IPS zelulak (induced pluripotent stem cells, ingelesez; zelula ama pluripotente induzituak) ez dira uste zuten bezain otzanak. Azaleko edo ileko zelula soiletatik IPS zelulak bihurtzeko birprogramazio prozesua ez da perfektua. IPS zelulek eutsi egiten diote euren genoman zelula helduak zireneko oroimenaren zati bati, eta marka horiek bere horretan geratzen dira edozein ehunetako zelula bihurtzen direla ere. Ezuste horrek arazoak sortu dizkie ikerlariei, oztopoa saihestezina baita IPS zelulek osatutako ehunak transplanteetarako erabiliko badira. Hori da genetisten esperantza handiena: IPS zelulak gaitz degeneratiboei eta auto-immuneei aurre egiteko baliatzea.
Enbrioen zelula amen eta zelula ama helduen ikerketek aurrera jarraitzen dute, baina IPS zelulek iraultza txiki bat ekarri zuten 2007an, Shinya Yamanaka ikerlari japoniarraren eskutik. Birprogramazioaren bidez zelula heldu soilak manipulatu eta enbrioien zelula amen jarrera duten zelula bihurtzeko aukera sekulako aurkikuntza dela onartzen du komunitate zientifikoak. Orain, berriz, lehen oztopo garrantzitsua iritsi da, Joseph Ecker genetistaren taldeak Nature-n argitaratutako ikerketa dela eta; hark dioenez, IPS zeluletan zati txiki bat geratzen da birprogramazioaren ondoren, zelula helduak zireneko oroimena gordetzen duena. DNAri itsatsita dauden molekula batzuek gordetzen dute jatorrizko oroimen hori, metilomek. Eckerren taldeak kultiboak egin ditu IPS zelulen metilomak aztertzeko, eta frogatu dute enbrioien zelula amena bezalakoa dela ia osotasunean, baina ez oso-osorik. Hor dago arazoa, hain zuzen.
Horiek horrela, enbrioien zelulen ikerketak berarekin dakarren arazo etikoa IPSen aurkikuntzarekin saihestuko zela uste zuten denek. Egun, enbrioi zelulen ikerketa geldituta dago, AEBetan gailentzen den kontserbatismoa dela eta. Eta orain IPS zelulen bidean ere zuhurtzia eskatzen hasi dira, pluripotenteak diren arren, benetako desberdintasunak atzeman baitituzte enbrioien zelula amekiko.
Ana Zubiaga (Forua, Bizkaia, 1959) EHUko genetikako katedraduna da. Urteak daramatza enbrioien zelula amak ikertzen saguen bidez. IPS zelula aurkikuntza handia dela dio, baina ikertzen jarraitu behar dela ere bai. Enbrioi zelulekin ikertzearen aldekoa da argi eta garbi.
Shinya Yamanakak IPS zelulen aurkikuntza plazaratu zuen 2007an. Zientzia komunitatean harriturik utzi zituen asko. Zergatik da hain garrantzitsua aurkikuntza hori? Zertan datzan azalduko zenuke hitz gutxitan?
IPS zelulen aurkikuntzak dimentsio bat baino gehiago dauzka. Oraindik medikuntzan zer-nolako garrantzia duen jakin gabe ere, dagoeneko badu dimentsio zientifiko handi bat. Oso esperimentu sinplea da, baina ondorio izugarriak dituena. Aspaldian biologoen artean ezagunak diren master geneak erabiliz, zelula heldu batean —azalekoa edo ilekoa, adibidez— lau gene sartu, eta bat-batean enbrioien zelula amen modukoak bilakatzen dira, pluripotentzial. Ikusgarria da. Haien genotipoa aldatzen da; erraz ulertzeko: haien itxura. Eta enbrioien zelula amen itxura hartzen dute. Gero hori molekula mailako azterketan froga daiteke, noski. Oso polita da, sinplea delako; lau gene horien parte-hartzearekin zelula helduari esaten zaio dagoeneko ez dela zelula espezializatu heldu bat, enbrioien zelula amaren tankerakoa baizik, pluripotentzia- la.
Bai, baina ez dira enbrioien zelulak, induzituak baizik (IPS), eta ez da segurua enbrioien ama zelulen gisako jarrera dutenik kasu guztietan.
Lehen-lehenik, ehun mota guztietara desberdin ditzakezula ikusita, frogatu dezakezu zelula pluripotentzialak direla. Eta gero, lerro germinala produzitzen duzula ziurtatu. Hots, saguekin lan eginez gero, IPS zelula batetik abiatuta beste sagu bat sor daitekeela frogatu daiteke. Hain zuzen, hor dauka beste dimentsio bat IPS zelulen aurkikuntzak, enbrioien zelula amekin auzi etiko-politiko handia dagoelako. Uste zuten auzi hori konponduko zela, IPSak benetako enbrioi zelulak ordezkatzeko gai izan zitezkeela, enbrioi zelulen ikerketaren arazo etikoak saihestuz. Ez ahaztu AEBetan 400.000 enbrioi daudela gordeta (izoztuta), ikerketarako prest.
Baina orain berretsi dute IPS zelulak eta enbrioien zelula amak ez direla erabat berdinak.
Bai, IPS zelulek helduak zireneko oroimen pitin bat gordetzen dute oraindik. DNAri itsatsitako proteina batzuetan eusten diote bereari. Laborategi bakoitzean sortutako IPS zelulak desberdinak dira euren artean, baita enbrioien zelula amekiko ere, metilomak, patroiak desberdinak direlako. Baina, kontuz, orokorrean, oso antzekoak dira IPS zelulak eta enbrioien zelula amak, hori ezin da ukatu, baina ez dira guztiz-guztiz berdinak.
