Irudiak hitz bihurtuta

Japonieraz idazteko erabiltzen diren ideogramak biltzen dituen liburua plazaratu berri du Jon Goikolea arrasatearrak, «Euskal Herriak eta Japoniak elkar ulertzeko asmoz».

2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kilometro asko egin behar dira Japoniara iristeko Euskal Herritik. Izango dira euskaldunak bertan bizitzen, baina ezin esan munduko beste zenbait herrialderekin daukagun harremana daukagunik hango kultura eta herritarrekin. Jon Goikoleak (Arrasate, 1959) ederki ezagutzen ditu Japoniako kultura eta hango herritarrak. Japonierako itzultzailea eta Goihata itzulpen enpresako arduraduna da.

Oraintsu Japoniar ideogramak liburua argitaratu du, eta atzo arratsaldean Arrasaten plazaratu zuen. Japoniarrek erabiltzen dituzten ideogramak ulertu eta ikasteko balio du, eta, haren esanetan, «Euskal Herriak eta Japoniak elkar ulertzeko, elkar hurbiltzeko... Gure kulturaz harro senti gintezke, baina, aldi berean, haiengandik asko daukagula ikasteko pentsatzen dut».

Egilea duela 26 urte hasi zen japoniera aztertzen eta ikasten. Izan ere, Australian bost urte igaro ondoren, Japoniara joateko erabakia hartu zuen, eta han, bederatzi urte pasatu zituen. Jos R. Roo abade flandriarra izan zuen irakasle. Haren esanetan, «oso zorte ona» izan zuen irakaslearekin. «Bere metodoa asmatu zuen ideogramak ikasteko. Ideogramen jatorria ezagutu behar zela zioen berauek hobeto ulertzeko. Horretarako, taula bat asmatu zuen, eta nik hori erabili dut nire libururako». Ideogramak oinarrian zein marrazkitatik datozen azaltzen du taulak, baita ideogramara iristeko izandako eboluzioa ere.

Misiolaria zen Roo, eta, kristautasuna Japonian zabaltzeko hango hizkuntza eta idazkera jakitea behar-beharrezkoak zituela konturatuta, hori guztia asmatu zuen. «Handik pasatzen ginen atzerritar guztioi bere metodoarekin erakusten zigun». Euskararen inguruko interes handia zeukala dio itzultzaileak; «askotan galdetzen zidan japonierak eta euskarak zeuzkaten antzekotasunen inguruan».

Euskararen eta japonieraren artean antzekotasunik izan al litekeen galdetuta, berdintasun gutxi dituztela erantzuten du Goikoleak. «Badaude antzekoak diren hitz batzuk, baina oso ezberdinak dira bi hizkuntzak oro har. Da aditz laguntzaileak, adibidez, gauza berbera esan nahi du bi hizkuntzetan, eta japonierazko tori hitzak txori esan nahi du».Gramatikalki ere antzekotasunak badituzte; izan ere, aditza esaldiaren amaieran jartzen dela dio. Bestalde, «euskaldunentzat japoniera ahoskatzea oso erraza da, nahiz eta horrek ez duen esan nahi antzekotasun nabarmena dutenik bi hizkuntzek».

Japoniarrek ideogramak Txinatik hartu zituzten, «bosgarren edo seigarren mendean», Goikolearen esanetan. «Txinerarentzat nahikoak dira ideograma horiek, baina, hain hizkuntza ezberdinak direnez, japonierarentzat ez dira nahikoak». Orduan, idazkera osatzeko beste bi mota ere asmatu zituzten: Hiragana eta katakana. Hiragana Japoniako hitzak idazteko erabiltzen duten sistema da, eta katakana, berriz, atzerritik datozen hitzak idazteko. Ez direla ideograma asko dio; bakoitzak 45 inguru ditu; «hamar bat egunean ikasteko modukoak dira horiek». Beste guztiek, hau da, Txinako ideogramek, kanyi izena dute, eta horiek 6.000 inguru dira. Mota horietakoak sartu ditu bere liburuan Goikoleak, baina ez guztiak, gehien erabiltzen direnak baizik; 2.000 pasa, alegia.

Txinan, 60ko hamarkadan, iraultza kulturalarekin ideogramak sinplifikatu zituztela dio arrasatearrak. Japonian, modu tradizionalean jarraitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.