Iraganeko harriak zizelkatuz

Silexa du langai Maite Garcia Rojasek. Besteak beste, orein adar edo harriekin azkonen puntak eta gisako Historiaurreko erremintak sortzen ditu, Paleolito garaiko teknikez baliatuz.

Harrizko erremintak sortzen ikasteko, hainbat herritan eskaintzen ditu Maite Garciak ikastaroak. MAITE GARCIA ROJAS.
Gasteiz
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Harriekin egiten du lan Maite Garcia Rojasek. Hobeto esanda, silexarekin. Urte batzuk daramatza harrizko erremintak sortzen gizakiak antzina lantzen zituen moduan. Doktoretza prestatzen duen bitartean, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko bekadunak tailerrak ematen ditu, Paleolito garaian egiten ziren moduko silexezko tresnak zizelkatzeko.

Arkeologia esperimentalaren barruan sartzen diren tailer horietan, arkeologia beste era praktikoago batean irakastea lortzen dute: «Arkeologia esperimentala topatu izan diren aurkikuntzak hobeto ulertzeko baliogarria da, batez ere, Paleolito garaiko aztarnak horren urriak izanda». Zehazki, silexaren zizelkaketak Historiaurreko esku tresnak egiteko erabili ziren eratze sistemak ulertzen laguntzen du. Bestalde, Paleolito garaiko ehiztari-biltzaileen jarduerei buruzko informazioa ere lortzen da. Labur esanda, iragana argigarriago egiten laguntzen du Garciak bere tailerren bidez: «Historiaurrelari gisa egiten dugun lanak lagundu egiten digu jendearengana hurbiltzen eta arkeologia ezagunagoa egiten».

Zizelkatze klaseak, ordea, ez dira ikastaro finkoak: «Harria lantzen ikasteko ikastaroak dira; normalean hainbat herritako aste kultural edo auzo lantegietan eskaintzen ditugu», azaldu du Garciak. Halere, EHUk urteak daramatza horrelako ikastaroak eskaintzen zientziaren astean.

Maite Garcia 2008tik ari da lan horretan. Ikasketetan izan dituen hainbat irakaslek sartu zuten industria litikoa deritzonean, alegia, silexaren lanketan: «Andoni Saez de Buruaga da horietako bat». Aldiz, ez dira denak irakasleak izan: «Mundu mailan zizelkatzen aditua den Mikel Agirre arabarrak erakutsi zidan zizelkatzearen alde praktikoa».

Harrera oso ona izaten dute silex ikastaroek: «Egia esan, jakin-min handia dago parte hartzaileen aldetik. Izan ere, oso deigarria da». Helburua beti ere Historiaurreari buruz gehiago jakitea denez, ehiza (labanak, aizkorak) edo larruen tratamendurako erabiltzen ziren lanabesak egiten dituzte tailerretan. «Baita hezurretan eta beste material batzuetan zizelkatzeko balio duten tresnak», azaldu du Garciak.

Erreminta eratzeko erabiltzen den tresnak kolpekari izena jasotzen du, eta erabilitakoaren arabera sistema ezberdinak daude. Historian zehar harriak lantzeko teknika ezberdinak izan badira ere, nagusiki Paleolitoan erabiltzen zirenak erakusten ditu Garciak, bereziki, kolpatze zuzena izena jasotzen duen sistema: «Errekarri, orein adar edo egur zati batekin zuzenean silexaren gainean kolpatzean datza. Kolpekari bakoitzak ezaugarri bereziak ditu harri eraketan». Eratze hori, ordea, ez da horren erraza. Praktika urte asko behar dira, harri dezente apurtu behar delako.

Indarra baino gehiago abilezia behar dela dio Garciak. Gainera, aitortzen duenez, harriak haustea dinamika zaila ez bada ere, beharrezkoa da abstrakzio maila bat, eskuratu nahi den erreminta lortzeko: «Migel Angelek zioen moduan, harria landuz barruan daukana atera behar zaio». Kasu honetan, eskulturen ordez, gure iragana hobeto ulertzen laguntzen duten harrizko laban, azkonen punta edota arraskatzeko tresna ederrak dira emaitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.