Irri egin Zerainekin

Zeraingo Harizti-Erdi aterpetxean, herriak duen eskaintza zabalaz gozatu eta ikasi ahal izango da Marikalanbre, Tiritatxo eta Irrien Lagunak klubeko beste pertsonaien bidez.

Adrian Garcia.
Donostia
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Zeraingo herriko (Gipuzkoa) ondareari buruz ikasi, eta aldi berean norbere burua garatzeko gaitasunak landu, eta, batez ere, euskal giroan ondo pasatu. Hortxe Irrien Lagunak klubak eta Zeraingo Udalak martxan jarritako elkarlanaren helburua. Harizti-Erdi Zeraingo aterpetxeko ingurumen eskolak egonaldiak eskaintzen dizkie familia, lagun talde, elkarte eta ikastetxeei. Egonaldiotan, Euskal Herriko historiari, industrializazioari, urari eta beste zenbait gairi buruzko tailerrak emango dira, irakasle eta begirale berezi batzuen bitartez: Irrien Lagunak klubeko pertsonaiak.

Euskal Herriaren bihotzean dago Zerain, Aizkorri mendiaren itzalpean. Lehenengo sektoreak garrantzi handia izan du herriaren historian, batez ere burdinaren ustiapenak.

Joxe Manuel Oria Zeraingo alkateak Harizti-Erdi aterpetxearen aurkezpenean azaldu duenez, herriak auzolanean oinarrituz ondarea berreskuratu eta jendeari erakusteko apustu irmoa egin zuen orain 24 urte. Egun, Herri Museoa, Larraondoko zerrategia, kartzela eta Aizpeako meategia bisitatu daitezke, eta inguruko baserriko produktu naturalak nola egiten diren ere ikus daiteke.

Gaztetxoek bidelagun ezin hobeak izango dituzte aterpetxean igaroko dituzten egunetan, Porrotxez gain haren lagunak ere izango baitira Harizti-Erdin. Tiritatxo pediatrarekin, Largabista basozainarekin, Marikalanbre zientzialariarekin eta Martin Bertsorekin batera ekintza eta tailer ugaritan parte hartuko dute.

Eskaintza zabala du Zerainek, eta Irrien Lagunak klubeko pertsonaiek ondare hori jolasen bidez azalduko diete gaztetxoei.

Era askotako bisitariak jasotzeko prestatu dute aterpetxea. Bisitari bakoitzak hainbat eskaintza izango ditu aukeran, betiere Zeraingo ingurunearekin lotuta. Adin bakoitzari egokitutako dibulgazio didaktikoak lantzeko aukera ere izango da.

Esate baterako, Marikalanbrek Larrondoko zerrategia mugiarazten duen energia nola sortzen den azalduko du. Largabista basozainak, berriz, naturaren sekretuez jabetzeko txangoak antolatuko ditu. Inguruko baserrietara gazta nola egiten den ikusteko bisitak egingo dituzte. Sagardoa eta eztia nola egiten diren ere ikasi ahalko dute bisitariek.

Bisitez gain, ikastetxeekin joandako haurrentzako gaubelak ere prestatuko dituzte. Porrotx eta haren lagunekin abestu, dantzatu eta ipuinak entzun ahal izango dituzte haurrek gauetan.

Astegunez ikastetxe eta elkarteentzako programak eskainiko dituzte. Bizpahiru eguneko egonaldiak egin ahalko dira. Asteburuetan, berriz, familia eta lagun taldeentzako programak dituzte.

Erreserbak egiteko edo informazio gehiago eskatzeko, Zeraingo turismo bulegoarekin jar daiteke harremanetan: (0034) 943- 80 15 05 telefonoan edo [email protected] helbidean.

Euskaraz, txikitasunetik abiatuz, Zeraingo eskaintza zabalari balio erantsia ematea da Irrien Lagunak klubak eta Zeraingo herriak elkarrekin abiatutako bidaiaren helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.