Koldo Almandoz. Zinemagilea

«Irratisail politikoki ez zuzena egin nahi dut»

Irudiak bazter utzita, 'Jon eta Jone' irrati eleberria zuzentzen dabil Almandoz egunotan. Duela hamahiru urte egin zuen saioaren segida da, eta Euskadi Irratian ematen ari dira, goizeko albistegien artean.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2015eko otsailaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Koldo Almandoz zinemagilea (Donostia, 1973) irratirako Boyhood antzeko bat egiten ari da egunotan: duela hamahiru urte Jon eta Jone irratisaila sortu zuen Euskadi Irratirako, eta, orain, bi pertsonaiak berreskuratu ditu, aktore berek antzeztuta, hamahiru urte geroagoko egoeran. Egunero 07:55ean ematen ari dira, albistegiaren aurretik.

Zergatik ez asmatu beste pertsonaia batzuk hamahiru urte pasatu eta gero?

Interesgarri iruditu zitzaigulako pertsonaiak berreskuratzea, baina hamahiru urte iraganda. Orduan 20 eta koska urteko gazteak ziren, elkarrekin bizitzera joandakoak. Haien arazoak ikasketak ziren, eta hondartzara ala mendira joatea erabakitzea. Orain, berriz, hamahiru urte zaharragoak dira, eta gauzak asko aldatu zaizkie. Bikote harremana utzi zuten, eta bakoitzak bere bizitza izan du. Orain 40 urteren bueltan daude, eta horrek jokoa ematen zuen, belaunaldi oso bati gertatu zaizkigun gauzak izan dituztelako: bat atzerrira joan bizitzera, bestea dibortziatu, seme-alabak izan...

Autobiografikoa da?

Batetik, asko du autobiografiatik, gauza bat sortzerakoan zeure mundua islatzera jotzen duzulako. Baina horrek ez du esan nahi dena autobiografia denik. Askotan dira zeuri gertatutakoak, ingurukoei jazotakoekin eta fikziozkoekin nahastuta. Edo gertatzea nahi zenituzkeenak. Ez da gure asmoa belaunaldi bat sailarekin identifikaraztea; hori handinahikeria litzateke. Baina neure inguruko mundua halakoxea da gaur, eta uste dut kontatzen ditugunak gertukoak irudituko zaizkiola nire adinako askori.

Jone eta Jon umoretsu eta ironiko daude; bizitzak ez ditu asko pipertu. Errealista al da hori?

Halako lan bat egiteko orduan, tonu bat ezarri behar diozu, eta nik ez nuen gauza dramatiko bat egin nahi, baizik eta sitcom kutsua eman. Ironia erabiltzen dugu, umore beltz pixka batekin batzuetan, eta samurrago besteetan... Irratisaila gauza arin bat da, baina apur bat berritzaile eta ausarta izatearen aldeko apustua egin dezakezu. Esaterako, ordutegiarekin: interesgarria da goizeko albisteen artean sartzea.

Aurrekoan, MILF bat (ohera eramateko moduko ama) zela iradoki zion Jonek Joneri. Urteotan Internet eta sare sozialak gure bizitzaren muineraino sartu dira. Nola eragingo dute saioan?

Saioa berreskuratu izanaren alderik politena horretan ikusten da, esaterako. Gauzak nola aldatu diren islatzen saiatzen gara. Atal askotan, WhatsAppez mezuak bidaltzen dizkiote elkarri; duela hamahiru urte ez zegoen halakorik: telefonoz hitz egiten zuten. Eta geuri gertatzen zaigun bezala, aurrez aurre esaten ausartzen ez diren gauzak mezuen bitartez esaten dizkiote elkarri.

Formatu laburrak ez al lizuke aukerarik emango entzuleekin aritzeko sare sozialen bidez, istorioa aldatuz joateko?

Euskadi Irratiaren kontua litzateke hori. Haien Interneteko guneetan zintzilikatu egiten dituzte atalak. Jendeak gauzak proposatu edo komentatu nahi baditu, gu erabat prest gaude horretarako. Polita litzateke, baina kudeaketa aldetik beste urrats bat egitea eskatuko luke, eta ez dakit orain horretarako baliabiderik dagoen.

Goenkale ordezkatuko du mikroformatu horrek?

Espero dut ezetz. Interesgarria da apustua, baina irratirako. Ez dakit pertsonaiok haragituta ikusi nahi nituzkeen. Asmoa dut politikoki oso zuzena izango ez den irrati-nobela garaikidea egiteko, eta ez dakit horrek bat egiten duen Goenkale-rekin.

Zinemagile izanda, ez al zaizu zaila gertatzen istorioak irudirik gabe kontatu behar izatea?

Zortzi urte eman nituen Euskadi Irratian lan egiten, eta irratigintza istorioak kontatzeko oso modu interesgarria iruditzen zait. Gainera, abantaila handia izan da Lierni Ibargutxi eta Gorka Etxebeste aktore berekin lan egitea, berehala hartu dutelako tonua eta euren arteko konplizitatea. Oso erraza izan da. Irratiaren bidez istorioak kontatzeak esploratzeko asko du oraindik niretzat.

Maiteminduko dira berriz Jon eta Jone?

Ez da gauza bera 20 urterekin, edo orain, dibortzioak eta haurrak tartean. Jendeak badaki zeozer egon egongo dela, baina kontua da nola. Mulder eta Scully efektuari eutsiko diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.