San Antonio festak Igorren

Integrazioa sustatzeko balio duen bultzada

Duela hiru urtez geroztik, elkarlanean ari dira Gorabide adimen urritasuna dutenen aisialdi taldea eta Bizkaiko errugbi federazioa. Igorreko San Antonio jaietarako, partidak antolatu dituzte

Gorabide elkarteko hiru kide, Bizkaiko Errugbi Federazioarekin antolatutako kontzentrazio batean. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko ekainaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aniztasun kognitiboa duten pertsonen integrazioan lan egiten duen elkartea da Gorabide, eta haien lana ezaguna da esparru horretan ari direnen artean. Ezezagunagoa da, ordea, Bizkaiko Errugbi Federazioak halakorik egiten duenik. Badira zazpi urte inguru federazioan ideia hori garatzen hasi eta Gorabide elkartearengana jo zutela. Ordutik, elkarlanean ari dira.

Duela hiru urte, errugbianjokatzeko kontzentrazioak antolatzen hasi ziren adimen urritasuna zuten lagunentzat, eta «arrakasta itzela» izan dutela dio Estefania Yanez elkarteko aisialdiko arduradunak. Urtetik urtera, gero eta parte hartzaile gehiago dauzka egitasmoak, «eta hasieran izen eman zutenen artetik, denek jarraitzen dute jolasten». Aurtengo denboraldia larunbatean amaituko dute, Igorren (Bizkaia) egingo duten kontzentrazio batekin. Festen testuinguruan izango da, gainera. «Halako proposamen batekin etorri zitzaizkigun lehen aldian, harritu egin ginen, ez zitzaigulako halako aukerarik sekula bururatu», dio Yanezek. Aurrera egitea erabaki zuten, baina kirol bortitz samarra izan zitekeen ustearekin. «Ezjakintasun hutsa izan zen hori, gero jabetu baikinen guztiz kontrakoa dela; laguntasuna eta talde lanaren moduko balioak transmititzen ditu, eta hori oso aberasgarria da adimen urritasuna dutenentzat». Haiek zituzten aurreiritzirik ez zuten sumatu erabiltzaileengan. «Azken finean, pertsona hauek daukaten zailtasunik handiena jarduerak egiteko garaian izaten da, eta, horregatik, eskaintzen zaien edozein aukerari bi aldiz pentsatu gabe heltzen diote».

Paco Calvo erabiltzaile horietako bat da. «Hasieran, kontu pixka batekin hasi ginen, baina berehala gustatu zitzaidan kirola; giro atsegina egoten da, eta denontzako modukoa dela esango nuke». Jokatzearen ondorioz, zenbait partida ere ikusi izan ditu Gorabideko bere kideekin batera, baina oraingoz ez da horretara zaletu. Jokatzearekin gustura dago bera. «Ikusi izan dugu partidaren bat, baina apur bat galdu egiten zara, nahiago dut jokatu». Duela hiru urtetik ari da bera hilean behin antolatzen dituzten errugbi kontzentrazioetan parte hartzen, eta aitortu du oso gustura joaten dela. Gogotsu dago larunbatean Igorren egingo duten kontzentraziorako, beste hainbat talderen aurka jokatzeko aukera izango dutelako.

«Asko baino gehiago amaitu aurretik ere penatan daude», Yanezen arabera. 11:00etan hasiko da kontzentrazioa, eta Gorabidetik bi talde joango dira Igorrera. Kontzentrazioa amaitu, eta, bazkaldu ondoren, arratsaldean, Bizkaiko Zazpiko Errugbi Txapelketako finalak jokatuko dituzte. Kirolaz bertatik bertara gozatzeko aukera izango dute, beraz, Gorabideko kideek.

Igorreko jaiak, bihar

Errugbi zelaia jardueraz beteko da larunbatean, egun osoan, baina Igorreko San Antonio jaiak bihar hasiko dira. Txupinazoa 19:00etan izango da, eta hilaren 18ra arte, egitarau zabala prestatu dute udalak eta txosna batzordeak. Eskaintza horren lekuko dira, besteak beste, kontzertuak eta kirola egiteko jarduerak. Iazko hariari jarraiki, Zu Bai Zu talentu ikuskizunaren bigarren aldia egingo dute. Herritarrek zein gaitasun duten erakusteko aukera izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.