Ezarian. James Bond, 50 urte zineman

Irauteko lizentzia

50 urte bete ditu James Bond espioi britainiarrak. Gerra Hotza puri-purian zegoen garaian sortu zen, baina hainbat garaitara egokitzeko gai izan da, uneko gertakariak filmetan islatuz.

Irauteko lizentzia.
Iñaki Lasa Etura.
2012ko azaroaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bond, James Bond». 50 urte bete dira kameren aurrean esaldi hori lehenengo aldiz entzun zenetik. Sean Connery gazteak esan zuen Dr. No filmean, artean aktore ezezaguna zenean. 23 film geroago, Bonden filmen saila historiako adintsuena da, eta MI6ko —Erresuma Batuko gobernuaren inteligentzia sekretua— 007 agentea gizarteko pop ikur bihurtua da. Erailtzeko lizentziadun espioiak sasoiko bete du mende erdia, Skyfall, Daniel Graigen hirugarrena, orain dela bi aste estreinatu dute, eta kritikarien eta ikusleen oniritzia jaso du. Ez dute ofizialki aitortu, baina datozen urteetan gutxienez Bonden beste bi pelikula egingo dituztela dirudi. Erailtzeko lizentzia bainoago, irauteko lizentzia du 007 agenteak.

Ian Fleming idazleak 1950eko hamarkadan sortua, bere garaiaren eta sortzailearen seme da Bond. II. Mundu Gerran itsas inteligentzia zerbitzuetan aritu zen Fleming, eta guda amaitu ondoren idatzi zuen espioiari buruzko liburu bilduma. Fleming Itsas Armadako boluntarioen erreserbako kidea izan zen. Haren adiskideak omendu zituen Bonden bidez, pertsonaia ere erreserbako kide baita.

Nabarmena da Bondek testuinguruarekin duen harremana. II. Mundu Gerra amaituta, mundua bi zatitan banatu zen: AEBak eta Sobiet Batasuna; kapitalismoa eta komunismoa. Bien arteko mehatxuak eta informazio ezkutatzeak eguneroko ogia ziren, eta gizarteak galderarik egin gabe onartzen zituen isileko agenteak. Etsaia agerikoa zen: Sobiet Batasuneko komunista gorriak kapitalistentzat eta mendebaldarrak Sobiet Batasunarentzat.

Baina Bond ez da Sobiet Batasunaren aurka borrokatzen. 007 agentearen etsai nagusia Spectre izeneko nazioarteko erakunde armatua da, hasierako filmetan, batez ere. Talde horrek mundua kontrolatu nahi du. Horretarako, potentzien arteko borroka sustatu, haiek ahuldu eta boterea bere gain hartzea du helburu. Orotariko gaizkileei egiten die aurre Bondek. Pertsonaia xelebre, megalomano eta arriskutsuak dira horietako asko. Flemingen liburuetan, Spectrez gain, SMERSH, Sobiet Batasuneko kontraespioitza agentziari egiten dio aurre Bondek. Filmetan, baina, gutxitan ageri da komunisten agentzia.

Dena den, Sobiet Batasunaren presentzia hain agerikoa izan ez arren, Iñaki Lazkano EHUko irakaslearen irudiz, «mehatxu komunista» pelikula gehienetan ageri da: «Mundua bereganatu nahi duen talde arriskutsu horren aurrean KGB ikus daiteke, baina ezin dugu esan KGB denik». Esate baterako, Ernst Stavro Blofeld Spectreko buruak antz handia dauka garaiko SESBeko presidente Nikita Khrustxevekin. Beste film batzuetan, gaizkileak sobietarrak dira, eta kasu batzuetan nahiko modu irrigarrian erretratatzen dituzte.

Garaian garaiko gertakari gehienek lotura zuzena eduki zuten Bonden filmetan. Flemingen liburuetan oinarritu arren, nahiko era librean egokitu zituzten gidoilariek. Lehen pelikulan (Dr. No, 1962), esaterako, estatubatuarrek Floridan misilak dituzte. Urte horretan lehertu zen Misilen Krisia, Gerra Hotzeko une garrantzitsuenetako bat. Izan ere, AEBei aurre egiteko misilak jarri zituzten Kuban, eta guda nuklearra lehertzeko inoiz baino gertuago egon zen.

