Patxi Huarte 'Zaldieroa'. Marrazkilaria

«Inspirazio iturri baino gehiago, auzolana da Twitter»

Araitz Muguruza.
Donostia
2013ko urriaren 9a
00:00
Entzun
De Rerum Natura-ren bosgarrena aurkeztu zuen, atzo, Patxi Huarte Zaldieroa-k (1966, Faltzes, Nafarroa). Hura aitzaki hartuta, urte hauetan sortu dituen pertsonaiez eta lan egiteko moduaz hitz egin du.

Non dabil La Pelota Basqua?

Azkenaldian ez dit abisurik eman, in pass batean dagoela ematen du, trenak zokoratzen dituztenean bezala, aterabiderik gabeko trenbidean.

Ez duzu asmatzen Iñigo Urkullu marrazten.

Hasieran erabiltzen nuen formula hori ez zitzaidan gustatzen, baina orain gero eta argiago dut, hori da Urkulluren irudi garbia, kartoi zati bat da.

Pertsonaia batzuk gorrotatu ere egingo dituzu.

Bai, hori Basagoitirekin eta Munillarekin gertatu zait bereziki; nire ifrentzua dira.

Eta zeintzuk dira kutunenak?

Yoda eta La pelota basqua dira egun kutunenak. Garai batean, Xaxa zen, baina gaur egun ez dago.

Marraztuko zenituzkeen pertsonaien zerrendarik baduzu?

Ez ez, ez dut horrelakorik. Etorri egiten zaizkit niri pertsonaiak; ez dut horretan pentsatzen. Ez dut aurrera begirako plangintzarik egiten, sorpresaz etortzea nahi izaten dut.

Nolakoa izaten da prozesu hori?

Kolpekoa. Askotan paseatzera ateratzen naiz ideia lantzeko.

Gaurkotuko al dira inoiz Nafarroako kate-begiak?

Ez. Segitzen dute primarioak eta garai batekoak izaten.

Zer moduz ergatiboarekin?

Ni, berez, ongi. Ez dakit zergatik, baina ergatiboa hitz egitetik idazterako orduan gaizki erabiltzen dut. Egunero zuzentzen dizkidate zintak; poz handia hartzen dut lehenengoan ongi dagoela esaten didatenean.

Twitter zure inspirazioaren salbazioa da?

Inspirazio iturri baino gehiago, auzolana da, eta uste dut jendearekin auzolanean egin behar dugula lan.

Ideiak sortu ez ezik, Twitterrek zorretan ere jarri zaitu.

Hiru marrazki zor ditut bai, egia da. Kitatzeko haiekin-edo gelditu beharko naiz, posta elektronikoa eskatu edo... baina oparituko diet agindutakoa.

Koinata-k noiz egingo du euskaraz ongi?

Berez euskalduna da, baina egiten ditu oker batzuk, eta graziosoak direnez, atera egiten ditugu.

Lagunak egiteko aukera ere izango zenuen hamar urteotako ibilbidean.

Batzuk egin ditut, bai. Orain dela gutxi, Bartzelonara trenean nindoala. Hark ezagutu egin ninduen, eta ordutik harekin harremanetan nago. Tarkeka hurbiltzen da irakurlea, eta pozgarria izaten da.

Zintak egitea zutabegileen lanarekin parekatu duzu, biek daukazue kazetariek esan ezin dezaketena modu gordinagoan esateko aukera.

Kontatzen dute Churchillek oso diskurtso motzak egiten zituela, esaldi motz eta sakonekin. Eta egun batean esan omen zuen 'bueno gaurkoa oso luzea izango da, zeren gaur ez dut astirik izan lantzeko'. Nik ideiak destilatu egin behar izaten ditut, eta handik bi tanta atera. Nahiago nuke luzeago egiteko aukera banu.

Zoru etikoa sarri agertu da azkenaldian...

Eta oraindik aterako da. Gaizki eraikitako tresna bat da. Batzuek zein zoru etiko izan behar dugun esateari ez diot zentzurik ikusten. Jendea banatu egiten du.

Zein helbururekin dago La Konsti?

Gu izorratzekoarekin. Sinetsita nago ni hilko naizela La konsti-ren mendean. Igual Kataluniara bizitzera joaten banaiz, eta hangotartu egiten banaiz...

Ordua aldatzekotan ere badira...

Ez dut gehiegi pentsatu hortaz, egia esan. Ez dakit zein jarrera ezta nola adierazi beharko genukeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.