Albistea entzun

Nekazaritza. Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma

Gurinezko mendien Europa hura

Eskasiatik gehiegizko oparotasunera, produktibismotik laguntza zuzenetara, eta orain trantsizio ekologikora. Haren ibilbide gorabeheratsuan, Nekazaritza Politika Bateratuak sekulako garrantzia izan du Batasunean, baina pisua galduz joan da.
<b>Nekazarien protestak. </b> 2009an kuoten kalkuluan huts egin zuen Bruselak. Esnea sobera, prezioak amildu ziren. Irudian, nekazariak esnea soroetan jaurtitzen, Belgikan.
Nekazarien protestak. 2009an kuoten kalkuluan huts egin zuen Bruselak. Esnea sobera, prezioak amildu ziren. Irudian, nekazariak esnea soroetan jaurtitzen, Belgikan. OLIVIER HOSLET / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa -

2020ko azaroak 8

Janari eskasia eta errazionamendu liburuxkak ez ziren berehalakoan desagertu II. Mundu Gerra amaitu ostean. Bakea, berreraikitzea, garapena, eta bai, jatekoa ere behar zituen Europak 1950eko urteetan. Horien bila, sei herrialde —Alemaniako Errepublika Federala, Frantzia, Herbehereak, Luxenburgo, Belgika eta Italia— Europako Batasunaren kimua izango ziren erakundeak eratzen hasi ziren.

Europako Ekonomia Erkidegoa altzairuaren eta ikatzaren inguruan jaio zen, batez ere Alemaniaren eraginez, 1957ko Erromako Itunaren bitartez. Nekazaritzari dagokionez, janari ekoizpena handitzea zen helburu nagusia. Ekoizpena handitzea, nekazarien bizi maila ziurtatzea, merkatuak egonkortzea eta herritarrei iritsiko zitzaizkien elikagaien hornikuntza ziurtatzea. Kontua zen nola egin hori. Azkenean, negoziazio askoren ostean, eta Frantziaren lehentasunak hobetsita, ikuspegi produktibista eta interbentzionista horrekin sortu zen, 1962. urtean, Nekazaritza Politika Bateratua (NPB).

EKOIZPENAREN UNEA

Elkartetik kanpoko ekoizpenetik babestutako merkatu bakarrarekin eta bermatutako prezioekin joan ziren ia bi hamarkada. Nekazariek Bruselaren ildoa jarraitu zuten, ekoitzi eta ekoitzi. Aleak, esnea, gurina... Eskasiatik soberakinetara pasatu zen EEEko nekazaritza. 1970eko urteetan esnezko lakuak eta gurinezko mendiak deitutakoak sortu ziren, ekoizpenaren zati batek ez zuelako nora joan; hazkundeak aise gainditzen zuen kontsumoaren igoera.

Baina distortsioa gero eta handiagoa zen, baita merkatu bakarretik kanpo eragiten zuena ere, beste ondasunen merkataritza aukerei kalte egiteraino. Gainera, NPBk batasuneko aurrekontuaren zati handiena hartzen zuen, soberakinen kostuengatik. Biltegiratzeak lagundu behar ziren, soberakinen erosketa publikoak... 1985. urtean, hamar herrialdeko EEEren gastuaren %74 hartzen zuen NPBk.

Ekoizpen soberakinen arazoari irtenbide bat eman nahian, 1984an esne kuotak ezartzen hasi ziren. Bost urterako pentsatutako politika, aldiro berriztatuz joan zen, eta kuotek 30 urte iraun zuten, 2015. urtera arte.

NEKAZARIEN TXANDA

Erreforma bat beharrezkoa zen, eta 1992an iritsi zen NPBren lehen aldaketa handia, McSharry erreformarekin. Politika bateratuaren asmoa zen produkzioa eta merkatua laguntzeaz gain nekazariak ere laguntzea. Trantsizio moduko bat aurreikusi zen, eta produkziorako laguntzak erabat ezabatu gabe, ekoizlea bera laguntzea hobetsi zen. Murrizketekin eta prezioen erorketarekin kaltetutako nekazarien errenta osatzeko ordainketa zuzenak abiatu ziren, hektareako eta abelburuko.

