Iraultzaren frankizia musikala

'Los Miserables' taularatzen ari dira Donostian. Agertokietan dirauen musikalik zaharrena da, baina harrigarria da Victor Hugoren istorioaren gaurkotasuna.

Aktore abeslariak, bandera gorria airean eta ukabilak altxatuta, Borboiko erregearen aurka matxinatzeko prest, Donostiako Kursaalean eginiko proba saioetako batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2014ko ekainaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aktoreak azkar doaz Donostiako Kursaaleko kamerinoetan, hurrengo eszenarako prestatzen. XIX. mendekoak izan nahi duten jantziak soinean, gizonak, emakumeak eta baita haurrak ere dabiltza hara eta hona. Batzuk Sale el sol kantuko pasarteak abesten ari dira. Beste batzuek kantaren One Day More ingelesezko bertsioa dute ahoan. Aktoreetako bat galtzontzillotan pasatu da, eta pausoa azkartu egin du prentsa korridorean ikusi duenean. «Halakoak gertatzen dira hemen», dio, barrez, Diego de la Viuda Los Miserables musikaleko komunikazio arduradunak.

Agertokietan dagoen musikalik zaharrena da. 1980. urtean estreinatu zuten, Parisen, Alain Boublil antzerkigileak eta Claude-Michel Schoenberg musikari eta hitz egileak. Broadwayn, 1972an, Jesus Christ Superstar ikusi ondoren izan zuten ideia. Gaurko bertsioa Londresen 1985ean estreinaturiko ikuskizuna da. Ekoizleen arabera, 65 milioi pertsonak ikusi dute munduko 42 herrialdetan, eta jatorriko kanten hitzak 22 hizkuntzatara itzuli dituzte. Gaztelerazko bertsioa taularatzen ari dira Donostian. Ostegunean lehen eguna izan zuten, eta bihar izango dute azkena. «Arropa Londrestik ekarritakoa da», dio De La Viudak. Han 28 urtez erabili zuten. «Hau frankizia bat da».

Borboikoen aurka

Garai egokia da Victor Hugok 1862. urtean argitaraturiko Les Miserables eleberriak kontatzen dituen gertaera historikoak gogoratzeko. Izan ere, 1832ko ekainaren hasieran, Borboiko Luis-Filipe erregearen aurka matxinatu ziren errepublikanoak Parisko kaleetan. Karlos X.ak abdikatu egin zuen bi urte lehenago, Uztaileko Iraultzak behartuta. Baina errepublika ikusi beharrean beste Borboiko bat agintean ikusteak sutu egin zituen errepublikanoak. Ekonomiaren krisi larriak eta kolera izurriak izan ziren matxinada pizteko azken txinparta.

Ekainaren 5ean, Victor Hugok monarkikoen eta errepublikanoen arteko suaren erdian aurkitu zuen bere burua —hitzez hitz; ez da metafora—. Herri xehearen borrokak hunkitu egin zuen idazlea, eta gertaerak nobela bateko klimaxa bihurtzea erabaki zuen gero. Jean Valljean da protagonista. Senide gosetuentzako ogia lapurtzeagatik kriminal bihurtzen dute. Halere, izena aldatzea eta legalki aberastea lortzen du. Baina atzetik izango du beti Javert polizia setatia. Pobrezia eta heriotza, iraultza eta amodioa... melodrama gertaera historikoekin maisuki nahasten ditu Hugok, eta pertsonaien eta akzioaren errealismoari esker garaiaren erretratu sinesgarria osatzen du.

«Eguzkia ateratzen da, nire patua idatzita dago, etengabeko kalbarioa», abesten du agertoki ilunean Nicolas Martinelli aktoreak (Rosario, Argentina, 1978). Valljean protagonistarena egiten du ikuskizunean. Berehala hasten dira agertzen beste protagonistak: Cosette, Eponine, Javert... Abestiaren amaierarako hogei bat lagun daude agertokian, iraultzaren bandera gorri bat airean eta ukabila altxatuta, hurrengo eguneko matxinada iragartzen.

Historia errepikatzen

«Los Miserables ikustera datozenei beti esaten diegu lanaren testuinguru sozialean sartzeko eta eurenera eramaten saiatzeko», dio Martinelli abeslariak kamerinoetan. «Oso garrantzitsua da ikustea giza miseria badela oraindik ere, krisia badela eta iraultza ere badela». Pertsona egokia da aktorea horretaz aritzeko, Buenos Airesen Gizarte Zientziak ikasi baitzituen musikaletako aktore bihurtu aurretik.

Kantaren lehen proba egin dute Kursaalean. Irudiak bigarrenean egiteko eskatu diete argazkilariei. Baina, bigarrenean, huts egin du soinuak, eta gelditzeko agindu du zuzendariak. Aktoreen barreak datoz oihalaren atzetik, eta musikariak zulogunean urduri daude. Azkenean, bai, espero bezala atera da.

«Historiak zikloak ditu, eta gizakiak beti akats berdinak egiten ditu», dio Victor Diazek. Javert poliziarena egiten du. «Victor Hugok manamendu taula gisa idatzi zituen historiaren faseak lan honetan, eta, ikusten dugunez, puntuz puntu betetzen ari da eskema berriz orain».

Horren adibide gisa Espainian monarkiaren inguruan eta horri buruzko erreferendumarekin gertatzen ari dena jarri du Martinellik. «Iraultza gisa uler dezakegu oraingoa». Ikuskizunaren alde estetikoaz gaindi, istorioaren alde sozialaz jabetzeko eskatzen du, «oso nabarmena baita». Diazek, baietz, istorio hau ezagutzea historiatik ikastea dela, «eta irtenbideak topatzeko modua, gertatzen ari zaigunaren aurrean».

Victor Hugok berak margoturiko irudi bat erabiltzen dute ikuskizuneko oihalean. Amaieran jaisten dutenean, baliteke ikusleak pentsatzea Marxek arrazoia zuela, baina ez, agian, uste zuen bezala. Hau da, historian behin eta berriz gertatzen dela berdina, baina lehenbizi, tragedia gisa; gero, fartsa moduan; eta, azkenean, musikal gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.