Bermeoko (Bizkaia) Arroyabe kontserba enpresak irabazi du Iraunkortasunaren Eroski Saria.Haragi ekoizle Harakai Urkaikok lortu du bigarren postua, eta Gomiztegi gaztagileek hirugarrena.
Ehun urtetik gora ditu Arroyabe kontserba egileak, eta hegaluzea da haren espezialitatea. Langintza tradizionalari eutsi dio eta garatu du, ekoizpen prozesu produktibo eta iraunkor baten bidez. Ingurumena ahalik eta gehiena errespetatzeko neurriak hartzen dituzte enpresan, eta, horren lekuko, hainbat ziurtagiri eskuratu ditu: besteak beste, MSC, Friend of the Sea eta Dolphin Safe.
Laura Ruiz de Azuak jaso du saria Arroyaberen izenean. Eskerrak eman dizkie Eroskiko arduradunei, «tratu ezin hobea» jaso izan dutelako hasieratik eta, era berean, sariketa antolatzeagatik. «Ideia interesgarria iruditu zitzaigun hasieratik. Asko gara lehenengo sektorean lanean gabiltzanak, eta ingurumenaren errespetua dugu oinarri».
Harakai Urkaikok, berriz, 250 abeltzain eta artzainekin lan egiten du. Jose Angel Uzkudun Urkaiko kideak adierazi duenez, produktuak eskaintzeaz gain, euren arduretako bat «ingurugiroa zaindu eta Euskal Herriko paisaiari eustea» ere bada. Gomiztegiko Ekain Murua ere pozarren zegoen, kooperatiba txikia izan arren aitorpena jaso dutelako.
Saria konpromisoari
Lehenengo aldia da Eroskik sari hau antolatzen duena. Sariketa elikagaien industriako euskal ekoizleentzat sortu dute, eta, horren bidez, «lurraren eta itsasoaren errespetua, eta enplegua, osasuna eta inguruneko aberastasuna sustatzen dituztenen ongintza eta konpromisoa» aitortu nahi die Eroskik.
Uztailean egin zuen Eroskik ekoizleak lehiaketara aurkezteko deialdia. Hasierako fasetik finalera pasatu diren hirurak epaimahai batek aukeratu ditu. Eroskiko bazkide kontsumitzaile batek eta bazkide langile batek eta Haziko ordezkari batek osatu dute epaimahaia. Koldo Jauregi epaimahaikideak azaldu du erabakia «zaila» izan zela, eta baieztatu du saria hiruretako «edozeinek» irabaz zezakeela.
Epaimahaikideek hiru finalistak aukeratu ostean, berriz, Eroskiren webgunean jarri zuten erabiltzaileek botoa emateko aukera: horiena izan da azken erabakia, eta 2.000tik gora lagunek eman dute botoa.
Iraunkortasun saria eman dio Eroskik Arroyaberi
Harakai Urkaiko eta Gomiztegi kooperatibek lortu dute bigarren eta hirugarren saria, hurrenez hurren, bezeroen erabakiz

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu