Maratila

Ipar Hego

Lucien Etxezaharreta.
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hamasei urte dira Seguran Iparra Hegoa izeneko ekitaldia bideratzen dela. Garai batean «Iparraldeko» hainbat lagun «Hegoaldera» gomitatzen ziren beren errealitatea ezagutzera emateko. Nahiz «Iparraldea bertan» izeneko saioa urtero Euskal Kultur Erakundeak Donostian antolatzen duen, ekintza gutxik naturala izan behar litzatekeen hartu eman hori bideratzen dute. Badira, egia da, hiri eta herrien arteko lotura bereziak, anaidi edo ahizpagune nahi luketenak, nola Angelu-Getxo, Baiona-Iruñea, Garazi-Lizarra, baina emaitza eskasak dira gehienbat.

Eremu askotan bezala, komunikatzeko ahalen errazte eta biderkatzeek emaitza gutxi. Pertsonak gero eta bakartiagoak, auzoen kidetasun eza, mugaz bi aldeetako elkartze eskasa. Zazpiak Bat ginela, XIX. mende bukaerakoek goraki errepikatzen zuten: Mendiaga hazpandarraren deiadarra hego Ameriketan ito al zen? Bakoitzak gure buru hausteak baditugu eta auzoekilakoa bigarren mailara joan da.

Segurako solasaldietan euskal komunikabideek ipar eta hegoaren hartu emana biziarazten dutela erakutsi da, ezberdintasun ororen gainetik. Euskara bide eta ardatz naturala delarik.

Nafarroaren Eguna, aurten Baigorrin kokatuko da, Aberri Egun bilakatuz bidenabar. Batek kontatuko du Maiatzaren Lehenean edo Erramuz eguna ezin zitekeela jarri. Jakina da gauzak ez direla nola nahizka inoiz suertatzen: Nafarroa hartu eman gesalduen pitzgune izanen ote da? Gure euskal komunitatea, euskararen zimenduarekin, hizkuntza euskal nortasunaren zutabe nagusi geratzen ari den mende honetan, keinu berri batekin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.