Jaiak. Sanfaustoak Durangon

Iritsi dira Durangora Pantxike eta Patxikotxu

Gaur hasiko dira San Fausto jaiak, eta hilaren 19ra bitarte festa giroan murgilduko da Durango.Hainbat ekitaldi antolatu dituzte Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak.Pinondo plazan jarri dituzte aurten txosnak

Bigantxek tradizio handia dute Durangoko festetan. BERRIA.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2014ko urriaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zeruari begira daude Pantxike eta Patxikotxu. Durangoko (Bizkaia) San Fausto festetarako eguraldia lagun izan nahi dute bi ikurrek. Gaur agertuko dira herrian, festei hasiera emateko txupinazoarekin batera. Eta hilaren 19ra bitarte jai giroan murgilduko dira durangarrekin. Hainbat ekintza antolatu dituzte Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak datozen hamar egunetarako. Egunez zein gauez, txosnetan zein herri erdigunean denetariko eskaintza izango da.

Tabira Musika Bandak izango du txupinazoa jaurtitzeko ardura aurten. «Ehun urtetik gora du elkarteak, eta bere ibilibidean ekitaldi ugari egin ditu Durangon», adierazi du Natxo Martinezek, jai batzordeko lehendakariak. Egindako lan horren aitorpen gisa aukeratu dute musika banda. Baina ez dira txupinazoa jaurtiko duten bakarrak izango. Txosna Batzordeak ordubete geroago berea jaurtiko du, eta, horiez gain, txupinazo txikia ere egiten dutela azaldu du Martinezek. Bihar izango da hori, haurren egunean, Mugarra Triatloi Taldearen eskutik. «Beste kirol mota bat sustatzen du elkarteak, eta gero eta gazte gehiago ari dira triatloi eskolan».

Haur, gazte zein helduentzat hainbat ekintza antolatu dituzte aurtengo sanfaustoetan. Berrikuntza gisa, 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat antolatutako gunea aipatu du Jai Batzordeko kideak. Zezen plaza bat jarri dute barraken ondoan. Zezenen, pottoken eta abereen erakusketak izango dira han. Eta Grand Prix lehiaketa egingo dutela azaldu du Martinezek: «Telebista saioan bezala, jolasak antolatu ditugu eta sariak banatuko ditugu parte hartzaileen artean». Zaldiketa ekintzak ere izango dira, estreinakoz. Bihar, Zuhatzola parkean, zaldien jauziak ikusteko aukera izango da. Duela hogei urte egin zen Durangon zaldi lasterketa bat, eta ikusmin handia sortu zuen, Martinezen esanetan. «Ez da egunero izaten horrelakoak ikusteko aukera». Gazteentzako musika kontzertuak ere nabarmendu ditu: «Gazteek egindako proposamenetan oinarrituta dago eskaintza». Kauta eta Urtz izango dira gaur, Ezkurdin.

Tradizioz Durangoko festetan egiten diren ekitaldiak dira Martinezentzat aipagarrienak. Zezenak dira ekitaldiak arrakasta handia duela dio. «Boztehun urte inguruko tradizioa du». Aurten, bost egunez aterako dituzte bigantxak kalera. Astelehenean, patroiaren egunean, egiten den artopil banaketa ere nabarmendu du. Arto alea barruan gordetzen duten madalena formako opilak dira artopilak. San Fausto egunerako espresuki prestatzen den gozoa da, eta, udaleko zinegotziek herritarrei banatzen dizkiete udaletxeko atarian. Jai Batzordeak antolatutako ekintzez gain, Txosna Batzordeak antolatutakoak aipatu ditu Martinezek. «Bata bestearen osagarriak dira. Txosna Batzordeak egiten duena ere garrantzitsua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.