Aurreikuspenekin asmatzea. Hori da sismologoen erronka nagusia. Informazio gutxi heltzen da, ordea, etorkizunetik, eta iragana ezagutzea da, beraz, gakoa. Orain arteko lurrikarak aztertu eta haien jokaera ongi ezagutzea da etorriko direnak hobeki ulertu eta zehatzago aurreikusteko modua. Datuak ere ez dira asko, halere. Mende bat inguru da informazio sismologikoa biltzen hasi zela, eta ez dago lehenagoko daturik. Harriak dira horretaz mintzo diren bakarrak, baina irakurtzen jakin behar. Eta hori egin dute. Iraganeko dardaren aztarna horiek neurtzeko tresna berri bat asmatu dute Tel Aviveko Unibertsitateko Shmuel Marcok eta bere kideek.
«Fosilen sismografoa». Hala deitu dute beren asmakizuna Marcok eta kideek Geology aldizkarian argitaratu duten ikerketan. Itsaso Hilean zenbait sedimentutan «uhin» arraro batzuk ikusi zituzten, eta hasierako harridura horretatik abiatuta hasi zuten ikerketa. Ura gertu duten inguruetan soilik aplika daiteke beren sismografo hori, eta sedimentuen uhin horiek aztertuz jakiten dute iraganeko lurrikaren neurria eta datazioa. Sedimentu astunak arinagoetara pasatzen dira lurrikaretan, eta batzuen eta besteen talka horren aztarnak begiratuta izan dezakete antzinako lur mugimendu haien berri.
Lurra hodeien pare
Hodeietan eta itsasoko olatuetan eragiten duten lege fisikoak dira lurrean eragiten dutenak ere, Marcoren eta bere taldearen ikerketaren arabera. Harrien kasuan, lurrikarak dira olatu horiek sortzen dituztenak. Kelvin-Helmholtz Ezegonkortasuna izeneko teoria da Tel Aviveko Unibertsitateko kideek lurrari aplikatu diotena. Isurien turbulentziak deskribatzen dituen teoria bat, hain zuzen ere. Higaduraren oinarrizko legeak, sedimentuetan aurkitutako formen nolakotasunak eta zientzia fisikoen printzipioak ere hartu dituzte kontuan beren neurketak egiteko. Kalkulu horien arabera neurtzen dute lurrikaren eskala, garaia eta gunea.
Uhina aztertzea da giltza. Tolestura moduko horiek begiratzea. Hiru fase aipatzen ditu ikerketak. Nabarmenegia ez den uhin moduko bat ikus daiteke lehenengoan. Tolestura konplexuak bilakatzen dira uhinak bigarren fasean. Hausturak eta ezegonkortasuna hirugarrenean. Lurrikara zenbat eta handiagoa, orduan eta deformazio nabarmenagoa. Laku, itsaso eta gisakoen inguruan soilik erabil daiteke, hala ere, Marcoren eta bere taldekoen iraganeko lur mugimenduak neurtzeko metodoa.
Ezarian. Zientzia
Iraganeko dardaren neurria
Tel Aviveko unibertsitateko ikerlari batzuek iraganeko lurrikarak neurtzeko tresna asmatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu