Hezkuntza

Irakasle bati Barañainen egindako agurrak sareetako erabiltzaileak hunkitu ditu

Koldo Ansa irakaslea agurtu dute Barañaingo (Nafarroa) Alaitz BHI institutuan, 29 urtez han lanean jardun ostean. Txalo zaparrada luzea eskaini diote ikasleek eta irakasleek.

Koldo Ansari egindako agurraren une bat. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2022ko apirilaren 13a
15:05
Entzun 00:00:0000:00:00

«Horrela agurtzen bazaituzte, zerbait ondo egin duzun seinale da». Twitterreko hainbat erabiltzaile ondorio horretara heldu dira, Barañaingo (Nafarroa) Alaitz BHI institutuan Koldo Ansa irakasleari egin dioten agurra ikusi ostean. Ansa 29 urtez izan da irakasle han, eta urte horietan egindako lana aitortu diote institutuko ikasleek eta irakasleek: bere azken filosofia klasea eman eta gero, korridoreetan txalotu dute, besarkaden eta «Koldo, Koldo» oihuen artean.

Barañaingo Plazaberri agerkari digitalak zabaldu du bideoa sareetan, eta interakzio mordoa izan ditu. Batek baino gehiagok aitortu dute hunkitu egin direla bideoarekin, eta malkoren bat edo beste ere atera zaiela. Gehienek ez zuten ezagutzen Ansa, baina, Goizalde Landabasok laburbildu duen moduan, egin dioten agurrak erakusten du hark egindako lanaren balioa: «Ez dut ezagutzen Koldo Ansa baina, ikusita zein despedida egin dioten, seguru nago irakasle bikaina izan dela», idatzi du.

Ezagutzen zuten hainbatek ere egin diote aitortza. «Bere ikasle izan ginen edonork sekula ez ahazteko moduko irakaslea zen Koldo. Denbora gutxian eta ia nahi gabe bizitza ulertzeko modua aldatzen dizuten horietakoa», idatzi du batek; «merezi duzuna jaso duzu, Koldo», beste batek; «Hau zortea Alaitzen izan duguna!», aitortu du hirugarrenak; eta «Ze plazera horrelako irakasle batekin ikastea pentsamendua garatzen. Eskerrik asko, Koldo!», errematatu du azkenak.

Izatez Andoaingoa (Gipuzkoa) da Ansa, baina irakasle gisa eman dituen 33 urteetatik 29 Barañaingo Alaitz institutuan igaro ditu. Bere azken klasea eman arte ez zuen prestatu zioten agurraren berririk, eta nahikoa lan izan zuen emozioari eusten. Astelehenean bete zituen 60 urte, eta heldu zaio erretiroa hartzeko garaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.