Arteak eta zientziak bat egiten dute Mauricio Antonen obretan (Bilbo, 1961). Ilustratzailea da, baina irudigileen munduan, bazkide gutxi dituen klub bateko kide da: artista paleontologikoen klubekoa alegia. Historiaurreko animalien irudiak egiten ditu. Olio pinturak margotzen zituen hasieran; orain, ordenagailua du lagun. Teknologia berrien eskutik, hain zuzen ere, mugimenduz hornitu ditu Antonek lehen lauak ziren animalien irudiak. Abiapuntua, hala ere, beti izan du bera: fosilak. Hezurretatik abiatuta, aspaldiko animalien irudia berreskuratzea du helburu.
Arkatza azkar mugitzen du Antonek paperean gora eta behera. Istant batean, dinosauro batek bete du espazio zuria. Sumatzen zaio eskarmentua artistari. Eta, batez ere, ofizioa afizio duela igartzen zaio. Gogobetetzen duela benetan egiten duenak. «Biziki maite dut nire lana», aitortu du. Bere kabuz aritzen da. Hamaika aldizkari eta liburutako marrazkiak egin ditu, hamaika museotako erakusketetarako irudiak. Madrilen bizi da, eta hango Natur Zientzien Museo Nazionalarekin aritzen da lanean, bertzeak bertze; Atapuercako proiektuko arduradun Juan Luis Arsuagaren lanen ilustratzailea ere izan da, eta El secreto de los fósiles (Fosilen sekretua, Aguilar, 2007) idatzi eta ilustratu du, bere lanari buruz, bertze proiektu anitzen artean. Orain, tigre sable horzdunari buruzko liburua du esku artean. «Azken hogei urteotan egin nahi izan dudan liburua da hau», azpimarratu du.
Ameriketako Estatu Batuetako argitaletxe batekin plazaratuko du, Indiana University Press etxearekin. «Hemen halako liburuak argitaratazeko interes gutxi dago». Enpresek ez dute urrats hori egin nahi, baina gaiak interesa pizten duela argi du Antonek. Hari goiz sortu zitzaion. «Beti aritzen nintzen animalien marrazkiak egiten». 4 urterekin marraztu zuen zebraren irudia fresko du, oraindik ere, buruan. 10 bete zituenean historiaurreko animalien ilustrazioak kopiatzen zituela ere bai.
Arte paleontologikoaren esparruan, hala ere, geroago sartu zen, bete-betean. Familiaren ibilbideak Bilbotik Venezuelara eraman zuen Anton. Han bizi izan zen 1971tik 1985era bitarte. Arte grafikoen arloko ikasketak egin zituen, baina artearen munduan paleontologiarekin zer ikusteko gutxi zuten lanak osatu zituen Venezuelan. «Margo surrealistak eta onirikoak egiten nituen hango galerietarako». Venezuelatik Madrilera ailegatu zen Anton 1980ko hamarkadaren bigarren erdian. Orduko Madril hartan, artistaren lanek ez zuten tokirik aurkitu. «Zorionez, huts egin nuen».
Barrutik kanpora
Itzuli zeneko porrot horrek eman zion aukera Antoni bertzelako bideak saiatzeko. Finean, betidanik buruan eta bihotzean gordetako bidean urratsak egiten hasteko. «Erakusketa bat egin nuen galeria batean. Nire lanetako batean dinosauro bat ageri zen. Behin, bi mutil ikusi nituen hari begira, eta dinosauroari buruz hizketan. Ederki identifikatu zuten animalia. Jakin-mina piztu zitzaidan; haiengana hurbildu, eta paleontologiako ikasleak zirela jakin nuen». Topaketa horrek aukera eman zion Antoni galeriako bisitarien irakasle Jose Luis Sanz ezagutzeko. «Harekin hasi nintzen historiaurreko animaliak marrazten».
