Komunikazioa

Irtenbide zaileko gatazka

Karlos Zurutuza, Mikel Aiestaran eta Andoni Lubaki kazetariek Siriako gerrako hiru alderdien ikuspuntua herrialdetik bertatik landu dute. Siriari buruzko mahai inguru bat egin dute.

Andoni Lubaki, Karlos Zurutuza eta Mikel Aiestaran, mahai ingurua hasi aurretik. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2013ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Zuri-beltzeko irakurketak ez du balio Siriako gerra ulertzeko. Gatazkarik korapilatsuena da, eta irtenbide zaila du», azaldu du Karlos Zurutuza kazetariak. Mikel Aiestaran eta Andoni Lubaki gerrako berriemaileek bezala, Siriako gerrako triskantzak bertatik bertara bizi ditu. Donostiako udal liburutegira bildu ziren hiru gerra kazetariak herenegun; Ekialde Hurbileko herrialdeari buruzko ikuspegia azaldu, eta kazetari gisa bizi izandako esperientziak kontatu zituzten.

Bi urte dira gobernuaren aurkako protestak piztu zirela, eta gatazka gaiztotu eta korapilatu egin da ordutik. Herrialdearen egoerari buruzko ikuspegi zabala eskaini zuten hiru berriemaileek; gatazkak hiru alderdi nagusi ditu, eta bakoitzak horietako batean lan egin du.

Karlos Zurutuza BERRIAko kolaboratzailea Siriaren menpeko Kurdistanen sartu zen gatazka piztu orduko. Urteetan jazarridiete kurduei Sirian; oinarrizko eskubideak ukatu eta erroldatik kendu zituen gobernuak. Arabiar matxinoek eta erregimenak ez bezala, kanpoko laguntzarik ez duen alderdi bakarra dela nabarmendu du Zurutuzak. «Kurduek Siria ez dute hautsi nahi, beren hizkuntza eta kultura eskubideak eskuratu baizik».

Betalde, Mikel Aiestaran da Damaskon sartzea lortu duten kazetari bakanetako bat, Al-Assaden aldekoen testigantzak biltzea lortu duten gutxietako bat. Alde handia nabari du hiriburua bisitatu zuen lehen eta azken aldiaren artean. «Hasieran, horren gaizki ez zegoen, baina funtzionamendua gaiztotuz joan da. Gerra hiriko atarian dago orain».

Nola egiaztatu?

Andoni Lubaki kazetari eta argazkilariak Alepo matxinoen gotorlekutik lan egin du. Gerrako beste alderdietan ez bezala, matxinoen antolakuntza anabasa dela dio. «Norekin hitz egin behar dut?». Horra askotan bere buruari egindako galdera. Alepon bakarrik 27 talde zenbatu ditu; bakoitzak estatu eredu bat defendatzen du.

Gerra egoeran, kazetarien lanbaldintzak kaskarrak dira oso. Segurtasun neurri zorrotzak hartu, eta, gainera, tentu handiz erabili behar dute iristen zaien informazioa, askotan kutsatuta baitago. Aiestaranek, arau gisa, ez du inoiz sinesten gobernutik helarazten dioten informazioa. «Neure begiekin ikusten ez dudana ezin dut eman. Balioa duten bakarra testigantzak dira; herri kazetaritza egin behar da».

Lubaki urretxuarraren arabera, kazetaria askotan ataka larrian egoten da gertaeren aurrean. «Zaila da egiaztatzen. Galdera zehatzak egin behar zaizkie pertsona zehatzei, baina arriskutsua da». Matxinoek hamabi orduz bahituta eduki zuten.

«Gehiegi eskatzen zaigu». Hedabide batzuetako arduradunen jokabidea ulergaitza zaio Zurutuzari. Kurdistanen egonda, hiriburuan jarritako bonba- auto baten leherketari buruz idazteko eskatu izan diote. «Herrialdean egoteak ez du esan nahi dena dakigunik. Etxean gauza gehiago jakingo nituzke, Kurdistanen bertan Internet gabe baino. Sinadura bat bakarrik nahi dute».

Informazio kontrajarriak daudenean, baliagarriak zaizkie oso sare sozialak. Fronteko argazkiak eta albisteak sare sozialetan jartzen dituzte, eta ezinbesteko iturri dira kazetarientzat. «Halere, desinformazio handia dago, eta kontuz ibili behar da», azaldu du Lubakik.

Gerrako berriemaileen aburuz, gatazkaren beraren jarraipena baino, garrantzitsuagoa da ondorengo egoerarena egitea. Tamalez, baina, askotan hedabideak agendaren menpe bizi dira. «Nazkagarria» egiten zaio Aiestarani gerra, baina, batez ere telebistarako, «ikusgarritasun» handia duela aitortu du. «Bere garaian etengabe sartzen zizkiguten gerra irudiak. Nor oroitzen da orain Irakez, Libiaz edo Afganistanez?».

Aiestaranekin bat dator Zurutuza, baina oraindik Euskal Herrian hedabide zintzoak badaudela uste du. Gatazken ondorengo egoerari buruzko lan ugari argitaratu ditu Zurutuzak. «Niri orain arte inork ez dit lanik ukatu».

Libiako gatazkak gerra kazetaritzan «inflexio puntu» bat ekarri zuela uste du Zurutuzak. «Oso erraza eta merkea zen matxinoekin lan egitea». Ondorioz, eskarmentu handirik gabeko kazetari multzo berria sortu zen, «segurtasun neurriak betetzen ez zituztenak». Siriako egoera oso bestelakoa da, eta Al-Assaden jomuga bihurtu dira berriemaileak. «Kazetaritza bukatu berri duten eta inoiz bidaiatu ez duten kazetariak daude», gaineratu du Lubakik.

Irtenbide zaila ikusten diote hirurek gatazkari, atzerriko potentzien eragina nabarmenegia baita. «Biktima nagusiak siriarrak dira. Baina irtenbidea nazioartean dago», dio Aiestaranek. Gerra aurretik ezagutzen zuen herrialdea berriemaileak: «Historia eta kultura aldetik zeharo aberatsa da. Bidaiari modura, Siria luzerako galdu dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.