Irune Lasak 2020ko azaroaren 8an idatzitako Gurinezko mendien Europa hura artikulua saritu du kontseiluak; lan horretan, Nekazaritza Politika Bateratuak Europako Batasunean izan duen garrantzia landu du kazetariak.
Prentsa idatziaren modalitatean saritu dute Lasa. Eurobasquek adierazi duenez, artikulu horrek Europa nekazaritza sektorean integratzearen garrantzia lantzen du, eta azpimarra egiten du Batasunak Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma dela-eta duen erronkan. Epaimahaiak nabarmendu du gaia estrategikoa dela Euskal Herriko lehen sektorearentzat.
Lasak, saria jaso berritan, zera adierazi du: «BERRIAn Europako gaiekin egiten dugun lana saritu dute. Ez dugu beti asmatuko. Eta egia da herritar askori urrun gelditzen zaizkiola gai horiek, baina, jakinda zer eragiten duten, saiatzen gara herritarrak ahalik eta ondoena informatzen». BERRIAko kazetariak aitortu du gizartean ezagutza falta dagoela Europaren inguruan. «Egitateak eta ideiak kontu konplexuak dira. Konplexutasun hori irakurgarri egitea da gure helburua». Gogoratu du erreportaje batzuk egiten ari zela Europako Batasunaren urteurrenaren harira, eta elkarrizketatu batek erantzun ziola ezer onik ez ziola ikusten Europako Batasunari. «Baina, hala eta guztiz ere, Europako proiektuan ikusten zuen bere burua». Europaren Eguna izan zen atzo, eta data horren bueltan egiten dute ekitaldia.
Esker hitz sentituak egin ditu Lasak: aita zenarentzat —«langile xumea izan zen, gazte hildakoa, eta gaur harro egongo zen»—; amarentzat —«makina bat lan egindakoa»; eta Edorta bikotekidearentzat —«sostengu eta akuilu delako»—. Hitz sentituak egin zituen Lasak euskarazko prentsan lanean ari diren kazetari guztientzat ere. «Euskaraz ari direnentzat, lanbide hau malkarragoa da. Eta saria eskaini nahi diet prentsan euskaraz lan egiten duten kazetari xume guztiei».
EHUko Leioako campusean (Bizkaia) egin zituen Lasak kazetaritza ikasketak. Euskaldunon Egunkaria-n aritu zen kazetari, eta, gero, 2003. urtetik hona, BERRIAn aritu da. Ekonomia sailean egiten du lan.