Unibertsitate-enpresa aholkularia
Kaliforniako Momo lakuan izan da izugarrizko traszendentzia duen aurkikuntza. Han bizi den GFAJ-1 bakterioaren DNAn, fosforoaren ordez artsenikoa dago. Hori baieztatuz gero, bizitzaren definizioa zabaldu beharko dugu, gure planetako bizitza ezagun orok sei elementu baititu oinarrian, tartean, fosforoa. Areago, artsenikoa ugari samarra da planeta eta ilargi batzuetan, eta posible litzateke artsenikoan oinarritutako bizitza nonbait garatuta egotea.
Bestalde, gero eta exoplaneta gehiago ari dira aurkitzen zientzialariak; baita Marten balizko bizitza baterako nitxoak eta meteoritoek Lurreraino ekarritako aminoazidoak ere. Gero eta hurbilago dago, beraz, gure planetatik kanpo bizitza aurkitzea. Horrek gure kulturaren oinarri guztiak irauliko lituzke, frogatuko bailitzake ez gaudela bakarrik; pentsamendu judeokristauak defendatzen duen ildoa —gizakia unibertsoaren erregea izatea— irauli egingo litzateke, izaki bat gehiago baino ez dela agerian geratuko bailitzateke.
Eider Carton
'Elhuyar' aldizkariko zuzendaria
Aurten azkenean lanean hasi da LHCa. Istripu eta atzerapenen ondoren, 2008ko irailean martxan behar zuena lanean hasi izana aipagarria iruditzen zait. Proiektu erraldoia da ikuspegi ekonomikotik, mugitzen duen ikertzaile masagatik, eta sor dezakeen ezagutzagatik; Ikusmin handia sortzen dit niri.
Genoma sintetikoa ere aipatu nahi dut. Bakterio baten barruan artifizialki sortutako genoma txertatu zuten, eta bakterioak bere egitea lortu zuten. Zalaparta dezente sortu zen albistearekin, Venterren eskutik datozen gehienekin bezala, baina aipagarria iruditzen zait egindako lana, eta, gainera, datozen urteetan zeresan handia eman dezakeen ikerketa-arloa izango da, itxura guztien arabera.
Artsenikoa erabiliz bizitzeko eta hazteko gai den bakterioa aipatuko dut azkenik; ez dut uste aurkikuntzen zerrendan sartzeko moduan dagoenik, NASAk ere izugarrizko zalapartarekin iragarri ondoren, zalantzak besterik ez direlako sortu. Pena da, liluragarria bailitzake.
Iritziak. Koldo Nuñez. Unibertsitate-enpresa aholkularia. 'Elhuyar' aldizkariko zuzendaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu