Ezarian. Errege Magoak

Iritsi dira ilusio banatzaileak

Hiru Errege Magoak Hego Euskal Herrira ailegatu dira. Etxez etxe opariak banatu aurretik, magia eta ilusioa zabaldu dute hainbat lekutan egindako desfileetan, eta jendetza batu da.

Bilbon, Gaspar erregearen karroza eguzki loreekin apainduta zegoen atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAKI PRESS.
Aintzina Monasterio - Ilargi Agirre
Bilbo-Donostia
2013ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kolorez bete zituen atzo Bilboko kaleak Koloretako mundu bat izeneko desfileak. Ohi bezala, hiru Errege Magoak karroza banatan dotore agertu ziren txikien aurrean. Txalo artean irten ziren Jesusen Bihotza plazatik, 18:00etan, Sama Siku fanfarrearen musika lagun zutela.

Erregeen aurretik, beste lau karroza zihoazen. Gozokien lorategia zen lehenengoa; giroa gozatzeko ezin aproposagoa. Karroza haurrek hainbeste atsegin dituzten gozokiz beterik zegoen. Han ziren koloretako hartz eta izozki saltzaileak gozokiak banatzen. Gozokien lorategia-ren atzetik, Hiri erotua zihoan, karroza gorri bat. Txundituta begiratzen zieten umeek bertako superheroiei. Suhiltzaileak euren kamioi gorrian zetozen ondoren, eta Txokolate fabrika karroza. Gozokigile xelebreak ageri ziren, atzoko egun handirako prestaturiko txokolatezko iturri, euritako, txanpon eta untxi erraldoiekin. Gune polarra izeneko karrozan, berriz, itsas otso eta pinguinoak zetozen. Eskimalak eta iglua ere ez ziren falta.

Piratak ere agertu ziren Bizkaiko hiriburura, euren itsasontziarekin Errege Magoen karrozei bidea irekiz. Meltxorren karroza urdinak benetako akuarioa zirudien, koloretako arrain eta guzti. Sirenatxoa eta urpekariak ere bazeuden. Oilar, oilo eta txiten atzean, Gaspar eguzki lorez eta galsoroz betetako karroza batean zegoen; hainbat txorimalo alboan zituela gozokiak banatzen. Baltasar ere ez zihoan bakarrik; marigorringo, tximeleta, marisorgin erraldoiak eta zizare maitagarria izan zituen bidelagun bere karroza berdean, une guztian.

Haurren oihuen artean, Kale Nagusian barrena Moyua plazara heldu ziren. Hura zen kolore eztanda eta gozoki zaparrada. Hamabost tona karamelu banatu zituzten guztira atzo. Kale kantoiak jendez lepo eta herritar asko leiho eta balkoietatik erregeak agurtzen ari ziren. Aztoratuta zeuden denak.

Ordu eta erdiko ibilaldiaren ostean, udaletxera heldu ziren. Jende andana zegoen han, denak hiru Errege Magoei adi. Alkatea ere hantxe zegoen maiestateei harrera egiteko prest. Udaletxeko balkoitik mezua irakurtzean ere, belarri guztiak erne; haur zein helduen begietan ilusioa nabari zen. Ondoren, barrura sartu, eta Arabiar aretoan haurrek Errege Magoei euren gurariak jakinarazi zizkieten.

Donostiara, pedalei eraginez

Gipuzkoako hiriburuan ere haurrek hunkituta eta urduri egin zieten ongietorria Errege Magoei. Zehaztutako orduan, 14:50ean, Kontxako badian agertu ziren. Garraiobide ekologiko bat aukeratu dute aurten: txita izenez ezagunak diren bizikletak. Pedalei eragiteko bakoitzak laguntzaile bana zuela, eroso ibili ziren Errege Magoak udaletxera bitarteko ibilbidean, haurrak tarteka agurtuz. Txarangak alaitu zuen giroa. Izarren pare hartu zituzten umeek. Oihuak, musuak eta mirespen begiradak. «Baltasar, maite zaitut», esan zion neskatila batek erregeari paretik pasatzean. Besarkada estu bat eman zion hark.

Gutunak eta txupeteak jaso eta gozokiak banatzen nahiko lan izan zuten Errege Magoek. «Eman al dizu eskua?», esan zion haur batek besteari zirrara aurpegiz. Erregeak izarren gisan, eta gurasoak paparazzia-k ziruditela. Argazki kamera eta sakelakoekin elkarri bultzaka nork aterako irudirik onena.

Pablo Bernel eta Antonio Santamaria ziren horietako bi. «Haurrek esaten digute etortzeko, baina guk ere ederki pasatzen dugu azkenean», zioen Santamariak. Animalien falta sumatu zuten atzokoan. «Dromedario edo elefanteren batean iristea gustatuko litzaiguke».

Urrutitik etorri ziren familiak ere bazeuden. Cesar Lapuente eta familia, Lourdes ondotik (Frantzia). «Alaba txikienak gaur ikasi du hiru Errege Mago daudela, eta bakoitzaren izenak. Frantzian normalean eskola izaten dute sasoi honetan, eta, aurten beranduago hasiko direnez, desfilea ikustera etortzea erabaki dugu».

Udaletxe aurreko jende ilara amaiezina zen. Udalbatza aretoan, Errege Magoei gutuna emateko zain zegoen jendea. Izenekin zalantzak zituen Aitana Muñoz neskatilak. «Gaspar bizar marroiduna al da?», galdetu zion lagunari. Hark, Adriana Areitiok, garraioarekin zituen susmoak. «Bizikleta arraroetan etorri dira. Non ikusi duzu gainetik kapota duen bizikletarik?». Maria Caballero hirugarren laguna zuten alboan. Bazkaldu gabe zeuden, goizetik ilaran zain, eta emozioarekin ezin omen zuten jan.

Ilaran lehendabiziko zeudenak 08:00etarako joan ziren lekua hartzera. Inguruan zebilen Igone Mendizabal seme-alabekin. «Gutuna egin gabe daukat oraindik. Eurek nahi dutena oparitzeko esango diet», adierazi zuen Jon semeak. «Txintxoa izan al naizen?», esan zion amari bihurri aurpegiarekin begiratuz. «Nagore baino txintxoagoa bai», arrebari buruz mintzatuz.

Udaletxeko udalbatza aretoan haurren gutunak banaka-banaka jaso ondotik, ilusioa banatu zuten Errege Magoek Donostiako kaleetan. Iruñean eta Gasteizen egindako desfileetan ere bai. Jendetza batu zen guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.