Iragartzearen artea

Iragan mendeko kartelak ikus daitezke Gernikako Euskal Herria museoko 'Euskal kartelak. 1902-1971' erakusketanHainbat euskarritan egindako 47 lanek osatzen dute erakusketa

Erakusketako kartelak arloka banatuta daude. LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA.
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Joan den mendekoak dira kartelak. Gernikako Euskal Herria museoan ikus daitezke, Euskal kartelak. 1902-1971 erakusketan.Guztira, 47 lan dira: bi olio, guax bat eta 44 litografia. Obra horiek guztiak kartel iragarleekin lotura dute, Leire Irazabal museoko teknikariak azaldu duenez.

Erakusketaren izenburuan arte hitzari garrantzia eman nahi izan diotela esan du teknikariak. Izan ere, ikus daitezkeen lanak, «hedapenerako kartelak izateaz gain, arte kutsua ere badute», Irarzabalen hitzetan.

Kartelek hainbat arlo hartzen dituzte, hala nola politika, kirola, industria eta turismoa. Gehienak 1930eko urteen bueltan egindakoak direla azaldu du Irazabalek.

Besteak beste, Aurelio Arteta, Alberto Arrue, Antonio Gezala, Juan Cabanas, Txiki, Martinez Ortiz de Zarate eta Nestor Basterretxea dira kartel horien egileak.

Erakusketa Bizkaiko bi museoren arteko kolaborazioari esker lortu da: Bilboko Arte Eder museoa eta Gernikako Euskal Herria museoa. Horien lanekin batera, Saenz de Gorbea bilduma pribatuko olio bat ere erakusten dute. Obra horiek guztietatik 41 Arte Ederren museokoak dira, bat bilduma pribatukoa eta, gainontzeko bostak Euskal Herria museokoak.

Azken horien artean, Alberto Arruek 1922an Gernikan egindako Eusko Ikaskuntzako III. Kongresurako sortu zuen olioa nabarmendu du Irazabalek. Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Zerbitzuko taldeak obra hori tratatu zuen iaz. Artelanaren markoa kentzerakoan kartel iragarlerako letrak azaleratu ziren. Horrezkero, leku berezi bat eman nahi izan diote erakusketan. «Lan horren kartel originala falta zitzaigun, eta horregatik, erreproduzitu egin dugu», adierazi du teknikariak. Horrela, kartelak egiteko prozesua ikusteko aukera izan dute. «Artistek, normalean, olioz egiten zuten lana, eta gero, kartela egiten zen, litografia moduan».

Beste alde batetik, Antonio Gezalak 1929an Playas del Abra kartela egiteko olioa ikusteko aukera izango dute erakusketara bertaratzen direnek. «Koadro hori Bilboko hondartzetan turismoa iragartzeko sortu zuten», adierazi du museoko teknikariak.

Horrekin batera, Oskar Kokoschka nazioarteko artista 1937an Gernikako bonbardaketaren ostean eginiko Ayuda a los niños vascos izeneko guaxa ere erakutsiko dute, «gertakizun horren 75. urteurrena omentzeko».

Kartel iragarleen gaiak denetarikoak direla azaldu du Leire Irazabalek. «Gehienak kiroletakoak dira:euskal kirolak, auto lasterketak, Euskadiko 4. Itzulia eta Donostiako tenis txapelketa iragartzekoak, besteak beste». Hala ere, bestelakoak aurkitzen direnez, erakusketa gaika banatu dute:kirola; kongresuak eta politika; turismoa; eta merkataritza eta industria.

Esan ohi da museo baten helburuetako bat bere publikoarekin komunikazioa lortzea dela. Hala, antolatzaileek adierazi dute ezin aproposagoa izan daitekeela horretarako Gernikako Euskal Herria museoak zabaldu berri duen erakusketa. Izan ere, azaldu dute iragarki kartelek artearen eta publikoaren oinarrizko lotura osatzen dutela, eta horrekin batera, komunikatzeko orduan mezua estiloz janzten dutela. Hala ere, salatu dute euskarri pobreak eta seriatuak diren heinean behe mailako obratzat jo dituztela.

Erakusketa bat baino gehiago

Erakusketak urtarrilaren 13ra arte iraungo du, eta Irazabalek iragarri du denbora tarte horretan kartel iragarleak erakusteaz gain museoan hainbat ekintza didaktiko egitea ere espero dutela.

Tailer horiek urritik aurrera egingo dituzte, eta ikastetxeentzat izango dira. Gaur egun egiten den eta lehen egiten zuten publizitatearen arteko aldea ikusteko aukera egongo da. «Egun askoz ere arinagoa da, zuzenagoa. Lehen, berriz, landuagoa izateaz gain, bere alde artistikoa ere bazuen, eta asko kostatzen zen kartel bat egitea», azaldu du teknikariak. Horiek horrela, tailer horietan umeek hainbat teknika ezagutuko dituzte, eta, ondoren, horiek praktikan jarri ahal izango dituzte. Jarduera plastiko bat egiteko aukera ere izango dute, hau da, haiek egindako kartel bat.

Erakusketarako sarrera doakoa da larunbat guztietan. Hala ere, aste barruan kartelak ikusi nahi dituenak hiru euro ordaindu beharko ditu.

Erakusketaren hedapena bultzatzeko, katalogo bat landu dute. Katalogo horretan erakusgai dauden artelanei Mikel Bilbao adituaren testuak gehitu dizkiote. Museoko dendan katalogoa eskuratzeko aukera izango da, kartelekin erlazionatutako beste objektu batzuekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.