Ezarian. Tolosako Inauteriak

Irudimenaren festa erraldoia

Bihar hasiko dira Tolosako inauteriak, ostegun gizena ospatuz. Urte osoko kezkak, arazoak eta buruko minak alde batera utzi, eta kaleak musikaz, mozorroz eta txantxaz beteko dira.

Joxi Ubeda Goikoetxea.
Tolosa
2014ko otsailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Inauterien hasiera iragartzeko suziria bihar eguerdian botako dute Tolosako Plaza Zaharrean (Gipuzkoa), eta urtero bezala, plaza jendez gainezka egongo da. Aurten ere, inauterien txupinazoaren unean Tolosako Plaza Zaharrera joaterik ez dutenek, han baleude bezala bizitzeko aukera izango dute, zuzenean, BERRIA egunkariaren webgunean (www.berria.info), Ataria komunikabidearen webgunean (www.ataria.info) eta Tolosako Udalaren webgunean (www.tolosakoudala.net).

Txupinazoa keinu hizkuntzan ere zabalduko da. Ekitaldi horretan gertatzen den eta esaten ari diren guztiaz gorrak ohar daitezen, pertsona bat egongo da udaletxearen Batzar Aretoko balkoian itzulpenak egiteko.

Karrozak eta konpartsak igandean, astelehenean eta asteartean irtengo dira, 11:00etan. Aurten, guztira, 150 karroza eta konpartsa izango dira, iaz baino gehiago. Aurten ere, lehiaketako epaimahaiak euskara eta berdintasun irizpideak kontuan izango ditu. Halaber, aurten sei aisialdi taldeko 1.300 neska-mutil astelehen goizean irtengo dira kalera.

Txosna batzordeak bere festa gunea Euskal Herria plazan atondu du, eta egunero herriko nahiz kanpoko musika taldeen emanaldiak izango dira. Besteak beste, 3gabe2, Zigor DZ, Humus, Dolce Tangana, Skakeitan, The Travelling Band, Skasti eta Bad Sound System ariko dira.

Zezen plazako ikuskizunetan zenbait aldaketa egin dira. Batetik, aurreko urteetan bezala, herritarrek txarangarekin batera zezen plazara sartzeko aukera izango dute. Bestetik, plazaren edukierak dituen mugak zaintzeko, plazara sartzen den jende kopurua zenbatzeko kontrol sistema bat jarriko du udalak.

Zezen plazako ikuskizunetarako sarrerak aurretik erosi behar dira: Internet bidez, www.bibe.me webgunean, edo Leidor aretoko leihatilan.

Aurten sarrerak iaz baino euro bat gehiago balio du. Horrenbestez, ohiko sarreren prezioa hiru eurokoa izango da, eta 16 urtez azpikoena, bi eurokoa. Euro gehigarri hori Oier Iribarren Sanfilipporen gaitza duen haurrari laguntzeko erabiliko da. Gainera, biltzen den diru kopuruaren beste horrenbeste Tolosako Udalak jarriko du Oier Iribarreni emateko.

Asteartitan, aurten sardinari ez zaio lur emango, erre egingo da. Gure Txokoa elkarteak antolatuta, inauteriei hurrengo urtera arte esaten zaien ekitaldian aldaketak izango dira. Hala, Gernikako Arbola inguruan lur eman ordez, elkartearen aurrealdean erreko dute sardina.

Bi pieza berri

Inauterietako protagonista nagusietako bat musika da. Txarangei esker, hiriko kaleetan egun guztian entzuten baitira inauterietako doinuak: Artillero, Pello ziri-ziri, Iriyarena, Pintxana, Baratzako pikuak, Isabelita, Galtzaundi eta beste hainbat pieza.

Aurten, herriko txarangek bi pieza berri joko dituzte. Batetik, Ortzadar elkarteari bere 75. urteurrenagatik Joseba Aparizio oriotarrak egindakoa. Bestetik, Kabi Alai elkarteko kide Txomin Castro zenari Incansables txarangako Joakin Ortegak egindakoa.

Halaber, azken lau urteetan egin bezala, Kabi Alai elkarteak Inauterizale Kuttuna hautatu du. Aurten bi dira: Juan Ortega eta Josetxo Guiu. 37 urtean bikote horrek irudimenak mugarik ez duela erakutsi izan baitu.

Inauteriak araurik gabeko festak direla esan arren, arau nagusi bat badago, eta hori errespetua da. Hondakin gehiegi sortzen zirela-eta iaz martxan jarri zuen sentsibilizazio kanpainari eutsi dio udalak: inauterietan ere, birziklatu, berrerabili eta zaborra gutxitu. Jaietan ere denon lana da herria garbi mantentzea. Horregatik… zaindu inauteria!

Udalak zarata gutxitzeko ere eskatu du. Karroza eta konpartsek txarangekiko izan beharreko errespetua eta festaren harmonia mantentzeko beharraz ohartarazteko, bideo bat egin du udalak, eta sare sozialen bitartez zabaldu. Hauxe da lotura: http://www.youtube.com/watch?v=1IQClv1vLaQ.

Inauteriak euskaraz bizitzeko deia egin du Tolosako Udalak, erabilera gero eta handiagoa izan dadin. Karrozen eta konpartsen saioetan, herritarrek antolatuko dituzten ikuskizunetan, ahoz esan beharrekoetan, musikan eta inauterietako giroan, oro har.

Halaber, herritarren arteko begirunea eta jai parekideak sustatu nahi ditu udalak, honako mezu hau zabalduz: Inauterietan joka sano! Ondo pasa, pasa gabe!

Zerbitzuak

Tolosako Udalak garraio publikoen erabilera sustatu nahi du. Egunotan lagun ugari Tolosara joango direla kontuan izanik, egun horietan tren zerbitzua handitzea erabaki du Renfek: 75 tren berezi jarriko ditu Tolosara joateko,37.000 plaza gehiago.

Autoz etorriko direnentzat, aparkaleku publikoak Usabal kiroldegian, Usabal industrialdean, San Esteban auzoan eta inguruko industrialdean egongo dira, eta aparkaleku pribatuak, berriz, Alondegian, Lapurdi plazan eta Asuncion klinikan.

Aurten ere, tolosarrentzat nahiz kanpotik datozenentzat, jantoki bat egokituko da Zerkausian. Udalak 800 lagunentzako mahaiak eta aulkiak jarriko ditu, eta herritarrek beren otorduak egiteko erabili ahal izango dituzte. Jatekoa egina ekar daiteke, bertan prestatu ahal izango da, edo Zerkausian egongo den enpresak eskainitakoa erosi. Enpresa horrek zerbitzua igandean, astelehenean eta asteartean bazkaltzeko eskainiko du.

Azkenik, herri sagardotegi bat ere egongo da, Lapurdi plazan. Egunero afariak emango dituzte, eta igandean, bazkariak ere bai.

Informazio gehiago, Tolosako Udalaren webgunean: www.tolosakoudala.net.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.