Asteburuko proposamenak

Intxortako fronteko bizipenak, gertutik

Elgeta1936ko gerrako gertaerak gogora ekartzeko aukera ematen du Intxorta mendiko ibilbideak

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Euskal Herriaren historian berebiziko garrantzia izan zuten gertaera batzuen lekuko izan zen Elgetako Intxorta mendia. 1936ko gerrako pasarte ugari gordetzen dituzte inguruko parajeek. Errepublikano eta nazionalista gudariak gogor saiatu ziren tropa frankistak eusten. Zazpi hilabetez lortu zuten fronteko lerroa eustea.

Debagoieneko interpretazio zentroak bisita gidatua antolatuko du igandean Intxorta mendira. Hiru ordu eta erdi inguru irauten du ibilbideak, eta 1936ko gerran murgiltzera gonbidatuko zaio bisitariari.

Intxortako magalean zeuden lubakien lehen eta bigarren lerroa, lubaki egokituak eta gudarien txabolak ikusi ahal izango dira, besteak beste. Kokagune bakoitzean, panelak ezarri dituzte, txangozalea momentu hartako testuinguru historikoaz jabe dadin. Garai haiek hobeto ezagutzen laguntzen du Intxorta mendiaren magalean prestatutako ibilbideak. Babeslekuen artean ibiliz, Gipuzkoa babesten zuen frontearen lehen lerroa ezagutu ahal izango du bisitariak.

Gidariak euskaraz eta gaztelaniaz emango ditu azalpenak ibilbidean zehar. Bost euroren truke parte hartu ahal izango da. 7 eta 16 urte bitartekoek bi euro ordaindu beharko dituzte; 7 urtez azpikoentzat, berriz, doan izango da.

Norberak bere kabuz ibilbidea egin dezake, baina bisita gidatua egin nahi duenak Debagoieneko turismo bulegoan eman beharko du izena aldez aurretik. Telefonoz (943- 71 89 11 telefonoan) edo [email protected] posta helbidean jar daiteke harremanetan turismo bulegoarekin.

BISITA GIDATUA

Non. Elgetan (Gipuzkoa).

Noiz. Urtarrilaren 29an, igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.