1967ko You Only Live Twice filmaren hari nagusia SESBen eta AEBen arteko espazioko lehia da. Bi herrialdeen artean kudeatutako espaziontzi bat desagertzen da, eta batak besteari egozten dio errua, tentsioa areagotuz. Bi herrialdeen arteko espazioko lehiaren une gorena jazo zen 1967an. Bi urte geroago iritsi zen ilargira Neil Armstrong. 1979an ere espaziora bidaiatu zuen Bondek, baina, orduan, Gerra Hotzarekin bainoago, Star Wars filmaren arrakastaz baliatzeko izan zen.

Une bakoitzera egokitzen daki Bondek. John Fitzgerald Kennedyren eta Khrustxeven arteko harremanak hobetu zirenean, MI6 eta KGBren arteko hartu-emana handitu zen filmetan, etasobietar agente batekin erlazio bat edukiko du The Spy Who Loved Me pelikulan. Ronald Reagan AEBetako presidente bihurtzean komunisten aurka egindako planek 1981eko For Your Eyes Only-n eragin zuzena dute, eta Bond eta Gogol jenerala radar bat eskuratzeko borrokatuko dira.

Hurrengo filmetan Gerra Hotzeko gertakari ezagunetan oinarritzen dira Bonden filmak: Sobiet Batasunaren gainbeherako barne borrokak (Octopussy, 1983), Afganistango Gerra eta estatubatuarrek eta britainiarrek mujahidinei emandako babesa (The Living Daylights, 1987) eta Nikaraguako Contra mugimendua.

«Dinosauro misoginoa»

Berlingo Harresia eraistea eta komunismoaren porrota mugarriaizan ziren 007 agentearentzat. Sei urtez ez zen pelikularik egin, 1995ean Pierce Brosnanek Bonden rola lehendabizikoz Goldeneye filmean jokatu arte. Polarizatu gabeko munduan espioien presentzia zailago justifikatzen da, eta M-k, Bonden buruzagiak, «dinosauro sexista eta misogino» deitzen dio agenteari, «Gerra Hotzeko erlikia».

Komunismoarekin zerikusia duten hainbat gaizkile ageri dira oraindik: KGBko kide ohi bat The World is not Enough (1999) filmean, ipar korearrak Dye Another Day-en (2002)… baina terroristei egingo die aurre, oro har, Bondek. «Komunista sobietar basatiak desagertu egiten dira, eta nolabait nazioarteko terrorista arriskutsuek hartzen dute haien lekua», dio Lazkanok. Komunikazio handi-mandi bat (Tomorrow Never Dies, 1997), bankari bat (Casino Royale, 2006), eko-terrorista bat (Quantum of Solace, 2008) eta ziberterrorista bat (Skyfall, 2012) dira Bonden arerio berriak.

Ageri diren gaiez gain, agertu ez diren gaiak nabarmendu nahi ditu Lazkanok. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan ez zen Vietnamgo Gerrari buruzko aipamenik egin, eta 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren ez da «integrista islamiarrik» agertu, «akziozko beste filmetan etengabe agertu diren arren». 007 seriea, batez ere «entretenimenduarekin» lotzen du Lazkanok,eta, «agian» horregatik hainbat gai «saihestu» egin direla iradoki du.

Espioitzaren urrezko aroa amaituta, azken filmean inoiz baino zalantza gehiago izango ditu Bondek. XXI. mendean espioiek lekurik ba al dute? Zer egin dezake espioi batek ordenagailu baten bitartez munduko edozein txokotik mundua leherraraz dezakeen ziberterrorista baten aldean? Ezbaian geratuko dira bai Bond bera, baita Mi6 osoa ere. Baina norbait arazoei aurre egiteko gai bada, hura Bond da, James Bond. 50 urtez egin duen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.