Zer ekar dezake horrek?
Ikusteko dago oraindik, baina fideltasun handiz lerro germinal bat sortzeko eta hortik gizakiak klonatzeko, IPS zelulen bidea ez litzateke hain ona eta eraginkorra izango. Izan ere, IPS zelulak kultiboan jartzen dituztenean ikusten da enbrioien zelula amak baino azkarrago zahartzen direla, heriotza zelularraren tasa altuagoa dela. Horrek esan nahi du enbrioien zelulak etengabe bikoizteko eta zelula berriak ateratzeko daukaten gaitasun horren mailakoak ez direla. Hala ere, beste erabilpen batzuetarako baliagarriak izan daitezkeela uste dut nik. Demagun bihotz nekrotiko bat dugula eta hor sartu nahi ditugula zelula berriak zenbait urtean funtzionatzeko; bada, horretarako balio digute IPS zelulak. Kontua da zelula horiek hobeto ezagutu behar ditugula, noraino hel daitezkeen jakin ahal izateko.
Aplikazio klinikoak aipatu dituzu. Zer espero daiteke IPS zelulak etaenbrioien zelula amen bidezko ikerketetatik? Giza organo bat sortzeko gaitasuna izango al du medikuntzak ikerketa horiei esker?
Luzera begira, beharbada, bihotz oso bat sortzeko aukera egongo da, baina oraingoz inor ez dago horretan, hiru dimentsioko organoa sortzea oso bestelako kontua baita. Ez, orain zera pentsatzen ari dira: bihotzean nekrosi bat izan bada oxigeno urritasunagatik, kardiomiozitoak lortzeko enbrioien zelula amak edota IPS zelulak bihotzean txertatzea nekrosiaren inguruan. Zelula horiek espezializatu egingo dira horretarako aldagaiak daudelako, kardiomiozito bihurtuko dira bihotzean, ehun guztietan baititugu zelula amak. Haien potentzialitatea guztiz murriztua dago, baina, adibidez, bihotzean egon badaude. Beste bide bat ere badago: laborategian zelula espezializatuak egin; enbrioi zeluletatik edo IPSetatik abiatuta, epatozitoak, neuronak, makrofagoak edota beste zelula espezializatuak sortu eta gero gorputzak behar duen organoan txertatu. Bide horrek ikerketa gehiago eskatzen du, baina dagoeneko egin daiteke.
Dena den, terapia hauek bakarrik akats genetikorik ez duten gaixoekin egin daitezke, ezta?
Erabilpen kliniko hauek balekoak izan daitezke, betiere gaixoak akats genetikorik ez badu, hots, haren zelulak normalak badira; bihotz nekrotiko, parkinson, gibel ahul, biriketako displasia eta beste hainbat kasutan balio dezake, agian. Hau dena proba klinikoan dago, hala ere.
Eta gaixotasun genetikoa dagoenean zer?
Kontuan hartu kasu horretan gaixoaren gorputzeko zelula guztiek izango dutela akatsa, nahiz eta gaitza leku zehatz batean atzeman —esaterako, gibelean edo bihotzean—. Hauxe egiten da: zelulak gorputzetik kanpora atera, laborategian gene akasdunak kendu eta gene basatia sartu, sanoa. Ondoren, IPSak sortu eta txertatu gaixoari.
Eztabaida etikoak alde batera utzita, enbrioien zelula amak erabilpen klinikotik gertuago daudela diote adituek. Hala al da?
IPSetan baino ezagupen sakonagoa dagoela argi dago. Urte gehiago daramagu haiek aztertzen, eta hobeto ezagutzen ditugu. Batik bat, etikoa da enbrioien zelula amen arazoa, edo politikoa, eta beste alde batetik errefusatzea dago. Izan ere, enbrio zelulak ez dira gaixoaren gorputzekoak, eta gerta daiteke hark atzera botatzea, ez onartzea, transplanteekin gertatzen den bezala. Norberaren zelulekin aritzeak abantaila hori badauka, errefusatzerik ez dago. Onartu behar da IPS zelulak oso lagungarri izan daitezkeela, ez agian gizakiak klonatzeko, akats askorekinaterako litzatekeelako, bainabai kaltetutako ehunak kon- pontzeko, nahiz eta IPS horie- tan metilomak kalte txikiak ukan.
Enbrioien zelula amen ikerketarekin jarraitzearen aldekoak zarete ia genetista guztiak. Zein iritzi duzu zuk?
Enbrioien zelula amekin lanean jarraitzearen aldekoa naiz, noski; ez dut arazo etikorik ikusten. Milaka enbrioi daude ikerketa zientifikorako zain. Oraindik ez dakigu, adibidez, nola bihurtzen den enbrioien zelula ama zelula heldu espezializatu, nola sortzen diren banatze horiek. Ikerketa asko egin behar da oraindik, oso gutxi baitakigu.
Ezarian. Zientzia. Ana Zubiaga. EHUko genetika katedraduna
«IPS zelulak ez dira egokiak gizakiak klonatzeko, baina bai ehunak konpontzeko»
IPS zelulak pluripotenteak dira, enbrioien zelula amak bezala, baina berriki arazoak atzeman dituzte haietan. Ezbaian egon daiteke zelula induzituek medikuntzarako balio ote duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu