Irrien kluba handitzen

Milaka lagun bildu dira Gernika-Lumon ospatutako Irrien Lagunak Klubaren II. Egunean, arrakastaren seinale dira klubak lortu dituen ehun harpidedun berriak.

Porrotx eta Mari Mototsi begira egon ziren hainbat haur Irrien Lagunen festan. IRRIEN LAGUNAK.
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Jarraitzaileak ez zaizkio falta Irrien Lagunak Klubari. KlubarenII. Eguna ospatzeko egindako festan, milaka lagun bildu zen herenegun Gernika- Lumon (Bizkaia). Klubak bigarren aldiz antolatutako festan irriak eta haurrak izan ziren jaun eta jabe. Proiektua egonkortzen ari dela eta jarraitzaile gero eta gehiago dituela frogatzen du han bildutako mundu txikiak.

Kolorez eta irriz bete zen Gernika-Lumo herenegun Irrien Lagunak Klubaren II Eguna ospatzeko. Bi gunetan banatu zen festa. Gune nagusia Pasealekuan egon zen. Irria aldizkariaren harpidedunak, klubeko kide diren haurrak, gurasoak, sudur gorriak, pailazoak eta klubeko beste pertsonaiak primeran ibili ziren. Eguraldi ona lagun, hainbat ekitaldi egin zen. Egun osoko festan han elkartutako milaka lagunek, baina, batez ere, haurrek, ongi pasatzeko aukera izan zuten. Eskaintza zabala izan zen eta aspertzeko betarik gabe, egiteko batetik bestera ibili ziren: puzgarriak, haurrentzako tailerrak, Zazpikoloroa Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen ikuskizun nagusia, musika, bertsoak, dantza, kirol egokituetako jolasak, naturari eskainitako txokoa, apar festa eta ur jolasak, txokolate jatea, antzerkia… denetik izan zen.

Irrizale sarien estreinaldia

Azoka Plazako bigarren gunean, berriz, herri bazkaria egin zen. Seber Altube ikastolakoek prestatuta, ehunka lagun elkartu zen, festa giroan. Irrien Lagunak Klubaren aurreikuspen guztiak bete zituen egunak. Ehun bat boluntario aritu zen lanean, eta Gernikako herri mugimenduaren zein elkarte eta taldeen lana ezinbestekoa izan zen guztia behar bezala ateratzeko. Laguntzen aritu ziren talde guztiei eskerrak eman dizkie Joxi Oiarbide klubaren koordinatzaileak. «Festa Bizkaian egitea erronka bat zen, eta milaka lagun bildu zen Gernikara. Bereziki bizkaitarrak bildu ziren festara, eta oso pozik gaude».

Ehun harpidetza berri egin zituzten jaian, eta horrek proiektua are gehiago egonkortzeko aukera eskainiko die. «Harpidedun berriak dira proiektua egonkortzeko bidea, eta pozik gaude erantzunarekin».

Aurten, lehen aldiz, urte osoan Irrien Lagunak Klubaren egitasmoa eta balioak sustatzen laguntzeagatik, Irrizale sariak banatu zituen klubak jaian. Oarsoaldeko Euskara Batzordeak jaso zuen bat, kluba sustatzen eskualdean egindako lanagatik. Bestetik, Nora Salbotx Amaiurko herri eskolako zuzendariak, Nafarroako Baztan haranean klubaren alde egindako lanagatik. Bestalde, jaialdiko irabazien zati bat Txatxilipurdi aisialdi elkartearentzat izanen da, Berramesten egitasmoa sustatzen laguntzeko. Horrekin, Francesco Tonucciren La ciudad de los niños liburua (Umeen hiria) euskaratu eta ekoizpena sustatu nahi dute, baita Tonucci bera Euskal Herrira gonbidatu ere, haurrek hezkuntza eta herrigintzan izan behar duten garrantziaz hitzaldiak ematera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.