Iraganeko ezagutza, orainak mugatuta

Gaur egungo aurreiritziak aplikatu ohi dira ikerketa arkeologikoetan, Mikel Herran eta Enrique Moral de Eusebio ikerlarien arabera. 'Queer' arkeologia aldarrikatu dute: identitate hertsiak baztertzen dituzte, interpretazio aukerak zabaltzeko.

Modenako maitaleen irudia. BERRIA.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Hezur berberak dira, kokapen berean egondakoak 1.500 urtez, baina, argitara atera zituztenetik, izan dira lehenengo senar-emazte, eta ondoren neba, lehengusu edo batailan batera hildako bi soldadu. Modenan (Italia) topatu zituzten eskeletook 2009an, batera ehortzita, eskutik helduta. «Hala egoteagatik, asumitu zen lotura erromantiko edo sexual bat zegoela haien artean. Beraz, harreman heterosexual bat izan behar zuen», Mikel Herran (Zaragoza, Espainia, 1991) arkeologoak eta Leicesterreko Unibertsitateko (Erresuma Batua) doktoregaiak azaldu duenez. Gizon bat eta emakume bat zirela uste zuten aurrena. Baina 2019an, teknika berriei esker ezagutu zenean bi hilotzek XY kromosomak zituztela —alegia, sexu kromosomiko maskulinoa —, desagertu egin zen bat-batean haien arteko erakarpena.

Arkeologia arrastoekin behar egiten duen zientzia izanik, zantzu sarri zalantzakorretatik abiatuta eraiki behar da indibiduoen historia eta testuingurua. Tarte handia dago, hortaz, espekulazioetarako, eta ezinbestean islatzen dira egungo ikerlarien aurreiritziak antzinako hondarretan. Oraingo kategoriak erabiltzean, baina, ezagutza herrendu egiten da, Enrique Moral de Eusebio (Madril, 1992) arkeologo eta Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko ikerlariaren irudiko, aukera mordo bat uzten baita kanpoan; ezabatu egiten dira egitateetako asko. Joera horren kontrakarrean, queer arkeologia aldarrikatzen eta praktikatzen dute Moral de Eusebiok eta Herranek —PutoMikel bezala ezaguna sareetan—, eta molde horren ekarpenak aletu dituzte berriki Bilboko Arkeologia Museoan.

Moral de Eusebioren hitzetan, queer arkeologiak oraingo kategoria batzuk deseraikitzea proposatzen du —hala nola generoa, sexua eta sexualitatea—, saihesteko bere horretan aplikatzea iraganera, ez bailukete zentzurik. Horrek ez dakar sexu biologikoaren ukazioa, Herranek ñabartu duenez. «Zalantzan jartzen du biologikoa beti modu berean irakurri delako baieztapena». Ez baita hala izan. Sexu bakarraren eredua izan zen nagusi Galenoren garaitik —II. mendetik— XVIII. mendera arte, eta ikuspegi horrek alderik alde zeharkatu zuen Europako medikuntza denbora tarte hartan. Herran: «Uste zen emakumea zela erabat garatu gabeko arra, fetuaren garapenean beroa faltatzen zitzaiolako. Eta, beraz, bagina zela iraulitako zakil bat, eta abar». Horrenbestez, eskeleto femeninoen sexua ez zen zehazten, iruditzen baitzitzaien desberdintasuna ez zela esentziala, baizik eta graduzkoa.

Paradigma beste bat izan zen XVIII. mendetik aurrera, ordea. Gizonak eta emakumeak espezie desberdinetakoak zirelako diskurtsoa hasi zen hedatzen, eta aldatu egin zen gorputzak irakurtzeko manera, Herranen arabera. «Lehenik eta behin, emakumea inperfektua zen; gero, gizonarekiko erabat desberdina zen. Gizarte patriarkalean, bi ereduek daukate karga sexista bat. Sexua existitzen da, baina horrek nola eragiten dien patroi sozialei, estereotipoei... Historikoki eta kulturalki sortua da hori».

Irakurketak ugaritu

Queer arkeologiak muzin egiten die irakurketa estuei: ez du asumitzen heterosexualitatea eta zisexualitatea izan direla araua gizadiaren aro guztietan, ikerlariek nabarmendu dutenez. Era berean, saihestu egiten du identitate hertsi oro, baita sexutik eta sexualitatetik haragokoak ere, are historikoak, Herranek azaldu duenez. «Klase sozialen irakurketa queer bat egiten da. Adibidez, talde bakarrean sartzen ditugu plebeioak, baina errealitateak oso desberdinak dira. Batzuetan, identitateak modu oso homogeneoan aplikatzen ditugu». Lorratzetatik azalpenerako jauzian, askoz ugariagoak izan litezke bideak, Moral de Eusebioren iritziz. «Abagune bat da iragan desberdinak imajinatu ahal izateko. Ehorzketa bat topatzen denean, garrantzitsua da aukera guztiak baloratzea, eta bat ere ez baztertzea, ez badago haren kontrako ebidentziarik».

Hala, queer arkeologo batek zalantzan jarriko luke eskutik helduta egoteak harreman sexual bat inplikatzen duen nahitaez, baita, agian, bi lagunak gizonak zirela ere, kromosomak gorabehera. Herran: «Badaude emakumeak XY kromosomak dituztenak. Morrisen sindromea deitzen zaio. Baginarekin jaiotzen dira, baina geroago ikusten da barruan testikuluak dituztela. Agian, Modenakoak gizon eta emakume bezala irakurriak izan ziren beren garaian. Ezin dugu teoriarik baztertu».

Alabaina, iragana birsortzeko ahaleginetan, hezurrak ez dira helduleku bakarrak. Horiekin batera, indusketa batzuetan objektuak ere berreskuratzen dira, hildakoaren pieza pertsonalak. Laguntzen dute testuingurua taxutzen, orobat, eta bestelako subjektu batzuk irudikatzen. Adibide bat aipatu du Moral de Eusebiok: Suontaka Vesitorninmakin (Finlandia), giza arrasto batzuk topatu zituzten 1968an, oso egoera txarrean; inguruan zeuden pare bat ezpata, baina baita bitxi batzuk ere.

Askotarikoak izan dira hipotesiak: gizon gerlari bikingo baten eta haren emaztearen hilobia ei da, edo emakumezko gerlari bikingo batena; edo agian ehortzitakoa pertsona intersexual bat da, jabetza bilduma ez-bitarra zuena —maskulinotzat jotako armak eta femeninotzat jotako apaingarriak—. «Eskeletoak islatzen du garapen nutrizionala, zauri motak... Generoak markatutako ak», esan du Herranek. «Baina objektuek islatzen dute identitatea, nola ikusten zuen bere burua, zer leku zuen gizartean».

Aurreiritziek, baina, ez diete soilik indibiduoei eragiten; testuingurua bera ere blaitzen dute, eta aplikatzen dituzte, esate baterako, familietara. Moral de Eusebioren berbetan, museoetan «oso ohikoa» izaten da historiaurreko familiak irudikatzea hiruzpalau kidek osatutako taldeak bezala: aita, ama eta bat edo bi seme-alaba. «Baina familia nuklearraren eredu hori oso berria da, XIX. mendekoa, gutxienez». Hortik atzera —baita gaur egun ere, Mendebaldetik harago—, modelo zabalagoa zen nagusi; hau da, familiatzat jotzen ziren ez soilik gurasoak eta horien haurrak, baita antzeko adina zuten kideak ere, aitona-amonak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.