egiten direnak oso ezberdinak dira. Dantzariok lurraren gainean dugun egonkortasunetik hasita, jada oso ezberdina da. Muntatzea oso diferentea da, dena aldatzen du. Egin beharreko beroketa ere bestelakoa da, ezin duzu agertokiaren gainean berotu, publikoa hor dagoelako jadanik. Emankizun honi dagokionez, 23:30ean da, normalean ordu horretarako emanaldia amaituta egoten da aspaldi. Baina, aldi berean, baditu oso erakargarri bihurtzen duten gauzak, hori dela-eta ezin dezakezu sekula esan gauza bat bestea baino hobea denik.

Zorba-rekin asko harritu ninduen zenbat jende etorri zen; ez genuen espero hainbesteko jenderik etortzea, ezta hainbeste isilune sortuko zenik ere. Antzoki batean sor zitekeen isiltasun bera izan zitekeen, egurats zabalean, jaietan, pasatzen zen jendearekin, baina tentsio dramatikoa ez zen eten, eta horrelako momentuek antzoki batean baino gehiago betetzen dute kalean. Zorba grekoa-ren amaierako jaian, lekua ere jai bat bihurtu zen. Oraingo emanaldiarekin ere, jai handi bat egin nahi dugu.

Bilbotarra eta dantzaria zarenez, nola bizi duzu jaietan dantza eginez parte hartzea?

Dantzan hasi nintzenetik jaiaren parte izateari utzi nion, eta, 14 urte nituenetik orain urte bi arte, ez nintzen sekula jaietan izan. Oraingoan ere ezingo dut jaien parte batean parte hartu, baina beti da polita hemen izatea eta jaietan nahasia egotea, lanean bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.