1999an, Agenda 2000 deitutako erreformarekin, prezio bermatuak murrizten jarraitu zuen Europak, eta nekazarientzako laguntza zuzenak orokortu egin ziren. Orduko hartan erabaki ziren ingurumenari lotutako lehen baldintzak ere. Eta landa garapenaren zutabea sortu zen. Aldaketa horren haritik etorriko zen NPBren bigarren erreforma handia.

ESKUBIDEAK

2003an eten zuen EBk ekoizleentzako laguntzen eta ekoizpenaren arteko lotura. Nekazariak zuzenean laguntzeko sistema berria ezarri zen Ordainketa Bakarrarekin, zeinak laguntza eskubideen bidez adjudikatzen diren. Eskubide horiek erreferentzia epe jakin batean nekazariak jasotako laguntzen arabera kalkulatu ziren, eta hortik aurrera egindako ekoizpenak ez zuen inolako eraginik ordainketan. Herrialde askotan, eskubide horiek nekazari erretiratuen pentsio osagarri bilakatu dira.

BALDINTZA BERRIAK

2013. urtekoa da nekazaritza politika bateratuko azken erreforma handia. Asmo onez beteta etorri zen: nekazari aktiboak laguntzea zen lehentasuna, nekazaritza jasangarria eta lehiakorra lortu nahi zuen NPBk, eta landa garapena sustatu. Ustiategientzako ordainketa bakarra beste sistema batekin ordeztu zen. Orain, oinarrizko ordainketa bat dago —eskubide historikoei lotua—, eta gero beste ordainketa osagarriak daude: nekazari gazteentzako, ekoizle berrientzako, ekoizle txikientzako, ingurumenerako ...

Hain zuzen, ingurumena eta jasangarritasuna dira oraindik ere kontinenteko nekazaritzak dituen bi erronka handienetakoak. Erreforma berriak, hain zuzen, baldintza berde zorrotzagoak jarriko dizkie nekazariei, laguntzarik jaso nahi badute. Eta nekazari guztiak ez daude ados.

Baina ez da berria; aspaldian gutxi ikusi badira ere, garai batean ohikoak ziren Europako nekazariek egindako protesta ikusgarri eta jendetsuak. Nekazariak eragile garrantzitsuak ziren Batasuneko politiketan. Baina sektorea pisua galduz joan da urtetik urtera Europako Batasunaren barne produktu gordinean, eragiteko guneetan, baita batasunaren beraren aurrekontuan ere. Gurinezko mendien garaian EBko diruen ia bi heren nekazaritzak hartzen bazituen, gaur egun aurrekontuaren %30 inguru hartzen du NPBk.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Grebalariak Louvre museoaren aurrealdean, gaur. ©CHRISTOPHE PETIT TESSON / efe

Elkarrizketara deituta gainditu nahi du Macronek bere bakardadea

Iker Aranburu

Sindikatuek erretretaren erreformaren aurkako hamargarren protesta egunera deitu dute gaurko.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Denbora asko igarotzen dugu bezeroari egia esaten»

Iker Aranburu

Inbertsio funtsetara bideratzen den aurrezkiaren kuota bikoiztu du azken hamar urteetan Kutxabankek. Oruetaren arabera, epe luzera begiratzea eta bezeroari «kea ez saltzea» dira arrakastaren bi gakoak.
Laborategi berriaren inaugurazioa. ©

Sorgailu eolikoen ahalmen elektrikoa optimizatzeko laborategia jarri du martxan Mondragon Unibertsitateak

Iñaut Matauko Rada

Erabiliko dituzten teknologiek haize erroten turbinen energia ekoizpena %5 hobetuko dutela iragarri dute.

Higiezinen enpresa baten erakusleihoa, Donostian. ©Juan Carlos Ruiz / EFE

Urtarrilean %11,8 hipoteka gehiago sinatu dira

Maddi Iztueta Olano

Hego Euskal Herrian etxebizitza erosteko 2.287 hipoteka sinatu dira urtarrilean, 2022an baino 243 gehiago.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...