Miguel Angel Bermudez (Tolosa, 1949) Tolosan oso ezaguna da. Alde Zaharrean dagoen fruta denda batean lan egiten baitu eta 40 urte baino gehiagotan inauterietan herritarrei barre algarak sorrarazi dizkien ikuskizunak egin dituelako.
Zer egin behar duzu aurten inauterietan?
40 urte baino gehiagotan atera ondoren, bost urte dira jadanik inauterietan kalean ikuskizunik egiten ez dudala. Ostegun gizenean, dendako biltegian, urtero lagunekin eta bezeroekin elkartzen naiz. Txorizo egosia prestatzen dugu, eta festatxo bat egiten dugu. Giro polita izaten da.
Piñata igandean, inauterien osteko lehen igandean [martxoaren 9a], mozorrotu egingo naiz, eta Poca Tripa txarangarekin batera Iurreamendi egoitzan ariko naiz. Dantza egingo dut, parodia bat, eta saio umoretsua izango da. Ederki pasatzen dut, eta Iurreamendi egoitzakoek ere bai. Adineko jendea da, eta nire saioak asko estimatzen dituzte. Nire zain egoten dira, 1970. urtetik Iurreamendi egoitzan urtero aritzen bainaiz. Azken urteetan, inauterietan horixe besterik ez dut egin, baina nork daki, agian hurrengo urtean zerbait prestatuko dut. Baina, oraingoz, Iurreamendiko saioa eginez gustura nago.
Urteotan hamaika mozorro jantzi dituzu.
Urtero, hiru ideia garatu eta hiru ikuskizun egiten nituen. Denetarik: The Beatles, Magik Coperfield, Goya eta Maja jantzia, Charleston, Komedianteak, Gaztain saltzailea, Musika-kaxa, Komun-ontzia, Kafea ehotzen…
Halaber, igandean [zaldunita] dianan eta asteartean [asteartita] alboradan eta pattar zezenaren festan ni bakarrik ateratzen nintzen, motogurdi, gurdi edo asto batekin, esnea, arraina edo txongilak saltzen dituen emakumearena egiten. Asteartean anisa eramaten nuen, zezen plazara biltzen zen jendearekin egoten nintzen, eta motogurdiarekin plazara ere irteten nintzen. Behin plazan nintzela, bigantxa bat askatu zuten ni irten aurretik. Orduan, plazan motogurdiarekin biraka hasi nintzen, eta bigantxa nire atzetik ibili zen. Motoaren lohi babesa puskatu zidan, eta jende guztia algaraka hasi zen.
Zezen plazan biltzen zen jendearen artean nire esne marmitekin ibiltzen nintzen. Zaldunitan ardo goxoa banatzen nuen, eta asteartitan, anisa. Anisa esnearekin nahasten nuen, eta edari hori hartzeko sekulako jende ilarak sortzen ziren. Artilezko koltxoi eroslearena ere egiten nuen, pixontzi batzuekin, eta jendeak pixontzitik anisa edaten zuen. Ederra izaten zen.
Zure naturaltasuna, etorria eta zirikatzeko gaitasuna azpimarragarriak dira.
Eta inprobisazioa. Tolosako inauterietan ez da behar entsegu perfektu bat edo koreografia perfektu bat. Kontua inprobisatzea da. Nik beti jendearen parte hartzea eragin izan dut. Hori pixka bat galtzen ari da, eta irudimena ere bai. Tolosan irudimen handia izan da, ideia harrigarriak ikusi izan ditugu, oso baliabide gutxirekin. Tolosako inauteriak horregatik dira hain ospetsuak. Azken urteotan atera diren muntaketa guztiak txalotzeko modukoak dira, baina agian oro har txantxa eta gatz eta piper apur bat galdu da, edo jendea lotsati bihurtzen ari da. Gatz eta piper pixka batekin, inprobisatu, eta jendearen parte hartzea eragin behar da.
Urte osoan soinean daramagun mozorroa inauterietan kentzen al dugu?
Inauterietan barregarri geratzeko beldurrik ez dago. Igande goizaldeko dianaren ondoren dena txantxa handi bat da asteazkenera arte. Herritarren artean giro ederra dago.
Miguel Angel Bermudez. Inauterizalea
«Inprobisatu, eta jendearen parte hartzea eragin behar da»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu