Bihar Berria-n

Irrintziaren onurak ikergai

Euskal Herriko oihu tradizionalean erabiltzen diren teknika batzuk onuragarriak izan daitezke zintzurreko zenbait gaitz sendatzeko edo ahotsa erabiltzen duten pertsonentzat. Bihar 'Bizigiro' sailean erreportaje zabala argitaratuko da gai horren inguruan.

Jagoba Manterola / Foku. ANA MARTINEZ ETA SECUNDINO FERNANDEZ DOKTOREAK, NAFARROAKO UNIERTSITATEA KLINIKAN
Iker Tubia.
2021eko maiatzaren 14a
12:00
Entzun

Klinika batean irrintzika aritu dira. Izan ere, Ana Martinez mediku foniatrak doktoretza tesia egin du irrintziaren inguruan. Euskal oihu tradizionala ikertu du, haren morfologia eta mekanismo fisiologikoa deskribatuz. Hamabi irrintzilariren oihuak aztertu ondoren ikusi du irrintziaren espektro harmonikoaren morfologia ez dela ohikoa, M maiuskula baten itxurako irudia ikusten baita. Bokalak aztertzerakoan, lerro zuzena ikusten da.

Gainera, erabilera klinikoa izan dezakeela ondorioztatu du Martinezek, ahotsa lehengoratzeko baliagarria izan baitaiteke. Hain zuzen ere, ahotsa gehiegi behartzearen ondoriozko disfoniak sendatzeko baliatu liteke irrintzia. Horrez gainera, ahotsa lan tresna gisa erabiltzen dutenek ere baliatu ditzakete irrintziaren teknika batzuk. "Emisio oso agudoak eta bolumen handikoak egiterakoan, errazagoa da patologia sortzea, baina irrintzilariek, oro har, ez dute ahots patologikorik, eta ez dute ahotsa mintzen", azaldu du doktoreak.

Bihar, Bizigiro sailean, irrintziaren ikerketari buruzko xehetasunak argitaratuko ditu BERRIA egunkariak. Martinezen azalpenekin batera, irakurgai izanen dira Secundino Fernandez Nafarroako Unibertsitatea Klinikako Otorrinolaringologia espezialista eta tesiaren zuzendariarenak. Gainera, Karmele Galartza eta Nekane Akerregi irrintzilarien testigantza ere jasoko du erreportajeak.

Bestelako gaiak

Zinema orrian, Borja de la Vega zinemagilearen estreinako lana izanen da hizpide: Mia y Moi. Bi anai-arrebaren bizitzari eta sentimenduei buruz mintzo da filma, eta familiari buruzko hausnarketa bat eskaintzen du. Ricardo Gomez eta Bruna Cusi dira protagonistak, eta Raquel Espada, Joe Manjon eta Eneko Sagardoi aktoreak ere agertzen dira.

Telesailen atalean, DAU ikus-entzunezko proiektuaren berri emanen du biharko BERRIAk. DAU proiektuak hamabost zati ditu, eta, oraingoz, horietako bi estreinatu ditu Filminek. Ilya Khrzhanovski zuzendari errusiarrak zinemagintzaren historiako esperimenturik ausartenetako bat jarri zuen martxan duela hamabi urte: fikziozko institutu bat sortu zuen Ukrainako bihotzean, milaka pertsonako lantaldea osatu, eta bertan bizitzera behartu zituen, gizarte komunista baten erreplika praktiko bat filmatzeko.

Gastronomiaren tartean, Iruñeko Txantrea auzoan dagoen Miravalles gozotegi tradizionalari buruzko erreportajea argitaratuko da. Belaunaldi berriekin batera, errezeta berriak ailegatu dira hara: jatorri begetaleko gozoak ere egiten dituzte orain. Mikel Aingeru eta Arantza Arpon gozogileek azaldu dituzte beren lanaren nondik norakoak.

Azkenik, Museoen Egunaren xehetasunen berri emanen ditu Bizigiro sailak. Asteartean izanen da, eta Euskal Herriko museo nagusien eskaintzaren berri emanen du biharko egunkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.