Telesailak

Iraganaren izotzezko hesia

Argi-ilunez beteriko polizia sistemaren inguruko intrigazko lana osatu du Jim Loachek ‘Criminal Record’ telesailean. Lehen hiru atalak dagoeneko Apple TV Plusen daude ikusgai.

CRIMINAL RECORD TELESAILA
'Criminal Record' telesaila. APPLE TV PLUS
Mikel Yarza Artola.
2024ko urtarrilaren 20a
05:00
Entzun

Ken Loach 28. filmarekin iritsi da ibilbide profesionaleko helmugara, The Old Oak izan da haren erretiroaren iragarle eta ia aldi berean itzuli da Jim semea joko mediatikoaren lubakietara, aitaren lekukoa hartzeko ate joka baletor bezala. Haren itzalean, hogei urtez gaindi egin ditu dagoeneko pantaila txikirako zuzendari lanetan, baina Criminal Record da osorik gidatu duen telesail luzeena, eta, hain justu, orain arte egindakoen artean gizarte kutsu handiena duena.

Londresen bihotzean abiatzen da istorioa, larrialdi deiak jasotzen dituen polizia zentro batean. Emakume batek izututa hots egin du kaleko telefono kabina batetik, bikotekideak behin eta berriz jo duela eta akabatuko duen beldur dela. Lekukotza gordinak aztoratuta, emakumezko detektibe protagonista kasuarekin obsesionatuko da, eta galderaz beteriko krimen baten arrastoari segika hasi. Gertakaria iraganeko konspirazio handiago bati lotuta egon litekeela ohartu, eta, egia topatu nahian, dena arriskatuko du, muga profesional eta pertsonal oro gailentzeraino.

Polizia prozeduren dramak aspaldiko klasiko bat dira, 1880 inguruan dagoeneko presente zeuden fikzioko literaturan. Hortaz, Loach gazteak ez du ezer berririk asmatu, baina ekarpen propioa egin du, kontraesan moralez beteriko pertsonaiak marraztu baititu, gizatasuna erdigunera ekarri eta tonu grisez beteriko istorio konplexu bat marrazteko ahaleginean.

Askotariko erregistroen kontrola da telesailaren beste indarguneetako bat. Aldi berean da gizartetik baztertuta bizi direnen inguruko drama sentikorra, lantokiko hierarkia errukigabeen erradiografia eta abiada biziko polizia thrillerra. Paul Rutman gidoigilea oso kontziente da korapilatu nahi dituen ildo guztiez, eta airoski askatzen du horietako bakoitza.

Istorioak kutsu transzendental handia du. Iraganaren zama nonahi dago, eta argitu gabeko misterioa dena lausotzen duen laino ikusezin baten tankerakoa da. Peter Capaldi (Doctor Who, The Thick of It) aktore beteranoak izugarri modu inspiratuan haragitu du giro hori, begirada ikaragaitzeko detektibe beteranoaren rolean.

Haren izotzezko hesiarekin egingo du talka protagonista gazte idealistak (Cush Jumbo, The Good Wife), ofiziozko prozedurei izkin eginez abiaturiko ikerketa paraleloan. Abiada bizian jokatzen du, foku guztiak erakartzen dituen misterioa argitzeko itxaron ezin duen ikusle baten tankeran, eta ausardia neurrigabe horrek ondorio ikaragarriak izango ditu bere eta ingurukoen bizitzan.

Muturreko indarkeria areagotu egingo da protagonista krimenaren iturburura gerturatu ahala, eta publikoak bere azalean sentituko ditu izua, tentsioa eta itolarria. Kamera pertsonaiei eta haien unean uneko sentipenei itsatsita mugitzen da batetik bestera, autoan, bulegoan edo kartzelan, telefono dei aztoragarrietan edo etxebizitza eraikin bateko sarekadan.

Fikzio bat da, baina Jim Loachen Criminal Record telesailak zuzenean edaten du errealitatetik, eta horrek inpaktu bikoitza du ikuslearengan. Arrazoiak, emozioek eta bizitzaren kontraesanek bat egiten dute urte hasierako nobedade erakargarri honetan.

'CRIMINAL RECORD'

  • Sortzaileak. Paul Rutman eta Jim Loach. Aktoreak: Cush Jumbo, Peter Capaldi, Stephen Campbell Moore, Zoe Wanamaker eta Charlie Creed-Miles. 
  • Herrialdea. Erresuma Batua.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. Apple TV Plus.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 45 minutu.
  • Generoa. Thrillerra. Drama.

     

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.