1980ko hamarkadan jarri zen martxan Anton. Arteaz, irudien munduaz zekiena zientziaren, paleontologiaren eta anatomiaren esparruko ezagutzekin osatzen joan da geroztik. Etenik gabeko prozesua dela argi du ilustratzaileak. Edozein datu berrik hankaz gora jar dezakeela orain arte egindakoa. Erabateko zehaztasunak gutxitan baitu tokia haren eguneroko lanean. «Historiaurreko animalia baten irudia osatzeko, fosilak, hezurrak erabili behar ditugu anitzetan. Bertzerik ez dugu. Errealitatera ahalik eta gehien hurbiltzen saiatzen gara, dugun informazioa lagun, baina ezin dugu ehuneko ehunean ziurtatu animalia horiek guk irudikatu ditugun bezalakoak izan zirela».
Paleontologiaren esparruan aritzen den artistak, horregatik, hutsak zuzentzeko prest egon behar du beti. Edo hobeki erranda, bidean atzera egiteko prest, datu berriek bertzelako norabidean eramaten badute. «Ilustratzaileak zorrotza behar du izan; helburu estetikoaren gainetik, zientifikoa dago. Gure lanean ezin ditugu artea eta zientzia bakoitza bere kabuz hartu. Elkarrekin doaz». Irudigileak ez du inoiz ahaztu behar benetan existitu zen zerbait ari dela margotzen. «Errealitate horrekiko fidel izan behar dugu». Asmoa, gainera, ez da animalia bakarrik irudikatzea. Helburua da animalia hori haren habitatean kokatzea; bizitoki zuen inguruan imajinatzea, adituek dituzten datuak eta informazioa abiapuntutzat hartuta.
Anitzetan, abiapuntu hori urria da. Halakoetan, erronkaren neurria handia izaten da, eta ilustratzailea ia detektibe bilakatzen da. «Auzi medikuak kanpotik barrura egiten du bidea. Guk, berriz, alderantziz, barrutik kanpora. Hezurretatik abiatuta, kanpokoa nolakoa izan zen asmatu behar dugu». Hau da, hezurretatik abiatuta, giharrak, azala eta animaliaren ingurua osatu arteko puzzlea egiten dute artista paleontologikoek.
Erronka horri gustura egiten dio aurre Antonek, eskura dituen tresna guztiak baliatuz. Azken urteotan ordenagailua bilakatu da tresna horien artean garrantzitsuenetako bat, haren bidez, hiru dimentsiotako irudiak osatzeko gai baita Anton. «Animaliak mugimenduan ikusteko aukera dugu haiei esker». Mugimendu horiek, animalien itxura bezala, hezurretatik jasotako informazioaren bitartez errepikatzen ditu ilustratzaileak. Antonek egindako hiru dimentsiotako irudi horietako hainbat Teruelgo Dinopolis parkean (Espainia) ikus daitezke. Tigre sable horzdunari buruzkoak ere prestatzen ari da.
3D irudiak, liburua... tigre sable horzdunak interes berezia piztu dio beti Antoni. «Felinoak maite izan ditut beti, eta oraindik ere, bizirik dira gure artean. Dotoreak dira, isilak. Tigre sable horzduna felinoen senide izan zen, baina, aldi berean, hagitz bertzelako animalia zen, bere hipertrofiatutako letaginekin. Animalia hurbilak dira guretzat, baina, aldi berean, hagitz ezezagunak». Dakiena, behintzat, irakurleen eskura jarri nahi du Antonek. Ekainerako bukatuko du lana, baina argitaratzeko data oraindik zehazteko dago. Bitartean, Mauricioanton.org helbidean ikus daitezke bilbotarraren lanak. Iraganaren zati bat, iruditan.
Ezarian
Iragana marrazten
Gutxik osatzen duten talde bateko kide da Mauricio Anton bilbotarra: artista paleontologikoa da. Historiaurreko animaliak marrazten ditu; haien fosilak oinarri hartuta sortzen du obra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu