Ipuinetako zapatak

Kartoizko zapatak egin ditu Irati Guarretxena diseinatzaileak. Donostiako Kutxa Kultur Lana diseinatzaile berrien lehiaketan aurkeztu ditu, eta oso harrera ona izan dute.

Kartoi xaflak elkarren alboan jarrita egin ditu zapatak Irati Guarretxena diseinatzaile gazteak. NATALIA MICHALEC SZAFRANSKA.
Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Ezinezkoak diruditen gauzak egiazko bihurtzen dira zenbaitetan. Milaka haurrek ezagutzen dute Errauskine eta haren kristalezko zapaten istorioa. Kartoizko zapatak ere ipuinetan agian existituko direla uste izan dezake batek, baina ez. Ez da literatura. Irati Guarretxena diseinatzaile gaztearen azken asmakuntza dira. Donostiako San Telmo museoan egin den Kutxa Kultur Lana diseinatzaile berrien III.en moda desfilean aurkeztu ditu, eta epaimahaiaren sari berezia eta bigarren saria eskuratu ditu.

Zapaten horma egiteko kartoizko xaflak jarri ditu bata bestearen gainean. «Kartoiak emakume baten pisuari eusteko nahiko indar baduela frogatu dut. Harrigarria da», dio Irati Guarretxenak. Kartoiz egindako altzariak dagoeneko bazeudela aipatu du, baina zapatarik ez. Desfilerako sortu ditu espresuki bi pare. «Erosoak dira, baina ez dira oso praktikoak egunerokorako; hemen, behintzat, euri asko egiten du, eta kalean ezin dira jantzi».

Zalantza ugari izan zituen, edonola ere. Proba asko egin ditu azken emaitza lortu arte, eta etxekoek lagundu diote. «Aita izan dut kolarekin alboan. Behin eta berriz esaten zidan 'modeloak ez al dira bidean eroriko?'. 'Bada, erortzen badira egunkarietan agertuko gara. Eazortea dugun' erantzuten nion». Azkenean, ez zen inolako ezustekorik gertatu, eta oso pozik geratu da egindako lanarekin.

Ikusleen harrera beroa izan da. «Desfilean bertan asko ez ziren ohartu, urrutitik zapata arruntak diruditelako, bainaamaitu eta gero gertutik ikusi eta ukitu bezain pronto txundituta geratu ziren gehienak».

Zapatak ez ezik, arropen bilduma ere erakutsi du San Telmon. Guztiak diseinatzeko papera izan du abiapuntu, eta hortik bururatu zitzaion kartoiarekin lanean hastea. Patroiak paperarekin egin ditu, eta behin soinekoaren edo jantziaren forma paperean irudikatuta iritsi da bigarren urratsa: larrua edo oihala jostea. «Ohiko ereduetatik kanpo, bi dimentsiotik hiru dimentsiorako formak bilatu nahi izan ditut bilduma honetan». Soineko bati, esaterako, hiru dimentsioko lepokoa egin dio.

Oihalaren ehundura eta gorputza dituinspirazio iturri Guarretxenak. «Askotan oihala bilatzen dut lehendabizi, eta gero bururatzen zait zer egin».

Ikusleek bakarrik ez, epaimahaiak ere saritu du diseinatzailearen lana. Kutxa Kultur Lana desfilean bigarren geratu da Guarretxena, beste batzuekin batera. «Lehen aldiz San Telmo museoan antolatu dute aurten, eta baldintza askoz hobeak izan ditugu. Jendearen erantzuna ona izan da; inoiz baino sektoreko lagun gehiago bildu da». Sarituek datorren urteko otsailean neguko bilduma erakutsi ahal izango dute. Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoan. Ametsa da Guarretxenarentzat. Euskal Herrian irits daitekeen mailarik gorena. «Nazioartera begira geure burua ezagutarazteko mesede egingo digula iruditzen zait».

Le Titare saltokian

Bartzelonan bost urte eta Londresen denboraldi bat pasatu zuen ikasten Guarretxenak, baina argi izan zuen hona itzuli eta hemen egin nahi zuela bidea. Donostiako Bretxa saltoki gunearen azpiko Le Titare lokalean pasatzen du eguna orain. Saltoki eta tailer funtzioak betetzen dizkio espazioak. Han ditu kartoizko zapatak ere ikusgai. Artelan baten gisara zaintzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.